Kritika dezakegu makrofestibaletan jotzen duen musikaria?

Gorka Peñagarikano
0
Donostiako Teila Fabrikan eginiko solasaldia, Balio Dute kolektiboak antolatuta, Nando Cruz eta Jon Urzelairekin. (Argazkia: ARGIA CC BY SA)

Jon Urzelaik eta Nando Cruzek makrojaialdi musikalen fenomenoari buruzko liburu bana kaleratu dute aurten. Biran ari dira Hego Euskal Herrian, hitzaldiak ematen eta publikoarekin solastatzen. Donostiako saioan egon gara. Publikotik aireratu den galdera formako hausnarketetako bat da titularrera dakarkiguna.

Artistaren ikuspegitik, makrofestibalen fenomenoak sortutako agertokia konplexua dela esan dute bi hizlariek, betiere artistak sorkuntzatik bizi nahi badu. Aretoen kopurua behera eta behera doa, irekitzen direnak baino gehiago dira pertsiana jaisten dutenak, eta are gehiago Ebrotik behera – Donostian egonik, Dabadaba aipatu da eta ezer gutxi gehiago–. Oholtza eskaintzen duten aretoetan ere, baldintzak nahiko apalak izan ohi dira. Apalegiak bizitzeak kostatzen duen prezioei eusteko. Beraz, zer egin dezake musikatik bizi nahi duen artistak? Cruz-ek esan du, “zeure burua saldu”. Makrofestibalen promotoreei atea jo. Baldintza ekonomikoak ez dira sekulakoak izango, “baina behintzat kartelean dago zeure izena”. Eszenario ikaragarri handi batera igoko zara arratsaldeko lauretan, uda betean, eguzkitako betaurrekoak jantzita, eta eskertu beharko diezu zu ikustera hurbildu diren hogei zaletuei, ze 1) bezperan parranda egingo zuten jende gehienaren modura, eta 2) astebete luzeko festibalean, eguzkipean eta bazkalondoan, gorputzak eskertuko zien deskantsatzen egotea.

Kontua da makrofestibalaren kartel horretan agertze hutsak plaza gehiago irekiko dizkiola etorkizunean. Literalki etorkizunean, esklusibotasun kontratuak gero eta ohikoagoak baitira, eta posible baita, promotoreak exijituta, hainbat hilabetetan zona jakin batean kontzerturik ematea debekatuta izatea. Hala ere, oro har esanda, ordura arte esploratu gabeko zirkuituetan sartzeak, ekonomikoki, beste ate batzuk zabal diezazkioke artistari. Gauzak horrela dira. Orduan etorri da publikoko kide batek egindako iruzkina: “Artista horiek ari dira zirkuitu haiek elikatzen, beraz, kritikatu ditzakegu, ezta?”.

[Komentario hori entzundakoan oroitu naiz Ibai Osinagak elkarrizketa honetan esandakoaz: “Last Tour-ek hartzen duen zirkuitu guztiarekin, hemen, Iruñean, ez dugu hainbeste sentitzen hori dela zirkuitu bat eta gurea bestea. Ikusten ari naiz, baina, hemengo talde asko ari direla harantz egiten. Han jotzeak, aldiz, ekar dezake talde horrek Jarauta kaleko Aintzina tabernan ez jotzea. (…) BBK Live-tik deitzen bagaituzte, eta joaten bazara, legitimatzen ari zara egiten dutena”.]

Urzelaik erantzun dio kideak eginiko komentarioari, esanez ez dela nor sentitzen bera (Urzelai) inori esateko nola jokatu behar duen eta nola ez. Baina buruarekin baietz, fondoan ados dagoela. Eta galdera bota duenak hartu du hitza: “Gero, gu gara festibalilloak antolatzen ditugunak”.

Eta zer da makrofestibal askok oinarri-oinarrian dutena? Kapitalismoaren adierazpen gorena bilakatu direla. Kontsumo masiboa sustatzen dute, merkatua maneiatu, espekulatu, langileak prekarizatu, esplotatu eta zaletuei iruzur egiten diete, baita haien osasuna kaltetu ere. Eta bandera berdea jartzen ahalegintzen badira ere, horren kontrako adibiderik bistakoena ere badira. Eta enpresek antolatzen dituzte, erakunde publikoek finantzatuta, eta kasu askotan inbertsio funtsak daude atzean.

[ARGIAren 2835. alean, erreportaje zabal honetan ahalegindu ginen xehatzen makrofestibalen fenomenoa].

Nor dago inbertsio funtsen atzean?

Aztertzekoa da jaialdiaren bultzatzaileen, promotoreen, alderdi politikoen eta erakunde publikoen arteko engranajea. Resurrection bera, hain ezaguna dena metal eta punk zaletuetan, Superstruck funts putre estatubatuarraren eskuetan erori da. Arenal Sound, Viña Rock, FIB, Sónar (izen beraren pean, nazioarteko bederatzi hiritan egiten dira edizioak) edota Tsunami Xixón festibalak ere putre espekulatzaile berak kudeatzen ditu. Espainiako Estatuko 50 makrofestibal baino gehiago daude, dagoeneko, hamar inbertsio funts berberen menpe.

Resurrection Fest, Arenal Sound, Viña Rock, FIB, Sónar, Tsunami Xixón… Superstruck deituriko funts putre estatubatuarraren eskuetan daude

Diru laguntza publikoei esker bizi dira jaialdiok, eta albistea izan zen udan, Xixóneko festibala antolatzeko, bertako udal gobernuan agintzen duen Vox alderdi ultraeskuindarrarekin batzartu zirela jaialdiaren antolatzaileak. Nando Cruz kazetariak Macrofestivales. El agujero negro de la música (Makrofestibalak. Musikaren zulo beltza) liburuan esaten duenez, Espainiako Estatuko makrofestibal ezagunek haien aurrekontuaren %10 inguru, gutxienez, erakunde publikoek finantzatzen dute –BBK Liveren kasuan %15-20 da, milioi t’erdi euro inguru–.

Tsunami Xixónen arduradunak Vox-en egoitzan, Astuariasen, makrofestibala antolatzeko finantzazio bila egindako bilera batean.

BBK Live jaialdi entzutetsua Last Tour enpresak kudeatzen du. Momentuz, ezagutzen denaren arabera, Last Tour enpresaren atzean ez dago inbertsio funtsik. BBK Live-z gain, Last Tour-ek antolatzen ditu Hego Euskal Herriko jaialdi entzutetsuak: Azkena Rock, Donostia Festibala, Klorama, BIME eta Santaspascuas, besteren artean. Oso kontuan hartu beharreko agentea da, aipatutako jaialdiez gain, Bilboko La Merced eta BilboRock kudeatzen ditu, Crystal aretoa ireki berri du eta horri loturiko jatetxea ere bai, eta editorial bat eta disko zigilu bat ere badauka.

Musika, turismotik ulertuta

Urzelaik soziologia eta politika ikuspegitik erreparatu die gehiago makrofestibalei, fenomeno kulturaletik baino –Su festak. Euskal musika jaialdiak XXI. mendean liburua kaleratu du, Susarekin–. Ikuspuntu azertatua da Euskal Herriko (bereziki Euskal Erdiko) turismo eta kulturaren arteko zehar lerroei erreparatzeko. Azken hamarkadan sustatu –aditz ezin hobea eta ezin gehiago erabilia aspektu honetan– den Basque markaren pean kokatzen dira hainbat gertaera, “formula folklorikoak”, azken BBK Liven ondo baino hobeto esplotatu direnak: harri-jasotzaileen figurak, pilotariak, eta festibalari hasiera emateko, aizkolari bat auto bat erditik txikitzen. Folklorismoa turismoa erakartzeko, eta musika osagarria baino ez da.

Aizkolari batek auto bat erditik hautsi zuen; ikuskizun horrekin eman zioten hasiera BBK Live jaialdiari. (BBK Live)

Adierazgarria iruditu zait Cruzek egindako portzentaje estimazio bat: Espainiako Estatuko makrofestibaletara joaten direnen %15a “melomanoa” da; %60 giriak dira; eta gainontzeko laurdena pack experience zalea. Azken taldetxoa ez da musika zalea, baina konbentzitu ohi zaie oporraldi moduan joateko festibalera, besteak beste, banka entitate bateko bezeroak direlako eta merkeago eskuratu dituztelako sarrerak, edo BBK Liven kasuan, Sanferminen daten bueltan antolatzen delako festibala eta Iruñera joateko aitzakia izateko –Bizkaiko erakundeen partetik aitortua da propio egiten dela data horietan–, edota BBK Live-ra joateko bonuaren barnean surf ikastaroa ere sartzen delako inguruko hondartza batean. Alegia, musika, beste behin ere, beste maila batean geratzen dela.

Basamortu musikalak

Benicàssim herria ez da 20.000 biztanlera heltzen neguan; udan, 100.000ra iristen da. FIB festibala antolatzen denean, ordea, uztailaren erdialdera, 200.000 bisitari hartzen ditu –festibalak emandako datuen arabera; beste kontu bat ere hori da, zifrak puztu egiten direla–.

Herri horri begira jarri gaitu Cruzek, Espainiako Estatuko makrofestibalen mugarrietako bat hor dagoelako. 1995. urtean egin zen FIBen lehenbiziko edizioa. Cruzek kontatu duenez, hasieran udalak “zalantza serioak” zituen makrojaialdiaren ereduarekin –“ea indie gazte horiek herria txikitu behar diguten”–. Baina ikusi zuten bankuen kutxatilei sekulako astindua ematen ari zela jendea, dirua gastatu eta gastatu, eta herriko ostatuak eta jatetxeak bete-beteta egon zirela. A zer nolako diru iturria.

Ordutik, FIBez agin, beste bi makrofestibal egiten dira gutxienez, urtero, Benicàssim herrian. Horra hor herria zertan geratu den: zuzeneko musika eskaintzen duen taberna bakarra dago eta gero eta oztopo gehiago jartzen dizkio udalak.

Basamortu bihurtu diren herriez gain, parte hartzaileen antsietateaz, festibalen osteko depresioaz, finantzazio ereduaz, erakunde publikoen laguntzez, zaborraz edota turismoaz hitz egiten du Nando Cruz kazetariak Macrofestivales. El agujero negro de la música (Makrofestibalak. Musikaren zulo beltza) liburuan. Hemen irakur dezakezue Directak eginiko elkarrizketa, euskaratuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA