Bistan da, ez da isileko su-etenik
Eduardo Puelles inspektore buruaren hilketak gauzak bere lekuan utzi ditu berriz. Bazegoen ETAren su-eten isil baten zurrumurrua, indar gutxikoa egia esan, baina zurrumurru azken finean, eta halakoen aurrean beti gaude ea zer etorriko den. EAEko martxoko autonomi hauteskundeen ondoren, ETAk argi adierazi zuen Lopez lehendakariaren gobernu osoa zela bere helburu. Ez zegoen su-etenetarako tarte handirik, baina sarri desioa eta errealitatea nahastu egiten dira.
ETA inoiz baino ahulago dagoela adierazten da behin eta berriz, eta hori hala dela pentsatzeko zantzuak ere ugariak dira. Baina Estatuaren ohiko leloa ere bada bestalde, hori bera entzuten ari baikara 50 urtetan ETAren aurkako polizi operazio arrakastatsu bakoitzaren ostean.
Ez da egia, behin eta berriro esaten den moduan, hiltzea samurra denik. Are gutxiago poliziaren inspektore buru bat hiltzen bada. Egiturak behar dira, informazioa, dirua, jendea… eta ETA ahul izango da, baina antza badu halako atentatu bat egiteko indarrik. Eta hori ez da txantxetakoa.
Ez dago zalantzarik gero eta jende gutxiagok onartzen duela borroka armatuaren bidea, eta hori gero eta esanguratsuagoa da, baina oraindik gazte asko da armak hartzeko prest. Hori da denboraren iraganak uzten duen errealitate gordin eta zehatza.
ENAMen baitan ere eztabaida bizia da gai horren inguruan, eta ETA argi mintzo da atentatu bakoitzarekin. Borroka armatua indar metaketa soberanistaren bidetik gainditu nahi dutenek badute arrazoi bat gehiago bloke burujabearen bidea bultzatzeko. Baina oztopo bat gehiago ere bai, gaur gaurkoz jarduera armatua eta bloke horren eraketa batera ezinak direlako.
Ez da samurra pertsona baten hilketaren beroan analisi politikorik egitea, are gutxiago negoziazioa eta elkarrizketaren bidea aldarrikatzea, baina ez da labirintotik ateratzeko beste biderik. Lopez lehendakariak dioen moduan, etakideak kartzelara bidean jarriko dituzte segurtasun indarrek, baina konpondu… denak espetxeratuta ere ez da konponduko. Hori PSOEk ere badaki. Loiolako prozesua horren lekuko. Ez naiz Aljerrekoaz ari, ezta Lizarra-Garazikoaz ere. Azken finean, bi urte besterik ez dira iragan azkenekoz Suitzan bildu zirenetik.
Ba arrazoi osoa dozu, Xabier, ez da batere erraza gaurkoa moduko egun batean analisi politikoa egitea, baina zuk euki dozu horretarako asmo zintzoa, bai eta emaitza zuzena ere. Erabat ados zeuk egindko azterketarekin. Mila esker