Garaipena, atzamar puntatik orporaino
Ekainaren 29an –joan den astelehena– bi paragrafo hauen azpiko artikulua idaztean, zenbait iturritatik aipatu zen albistea sinetsi nuen, alegia 2011n itxiko zela Garoña. Nagusiki, gauza bategatik iruditu zitzaidan sinesgarria, 2012an Espainiako hauteskunde orokorrak izango direlako eta itxiera urtebete lehenagorako iragarriz gero, PPk ezingo zuen zentrala berrabiarazi hauteskunde orokorrak irabaziz gero. Gainera agintariek sarri hartzen dituzten neurri nahasien moldekoa iruditu zitzaidan: batetik, Zapaterok ez zuen agindutakoa beteko, baina itxieraren aldekoak kontenta zitzakeen neurri batean itxiera gertu ikusten zelako; eta bestetik, beste bi urte izango zituen zentral nuklearreko langileei xaboi gehiago emateko eta hauen etorkizuna hobeto prestatu ahal izateko –2013an ixteko erabilitako aitzaki nagusia–.
Bada porrot egin nuen nire azterketarekin, bistan da. Neuzkan datuekin baino, gurako nituzkeenekin egin nuen analisia. Orain, arriskua luzatzeaz gain, PPk –edo PSOEk berak berriz ere– hauteskundeak irabaziz gero Garoñarekin aurrera jarraituko duela iragarri du. Hauteskundeetako agindua ez betetzea oso larria da, eta horrekin batera herritarrak ergeltzat hartzea are larriagoa, eta Miguel Sebastian Espainiako industria ministroaren molde honetako arrazoiekin hori egiten da: “Industri alternatiba gauzatzeko lau urte gehiago behar ditugu”. Adar soinua nabarmena da horretarako 38 urte izan denean.
((ARGIAko 2191. zbkian argitaratua)
Garoña 2011: garaipena atzamar puntetan
Garoñako zentral nuklearra 2011n itxiko da azkenean. Ez da onena, baina ezta txarrena ere. Egia esan, aukera okerren artean zuzenetakoa da, betetzen bada bederen eta jadanik badirudi Espainiako Gobernuak oso gaitza izango lukeela atzera egitea. 40 urte egitean itxiko litzateke modu horretara, eta Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak emandako aholkuaren aurka; duela gutxi erakunde honek erreforma batzuk eginez gero zentralak beste hamar urtez lanean jarrai zezakeela ebatzi zuen.
Erabaki hau ekarpen bat gehiago da nuklearrik gabeko Espainia horretarantz eta, zalantza barik, lasaiago lo egiteko arrazoi bat gehiago ere euskal herritarrentzat.
Familia asko bizi da zentraletik, baina langileen egoera ezin da arrazoi nagusi bilakatu, euren ogibidea gainerako biztanleentzat arriskua eta zabor nuklearraren hipoteka badakar. Langileei bestelako irtenbideak topatu behar zaizkie eta, horretan bai, erakundeek zerikusi handia dute. Baina baita zentrala kudeatzen duen Nuclenorrek berak ere, zentral batek legez iraupen zehatza baldin badu, eta hori egiaz sinesten bada, bere bizi garaiko etekinen zati bat bertako langileen eta eskualdearen etorkizuna prestatzera bideratu beharko litzatekeelako.
Fiskalak bat egin du Egunkaria auziaren defentsarekin eta auzia behin-betiko ixtea eskatu zuen joan den astean. Botin auziaren jurisprudentziaren erabilera izan da auziaren itxiera eskatzeko orain arteko argudio nagusia, baina orain defentsak bigarren bat ere erabili du eta akaso lehena baino sendoagoa gainera: alegia, ezin da Egunkaria auzian erabili jadanik 18/98ko auzipetuak zigortzeko erabili den dokumentazio bera. Auzi hartan, 90eko hamarkadaren hasieran ETAri atzemandako paper entzutetsuak medio –Udaletxe proiektua…– ETArekin harremana zuen egunkaria Egin zela ondorioztatu zuten, beraz ezin da Egunkaria izan; eta gainera, Xabier Alegria 18/98koan zigortua dago horrexegatik eta ezin da pertsona bat birritan gauza beragatik auzipetu.
Hemerotekara jo dut eta ikusi dut El País-eko Jose Yoldi kazetariak 2008ko maiatzeko artikulu batean jadanik aurreratzen zuela orain fiskalak egin duena gerta zitekeela. Lehenago ezaguna bazen ere, informazio horretan aipatzen du, halaber, nola 2001ean Guardia Zibilaren kapitain bat Egunkaria Auzia irekitzeko eskaerarekin joan zitzaion Baltasar Garzoni eta honek atzera bota zuela, paper horiekin Ekin-eko auzia jorratzen ari zelako, eta ez zuelako helduleku juridikorik ikusten. Juan del Olmo epailearengana joan zen orduan, honek auzia onartu eta hortik aurrerakoa ezaguna da guztiontzat.
Baina Garzonek 2001ean bakarrik ez, 2003ko otsailaren 26an ere, Egunkaria operazioko lau atxiloturi jarritako espetxe aginduaz informatzen zuenean, Yoldik berak aipatzen zuen Baltasar Garzonek dokumentazio hau erabilia zuela 1998an Egin ixteko. Alegia, Auzitegi Nazionalean askok oso argi zutela juridikoki auziak duen ahuleziaz. Euskal gizartearen gehiengo oso zabalak hasieratik argi izan du Egunkaria auziaz PPk egin zuen erabilera politikoa. Orain badirudi “patata beroa” juridikoki ere gainetik kentzeko bidea egiten ari dela, eta logikoena hori litzateke, baina erabakia tribunalaren esku da oraindik. Ebazpen hau Egunkaria auziko atal nagusiari dago lotua, baina pentsa liteke fiskala eta defentsen eskaria onartzen bada, atal ekonomikoaren ikuspegia ere asko aldatuko litzatekeela.
espainiar gobernua edozein izan da ere azken 500 urtetan euskal kultura suntzitzen jardun dute aitzaki batekin edo bestekin orduan orain ere berean darraite , frankismoa hitzegitea debekatu zegoen oran periodikoak argitaratzea