Akusazioen lehen urratsak ahul
(ARGIAren 2112. zbkian argitaratua)
Madrilen bakarrik ziren Egunkaria auziko auzipetuei elkartasuna ematera joandako euskaldun ugariak. Eta asko ziren, baina Madrilen txiki eta bakarrik. Ez dut katalan, madrildar eta bestelakoen urrezko elkartasuna gutxietsi gura, baina hala ere, Madrilen bakarrik. Bestelakoa da Euskal Herrian, elkartasuna eta sostengua itzelak dira bertan, eta berotasun hori Auzitegi Nazionaleko aulkira eramatea asko da auzipetuentzat. Ohikoan, hango atari eta korridoreetan elkartasun irribarre bakarra ere bihotzera sartzen da. Eta eguna joan, eguna etorri hori da ohikoa Auzitegi Nazionalean.
Ahozko auziak beti dakartza osagai berriak. Defentsa eta akusazioek argudio eta material indartsuenak jartzen dituzte agerian eta lehia nola garatzen den ikus dezakegu gainerakook. Auzipetuak entzuteko balio izan zuten lehen egunek eta, esan liteke, Javier Gomez Bermudez epamahai buruak hitz egiten utzi ziela, besteak beste atxiloketa garaian jasandako torturez (“etakideek bezala torturak salatzen dituzte”, zioen ABCk biharamonean).
Dignidad y Justicia eta AVT herri salaketek erabilitako lehen armen ahuldadea, ordea, agerikoa zen. Batetik, lekuko eta perito gisa arituko diren guardia zibilak berberak izango direla erakutsi zuten. Epaileari Egunkaria-ren itxiera eskatu zion guardia zibilaren komandate bera –orain lekuko gisa agertu dena– ondorengu egunetan perito moduan agertzeko aukera izateak ez dirudi oso zuzenbidezkoa. Salbu eta Auzitegi Nazionalean.
Guardia Zibilen buruzagi honen esanetan, 1996an hasi ziren ETA eta Egunkaria-ren arteko loturak ikertzen, Tomas y Valienteren hilketaren ondoren, baina ezkutatu zuen horretarako erabilitako ETAren idazkiak 1990 eta 1993 artekoak zirela. Agiri horietan ETAk euskal kulturako talde eta enpresa ugariren aipamena egiten zuen eta aipatze soil hori baliatu izan zuen guardia zibilak Egunkaria ixteko. 1993tik aurrera ez dago ETAren agiririk Egunkaria-z hitz egiten duenik.
Ikusi behar zer gehiago azaleratzen duten urtarrilean, baina denak adierazten du behin eta berriro errepikatuko direla 1990-1993 garai horretako ETAren agirien erabilera, hori baita duten bakarra. Denak adierazten du defentsek samur utziko dutela agerian osagai horien ahuldadea (“ETAk agintzen zien euskara eta euskal kultura zabaltzea” eta gisakoak), baina ikusi beharko da epaimahaiak zer irakurketa egiten duen.
Orain arte bederen epaimahaiak ahozko auzira iristeko adina indar eta sinesgarritasun eman die akusazioek aurkeztutako agiriei. Auzitegi Nazionalaren ikuspegitik agiri garrantzitsuak dira, zalantza barik, froga horietan oinarrituta espetxeratu zituelako Egin-eko kazetari eta arduradunak 18/98 auzian. Baina auzi honi begira, hori bera da bere ahuldadearen froga, jadanik erabiliak izan baitira Egin-eko kasuan.
Orain arte agiri horiek ez dute inondik inora frogatu ETAk Egunkaria sortu zuenik, Egunkaria-k ETA finantzatzen zuela edo ETAren estrategia eta jarduna zilegiztatzen zituenik. “Jakina, ezin dena ezin da frogatu”, diogu gehienok hemen. Baina auzia daraman Auzitegi Nazionaleko fiskalak ere berdin pentsatzen du, eta horregatik eskatzen du artxibatzea.
Eta orduan zergatik iritsi da ahozko auzira? Hara auzitegietako korridoreetan dabilen hipotesi bat: auziak aspaldi itxia behar luke jada, ez dago arrazoi juridikorik aurrera jarraitzeko, baina bai bestelako presio handiak. Auzia artxiba zitekeen lehenago, baina akusazioen helegitea Auzitegi Gorenera iritsiko zen eta honek artxibatzea atzera botatzeko aukera gehiago izango zituen molde horretara. Ahozko auziak guztientzat absoluzioa balekar, epaiaren helegitea atzera botatzea gaitzago izango ei luke Gorenak.
Hala bedi, baina hipotesi horrek zirrikitu ezkorrak ere baditu. Ohiko “hori da zuzenbide estatuaren handitasuna” esango litzateke. Baina logikoena eta justiziazkoena den absoluzio horrek erantzukizun eta indemnizazioen arazo latza dakarkio Estatuari. Egunkari bat itxia, oinarrizko eskubide urraketak, ehunka langile lan barik utziak, atxilotutako guztiei eragindako kalteak, euskal kulturari sortutakoa… Noren bizkar jarri beharko litzateke desmasia horren guztiaren erantzukizun politikoa? Zenbat milioi euroko kalteordain dakar horrek guztiak?
Urtarrilaren 12an jarraituko du auziak eta ondoren urtarrilaren amaieran. Hori ere bitxia da, Madrilen ez da gehiegi entzuten hemengo hotsa, baina apur bat bai antza.
euskaldunok nazio arten oiartzun gutxi dugu espainiar estaduak egiten dituen errepresio sistemaren aurrean , egunkaria zumalabe eta udalbiltza eta anmistiaren talddeak eta segikoa ezin ditugu ahantzi eragiketa bereko auziak direla , hor ikusten da euskaldunok dugun gabezia nazio arteko sisteman espainiar estadua salatzeko eta ebidentzian jartzeko torturatzen gaituzte eta biktima ezgara gu baizik torturatzaileak