Epaiak ez du Alderdien Legea justua bihurtzen
Estrasburgoko Auzitegiaren epaia HB eta Batasunaren aldekoa izan balitz, garaipen handiaz hitz egingo litzateke Alderdien Legearen aurka daudenen artean; eta ez dakit norainokoa, baina bazen aldeko izatearen esperantza. Beraz, kontrakoa denean ezker abertzalearen aurkako kolpe latza dela ondorioztatu behar da. Duela ia urte eta erdi Europako auzitegi honek helegitea onartu zuenean, alderdien legearen aurka agertutako guztiek egin zuten onarpenaren balorazio oso positiboa.
Batasuna eta HBren epaiaren irakurketa da garrantzitsuena, eta ezker abertzaleko hainbat hauteskunde zerrenden epaian, funtsean, aurrekoaren haritik tira egiten da. Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak erabilitako argudioekin bat egiten du Estrasburgoko epaiak, HB eta Batasuna ETAren estrategiarekin bat datozela ondorioztatzen du eta, beraz, Espainiako Konstituzioa eta estatu demokratikoa babesteko Alderdien Legea legezkoa dela.
Alderdi hauek legez kanpo jartzeko erabili ziren froga guztiak aztertzera ez da sartu, baina horien artean garrantzi handia eman die Batasunaren manifestazioetan “Gora ETA militarra”, “borroka da bide bakarra”, “zuek faszistak zarete terroristak” eta euskal presoen aldeko oihuak botatzeari. Baita etakideak herrietan seme-alaba kuttuna izendatu izana ere, edo Batasunaren web gunean Amnistiaren Aldeko Batzordeetako ikurra jarri izana, hau Europako Batasuneko talde terroristen zerrendan dagoenean. Horiek guztiak terrorismoaren apologiaren testuinguruan jartzen ditu eta hauei aurre egiteko egokitzat jotzen da 2001eko Dorre Bikien atentatuen ondoren, munduan eta Europan indarrean jarritako segurtasun estrategia berria.
Epai horrek, bestetik, agerian jartzen du Espainiak Estrasburgoko Auzitegiaren inguruan egindako etxeko lanek bere aldeko emaitza ona izan dutela. Eta, kasu honetan behintzat, Europako Giza Eskubideen auzitegi garrantzitsuenak, giza eskubideei baino garrantzi handiagoa eman diela estatuen egungo izaera eta segurtasunari.
Alderdien Legea “ad hoc” egindakoa izan zen, 40 urteko moldearekin ETArekin ez amaitu izanaren ondorioz egindako estrategia aldaketa. Ez da justua izan inoiz eta Estrasburgoko Auzitegiak Espainiako Gobernuaren alde egin izanak ez du justu bilakatuko. Sententzia honek, ETA gaitzetsi edo bere aurka publikoki agertzen ez dena, ETAren aldeko bihurtzen du; berdin da –ideietatik harago– erakunde armatu horrekin zerikusirik eduki ez izana, edo deliturik egin ez izana, edo baita borroka armatua bidezkoa ez ikusi izana ere; epai honek egungo Espainian bide armatuen erabilera publikoki gaitzestea edo ETAren aurkakotasuna publikoki agertzea eskatzen du. Hau da, moralki, politikoki eta nahi den ikuspegitik gaitzesgarria edo arbuiagarria izan daitekeena –hau da, ETAren jarduera armatua–, alderdien joko politikoan aritzeko debeku bilakatzen du, eta horrexegatik bakarrik ETAren estrategiarekin bat egiten dela ondorioztatzen da. Epaia argia da zentzu horretan: “Zenbait egoeratan, isiltasuna sostengu zehatza izan daiteke”.
Justizia eta bestelako balorazioez gaindi, dena den, epaiak jarduera politikorako Espainian duen tartea zein den argi utzi dio ezker abertzaleari. Ez da barne mailan duen eztabaida prozesu sakonean kontuan hartu beharko duen atalik garrantzitsuena, baina bai oso kontuan hartzeko gakoetakoa.
Bale. Konforme. Eta orain zer? Zein da hautua? Baliogabeko botoa eman in sekula sekulorum?
Soziopolitikoki marginalak izan?
Ze, argi dago espainiako estatuak bere esku dituaela arma guztiak (100.000 pertsonen botoak marginatu ditzazke legalki. Bestalde ETAren estrategia politiko militarrak ez dio inungo minik egiten-bat, bi edo hiru hildako urtean ez da estrategia militar bat eta gainera estatuaren mesederako da)
Orduna galdera berriro ere. Orain zer?