Ezker abertzalea eta malabarismoak
Ezker Abertzalea, ezker abertzalea, ezker abertzale historikoa, legez kanpoko ezker abertzalea, ezker abertzale nagusia, ezker erradikala, ezker independentista, independentistak eta ezkertiarrak… Testuinguruak gehienetan esaten digu nori edo zeri buruz ari garen, baina ez da samurra anabasa horretan mugitzea. Eta bat edo beste erabiltzeak, sarri bere esangura ere badu. Ezker abertzalea Batasunaren ezker abertzalea bakarrik ez dela uste dugun kazetariok bederen, pirueta bat baino gehiago egin behar izaten dugu letra-saltsa horretan, batez ere ilegalizazio kontuak hasi zirenez geroztik. Lehenago, zerbait egiten zuenak izena zuen eta listo.
Esango nuke titulu politikoek batzeko balio behar dutela; hala ez bada, bazterreratu eta bilatu zementu lanerako direnak. Badirudi zenbat eta jende gehiagok bat egin titulu batekin are eta hobeto beharko lukeela. Badirudi lehiarik izan behar badu, logikoagoa dela eduki eta ibilbide-orriagatik izatea eta ez etiketagatik. Baina badirudi ezetz.
Etengabe alderdien klabe politikoan ari direnak –politika alderdiena baino askoz zabalagoa baita– batzuetan barregura ere ematen dute. Eta errespetu handienetik diot, alderdietan dabilenak merezi duelako, areago horregatik batzuek espetxea zain izan dezaketenean. Baina bai, sarri ez dira ohartzen –serio, ez dira ohartzen– klabe horretatik kanpo dauden herritarrei –bildu beharreko pila horiei– ez diela axola handirik ezker abertzale edo ezkerreko abertzale deitzea, edo abertzale eta ezkertiarra edo abertzale ezkertiarra edo Arnaldo Otegik azkenotan esan ohi duen legez, “ezkerreko herri abertzalea”, edo…
Abertzale eta ezkerrekoa den multzo handi horretako herritarrari interesatzen zaiona da nola demontre egiten zaion aurre egungo krisiari, nola eraiki alternatiba, nola uztartu ezkertiarra eta ekologikoa, nola heldu behingoz bakea dastatzera –gatazka bortitza gainditzera–, nola jorratu politika eraginkorrak burujabetzaren bidean, nola…
Eta hala ere ezker abertzaleko etiketa garrantzitsua dela dirudi; ibilbide luze eta sakonaz gain, aterki horrek itzal zabala eman ohi du eta inork gutxik du bere historia salgai. Ez legoke malabarismotan ibili beharrik sentsibilitaterik minduko ez balitz.
Europako hauteskundeetako emaitzek argi erakusten dute eskuinak batzeko arazo gutxiago duela. Ezkerrean zatiketarena ezaugarrietakoa da bere sorreratik. Etiketa ere garrantzitsua da eskuindarrentzat, baina mamia gehiago antza. Azala eta mamia. Eta etiketa. Denak garrantzitsu. Baina esango nuke politikan giltzarri malabarismoa dela. Horretan trebatu beharko da –eta nola– ezker abertzalea.
guretzat heroiak eta astasun lortzaileak direnak espainia eta frantzirentzat teroristak dira haiek eztute nahi euskal herriko independenterik eta horren alde dagoen dena terrorista da, gure legedia asma behar dugu arlo denetan zeren espainir legadiak lapurreta itzeakk egiteko tresna ezta bateko asegurantza sozialalarekin besteko kosten legea eta aire eremua ez aitortzearekin