Zenbatek jarraituko zuen larunbateko manifestazioa EITBn?
Preso politikoen aldeko manifestazioa. Zenbakiak: Gara-k 37.000 eta El Pais-ek 20.000); handia zen antza, El Correo-k ere “una de las más potentes que se recuerdan” zioen atzo. Gara-k dio 37.000 pertsona eta manifestazio handietan badu fidagarritasunik. Hala balitz, legez kanpoko ezker abertzalearen balizko 100.000 botoetatik herena baino gehiago han zegoen, Euskobarometroaren azken zenbakiak eta komunikabide nagusienen interpretazioei kasu eginez gero bederen. Hala balitz, etorkizunerako atera kontuak irmotasun horretatik.
Mikel Garikoitz “Txeroki” lehena izatearen esanahia gehienok buruan ote duguna da, edo kasualitatea? Baina ez, hedabide nagusienek berriz ere desbideratu dute manifestazioaren mezua, Espainiako agintariek basatiki erabiltzen dituztela preso politikoen eskubideak helburu politikoak lortzeko. Esan liteke samur utzi dietela, baina bestela beste zerbait bilatuko zutela ere bai. Eskubide zanpaketa larriak zuzenbide estatuan eta moral arazo barik. Parot doktrina da erabilera horren paradigma. Barra-barra idatzi eta esan da guztiari buruz. Zenbat enteratu ote dira EITBri esker? Edo, beste barik, zenbat enteratu ote dira? Eta zenbatek joko du moraltzat zuzena, israeldarren gehienek Gazako inbasioa moduan?
EITB. Nik batez ere irratia kontsumitzen dut, euskarazkoa nagusiki, baina baita erdarazkoa ere. Ez zait erraza egiten zergatik tregua garaietan etakide, talde armatuko kide, erakunde armatua edo gisakoak eta bestelako garaietan sarri edo ia beti –medioaren arabera– terrorista erabiltzen duten. Ez dut gustuko koherentzia eza hori, baina samurra ere ez da, badakit. BBC ingelesa –publikoa bera ere– bada eredu horretan: talde separatista eta listo. Eta Erresuma Batua da Europako Batasunean legedi antiterrorista zorrotzenetakoa duena. Bonba-autoaren ondoren aproposagoa akaso, baina adibide bat besterik ez da aipatutakoa. Asko daude, batzuek onak EITBrentzako eta beste asko txarrak.
Saio eta pertsona batzuk aipatzearren, sarri entzuten ditut Mezulariko Maite Artola eta hark biltzen dituenak; edo apurka bere lekua gero eta sendoago hartzen ari den Juan Cruz Lakastaren prentsa irakurketa; umetako esne-zopekin bat irensten nuen Mariano Ferrerren ahots sendo eta analisi zorrotzek bideratzen naute Morfeo Enera zenbaitzutan, orain Ganbaran; Joseba Arregi eta Xabier Barandiaranen berba borrokek goizetan Lasartera heltzen lagundu didate maiz; eta bazkari berantiarretako Kostaldeko Trena-ren euskal kantuen bilduma fin hori? Ez dut zerrendarekin jarraituko, baina badira perla gehiago ere. Telebista galduago daukat –denbora faltagatik batez ere, eta gantxoa ere gutxiago– baina Olentzeroren ondoren, zazpi urteko alabak grinaz erakutsi dit nola jolasten den Mihiluze mahai jolasean (ARGIAk eta EITBk koproduzioan argitaratutakoa).
ETB-3ri buruz? Ez dakit, Iruñean ez dugu ikusten, eta laster, modernitatearen paradoxak, ETBrik ere ez dugu ikusiko akaso. Eta orduan agian kalera aterako gara, ETB ikus dadin eskatuz, gure hiztun minoria sendotzeko garrantzitsua delakoan…
Normalak, logikoak eta bidezkoak diren gaitzespen eta errefuxapenetatik harago, analisi politikoan ideia pare sakon bezain zaharrak azpimarra litezke. Bat, oso gutxik ulertzen dute lehergailuarena, gutxiagok onartu, baita ETAren borroka armatua ulertzen dutenen artean ere. Bere jarduera ulertarazten ez duenak, berandu baino lehen jai du. Blokeo minoria ez da eraikitzailea Euskal Herriaren egungo egoera politikoan, erabat suntsitzailea baizik. Eta bigarren ideia nagusia aterabidearena da: elkarrizketa eta negoziazioa. Gero eta gaitzago jartzen zaigu mezu honen defendatzaileoi, baina gaitzespenak eta polizi bideek ez dute irtenbiderik erakutsi azken 50 urteetan eta ekarri ere ez dute ekarriko. Non ote dago egun balizko adostasunaren langa?
* igor piñeiro zabala – 2009-01-05 10:40:21: Zenbaitetan ados nago Letonak dionarekin, baina, nik bederen, Vernon Walterrek Somozari buruz esanadakoarekin alboratu dut jadanik. Ezker abertzalearen zenbait ekintzak iguingarriak suertatzen zaizkit eta holalo manifestazioetara joatea, nahiz eta oso zilegiak izan, zinez zaila egiten zait. Zioak ez daude zenbakietan, baizik eta praktika politikoetan. Barikuro, nire herrian, Getxo, holakoxeak izan ohi dira eta gero eta tamalgarriagoak izaten dira, hots, lau katu. Hausnarketa politikoa ENAMen munduak egin behar du; zeozer jarri behar dute euren aldetik, besteok akituta gaude eta lurra hartzeko pista euren kabuz egin behar izango dute. Ez didate berriz ziria sartuko. Ondikoz, jadanik ez dira nire ” putakumeak”.Eskerrik asko aukera honegatik eta segi ezazu aurrera zuen lanekin
* jon – 2009-01-05 16:04:47: ni egondakoa naiz eta ez nator bat batasunaren munduko estrategiarekin, beraz potentzialtasuna noski baina deialdian aralar, zutik eta ela ere baziren eta nago zabaltasunak ekarri duela manifaren arrakasta. Irakurketa arlo politikora eraman ezkero ondorioa argia da, ezker abertzalean pluraltasuna eta bide zibila erabiliz orduan bai dagoela potentzial izugarria.
* ainu – 2009-01-07 10:39:48: Esan behar dut Jonekin ados nagoela puntu askotan. Ezker abertzalearen potentzialitatea oso handia da, estrategia on batekin. ETAren azken ekintzak ulertzeko zailak dira, eta ilusio falta da ezker abertzalearen arazo nagusia, debeku eta oztopo guztiekin batera. Estrategia birplanteatu behar litzateke, baina ez da erraza hausnarketa egitea egoera honetan. Bestalde ez dut uste hemen hausnarketa ezker abertzaleak soilik egin behar duenik. PNVren think eu$kadi 2020 estrategiarekin lortzen duenaren inguruan ere zer?. Azkenean PSOE gobernatzen egon gabe erakunde guztietan bandera espainola daukagu eskegita. Nahiago izan du PNVk ez egotea euskal selekzioaren partidurik bere gustuko Euskadi izenaren inposaketa ez delako aurrera atera. Eta Ibarretxeren galdeketaren Bluff-a, hainbeste urte hori agintzen eta azkenean debekuaren aurrean paneltxo batzuk altzatzea izan da erantzuna, ze trixtea. Ni Ibarretxerekin eta 2000ko hauteskundeekin gogoratzen naiz, ez naute inoiz gehiago engainatuko, PNVk ez du inongo aldaketa edo galdeketarik ekarriko. Eta putakumeak euren poltsikoak eta poltronak betetzea besterik nahi ez duten politikari guzti horiek, hau da gehienak. Arazorik konpondu nahi ez duten horiek guztiak. Azkenik, Batasunaren “mundua” esamoldea baztergarria iruditzen zait. Komunikabide espainiarren estrategia, askotan errepikatzean normal erabiltzen hasi garena. Imaginatu EAren “mundua”, PSOEren “mundua” etabar. Ze aspergarria!
* igor – 2009-01-07 16:10:29: Bluffak aipatuz gero, Txiberta, Argel, Lizarra, Donibane Garazi, Anoeta, Bergara, Loiola… eta Ainu, erruak beti besteenak omen dira, inoiz ez dira erantzukizunak hartzen. Ez da soilik estrategiaren kontua, askoz gehiago dago gibelean. Aise da besteei errua botatzea eta sekulan ETAri ezer ere ez leporatzea. Hondoa gero eta parajeago, zuek jakingo duzue, baina dialektika sasi- iraultzailea horrekin ez duzue ezer lortuko. Eta poltsikoak betetzen dituztenak ez dira soilik poltronan daudenak.”konfliktoren lepotik asko bizi dira.” mundu” horretan ere bai.
* ainu – 2009-01-08 08:59:21: Ibarretxeren kontsulta bluff hutsa zela esateak mina eman dio norbaiti, sentitzen dut, egia hutsa da. Oraingo egoeraren erruaren zati handi bat ETArena da, dudarik gabe, su-etena hausteak ondorio ezin txarragoak ekarri dizkio ezker-abertzaleari eta bake aukerei; eta nik hausnarketa egin behar dela diot, eta ezker abertzaleak ere bai, noski, nonbait hori ez duzu irakurri. Baina autokonplazentzi jeltzalean erortzea erraza bada ere ez da komenigarria. Hori da zuk egin duzuna. Noski, Jo$u jon Imaz abertzale eredugarria baita, Iñaki Azkuna bezala.Noski, Txiberta, Argel, Lizarra… orain arteko porrot guztien errua 100%ean ETA edo ezker abertzalearena da. Hori da zuk egiten duzuna, erru guztia batzuei bota, eta noski jeltzale eta “sozialistek” azken su-etenean euren partetik bakea lortzeko dena eman zuten, ezin zuten ezer gehiago egin ezta? Adibidez preso batzuk gerturatu, edo PSOEri hori egiteko exigitu, a barkatu, PSOEri ezin zaio ezer exigitu… Ez, ez, kulpa dena ezker abertzalearena beti. Zuk (zuek) jakingo duzue, baina hemengo arazoa besterik gabe usteltzen lagatzea eta hurrengo atentatu, atxiloketa eta torturen zain egotea (arrazoi etikoek ez omen dute beste inoiz konponbide elkarrizketaturik ahalbidetuko)ez zait alternatiba ona iruditzen. Zu horrela zain egotearen alde egongo zara ezta). Gaur Ibarretxe, Patxi Lopez eta Arnaldo etabarren epaiketa dago. Zuri (zuei) normala irudituko zaizue bakea lortzen saiatzeko elkarrizketak edukitzeagatik politikariak epaitzea. Noski, beste garai batzuk ziren eta orduan posible zena ez da beste inoiz posible izango. Eta total, kartzelara joatekotan Arnaldo Otegi eta beste ezker abertzaleko kideak joango direnez ba, berdin dio… Hori da, horiek omen dira “gure” demokraziaren joku-arauak. Ba horrela zain egotearena tristea da, zuk jakingo duzu zer lortuko duzun. Agian PSOErekin negoziotxo ederrak, hori behintzat bai. Baina bakea??? Eta nire dialektika sasi-iraultzailea iruditzen bazaizu, ba sentitzen dut, baina ni baino askoz ere sasi-iraultzaileagoak diren asko ezagutzen ditut, sentitzen dut, gizartearen parte omen naiz (gara).