Atxiloketak baliatzeko unea
Norabide orokor batzuk ikusten dira ezker abertzalearen baitan, baina zenbaitzuren ahaleginak non bukatuko duten ikusteko dago. Besteak beste espetxetik gaitza izan behar duelako kanpoko ezer behar adinako zentzu eta indarrez zuzentzea. Eta pentsatzekoa da Madrilen badela interesik ezker abertzalean egon daitezkeen mugimenduetan eragiteko, bai oztopatzeko edo gutxien gutxienez baldintzatzeko. Ezker abertzaleko bederatzi atxiloketa hauek horretara bideratuta daudela ez da zalantzarik, nahiz eta gaitzagoa den helburu zehatza zein den asmatzea.
Edozein eratara, ohikoan zein egoera politikoren gainean ezarrita gauden gogorarazten digu bere gordintasunean. “Dena da ETA” eta Alderdi Politikoen Legeak euskal gizarteko bizitza politikoa baldintzatzen du goitik behera, hasi eskubide politiko eta zibilen ukaziotik eta Eusko Jaurlaritzaren eguneroko jardueraraino. Goi mailako buruzagien atxiloketek gogorarazten digute non gauden, eskubideei dagokionez kasu berdintsuak izan arren, Segiko gazteen epaiketek azaleratu ezin dutena agertaraziz.
Esaten da Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta Antxon Etxebeste, besteak beste, ezker abertzaleak borroka armatuaren gaia behingoz albora dezan lanean ari direla. Hori banaketarik gabe egin nahi dela. Eta ondoren polo soberanista eta abarrekoak. Ez dakit hala den zehatz mehatz, baina logika badu, eta ona litzateke urrats horiek guztiak ematea, euskal gizarteko herritar bakoitzarentzat litzateke onuragarria. Hori nola egiten ari den, zer oztopo diren eta abarrei buruz, nahi beste bertsio entzun eta irakurri daitezke hedabideetan.
Une honetan, afera -Otegik esango lukeen moduan- ez da eskubide kontua bakarrik, badakigu batzuen eskubide politikoak zapalduak direla; kontua da zein estrategia eraginkor landu eskubide zanpaketa hori ahalbideratzen duen egoeratik ateratzeko. Behin baino gehiagotan entzun dut politikaren korridoreetan Otegik jadanik ez duela sinesgarritasunik PSOE eta EAJko buruzagien aurrean, konfiantza hori Loiolak irentsi zuela. Ideiarik ez egiatan hala den hala ez, baina argi dut testuinguru honetan atxiloketek eta espetxeak Otegi politikoki gizentzen dutela, baita bere ideia politikoekin ados ez dagoen jende askoren aurrean ere. Eta ez atxiloketarena gertaera injustu gisa perzibitzen delako bakarrik, batez ere ezker abertzalearen baitan borroka armatua gainditzeko egiten ari omen diren lan horrek oso esparru zabaletan esperantza sortzen duelako. Horrek bakarrik elkartasun fluxuak mugiarazten ditu.
Legez kanpoko ezker abertzaleak bakarrik ezin du fluxu hori eraginkortasunez mugitu, eta norbaitzuk baliatu beharko lukete egoera hau fluxu hori ikusgarri egiteko. Borroka armaturik gabe, esparru abertzale zabala, estrategia soberanista tinkoa… Horiek ziren eszenatoki berriaren oinarrietakoak, ezta? Atxiloketa hauek zerbait ikusarazteko aukera ematen dute.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks