Begi bat industrian, bestea baratzean
Jaten duguna garela esan ohi da. Jaten duguna nola lortzen dugun ere garenari buruz asko adierazten duela esango nuke nik. Baita kontsumitzen dugunaz dakigunak ere. Arrautzak supermerkatutik datozela uste duten haurrak dituen gizarteak lotura galdu du bere jatorriarekin, bere ezaugarririk esanguratsuenarekin.
Gure elikaduraren oinarriaren kontrolak (nekazaritza eta abeltzaintzaren garapena, alegia) aldaketa sakona suposatu zuen gizakiaren bizimoduan eta zibilizazioen abiapuntua izan zen. Gaur egun, ordea, zer dakigu honi buruz?
Zalantzarik ez dago inoiz baino garrantzi handiagoa ari direla hartzen elikagaien eta hauekin zerikusia duten gaiek. Ia egunero datozkigu telebistako pantailetara eta egunkarietako orrialdeetara FAOren gomendioak eta informeak, aizundutako elikagaien albisteak… Ikusle hutsak izanik, erraz asaldatzen gara hauekin.
Blog hau informazio guzti horiek iragazteko eztabaida gunea izatea da nire asmoa. Inplikazio legalak elikagaien segurtasunetik bereizteko eta, zergatik ez, tabuak zalantzan jartzeko gurarekin ere.
Europar Batasuneko Nekazaritzako Politika Bateratuaren (NPB) erreforma oraindik gure aurrean daukagula, lehen sektoreari eragiten dioten gaiak jorratzea izango da nire lehentasuna. Eskuineko zutabean daukazuen aurkezpenak dion moduan, “begi bat industrian eta bestea atzealdeko baratzean jarrita”. Hau da, argitalpen ofizialak ekarriko ditut esku batean, lehen sektorea sektore ekonomikoa dela ahaztu gabe.
Baina jarduera horren sustraietatik hazi da blog hau. Horregatik, nire hitzek lehen aldiz gari haziak gorde zituzten mesopotamiarren pentsamenduaren kutsua islatuko dute.
Blogaren sarrerak irakurtzen amaitu eta hozkailua irekitzen duzuen hurrengo aldian, esne botila, Lodosako piperrak edo Eusko Label zigilua ikusi beharrean, horren atzean dauden behiak, laborariak eta arauak ikustea espero dut. Azken finean, laborantza eta abeltzaintza jarduera kulturalak ere badira.
Oso blog interesgarria, Urko, zorionak. Uste dut ezinbestean jorratu beharreko gai bat mahaiganeratu duzula honetan. Bide batez, tematika honen baitan, garrantzitsua iruditzen zait korporazio multinazionalen interes ilunek baldintzaturiko elikagaien merkatu internazionalari begirada kritiko bat botatzea, beraz, proposamen gisa:
<a href="http://www.ecoosfera.com/2013/07/el-ejercito-de-monsanto-la-multinacional-contrata-a-los-mercenarios-de-blackwater/" title="El ejército de Monsanto: la multinacional contrata a los mercenarios de Blackwater: De acuerdo a documentos que recientemente salieron a la luz pública, el ejército Blackwater ahora infiltrará grupos que se opongan al gigante de los OGM.”>
Eskerrik asko zure arretagatik, Mikel. Zalantzarik gabe, komentatzen duzun gai horrek elikadura burujabetza eta biodibertsitateari erasotzen die eta ziurrenik behin baino gehiagotan agetuko da hemendik. Hala ere, eta gai batzuekin zaila bada ere, ikuspuntu guztiak behatzen saiatuko naiz. Eskerrik asko proposamenagatik ere. Oso gogo onez jasoko dut kuriositatea pizten dizueten gaien berri.