2010, benetako krisiaren hasiera
(ARGIAko 2218. zenbakian argitaratua)
Pedro Solbes Espainiako Gobernuko Ekonomia lehendakariordea 2008ko irailaren bukaeran, hau da, duela urte t’erdi: “Espainiako ekonomiaren indarrari esker eta Gobernuak hartu dituen neurriei esker, datorren urtearen erdialdera hasiko da gainditzen krisia Espainia”. Espainiako administrazioen zor publikoa bi puntu hasiko zela iragarri zuen Solbesek, horrela BPGaren %38,8ra iritsiz, baina horregatik lasai egoteko gaineratu zuen, Europako beste herrialde batzuen aldera, Espainia oso eroso zegoela.
2009ko maiatzaren 2an, esate batera, Espainiako egunkari gehienen titulu eta albiste garrantzitsuena izan zen langabezia datuen beherakadari buruzkoa. El Diario Vascoren paragrafo batek honakoa zioen, adibidez: “Epe ertainera, honek ez du ekarriko enpleguaren hazkundea, baina krisiaren larriena iragan da, zenbait adituren esanetan”.
Jose Luis Rodriguez Zapaterok 2009ko azken Ministro Kontseiluko bileraren ondoren: “2010ean langabeziak jarraituko duela aurreikusten du Gobernuak, baina enplegu galera jaitsi egingo da eta urtearen amaieran ekonomia suspertzen hasiko da, geldo baina suspertzen”.
AEBetako 2008ko finantza krisiaren ondoren zenbatetan entzun behar izan genuen lasai egoteko Espainiako ekonomia sendo zegoela eta krisiak eragina zuela, baina beste estatu askotan baino askoz gutxiago. Hemeroteka gisa hauetako adierazpenez josia dago.
Eta gauetik goizera, Davoseko bilkuraren ondoren, 2010eko hasieran Espainiako egoera ekonomikoa porrotaren atarian agertu zaio iritzi publikoari: urtarrilaren amaieran %18,8ko langabezi tasa eta 2010 eta 2011n langabeziak 1994ko %25a gaindi dezakeen iragarpena. Europako Batasunaren 2009ko bukaerako langabezi tasa %9,6koa zen.
Luze jarrai liteke Espainiako egungo egoera ekonomiko larriaren inguruko datuekin, baina gainera egoera asko larrituko bide da. Lehenxeago ikusi dugu agintariek iragarpen baikorretarako duten joera automatikoa, noizean behin ezinbestekoa da irudia hobetu eta boto iragarpenean eragiteko. Ondoren dator errealitatea, denon begien aurrean ikusgai, eta orduan, egoera txarraz gain, ekonomia neurri gogorrak iragartzen dira.
Hemeroteka agintarien halako jokaldiez josia badago, ekonomialari asko aspalditik ari dira iragartzen orain gertatzen ari dena eta, gainera, etorkizuna askoz laino beltzagoez marrazten dute. Santiago Ñiño Becerra da ekonomialari horietakoa: 2010eko ‘crash’a. Krisiari buruzko egia osoa. Oraintsu elkarrizketa bat egin diote Espainiako Diagonal aldizkarian eta hara zer dioen datorrenaz: “Krisiaren latzena, nire ustez, 2010aren erdialdera gertatuko da, une horretan hasiko da mundu mailako ekonomiaren benetako gainbehera –2011 estrukturalki 1930aren gisakoa izango da–. Erorketa honek 2012ra arte iraun dezake eta une horretan hiru bat urte iraun dezakeen geldialdia hasi daiteke; garai honetan estrategia berriak zehaztu beharko dira. 2015etik aurrera suspertze geldoa, 2020ra arte. Gaurtik hasita hamar urte, Depresio Handian bezala”.
Orain tortilla nola irauli da kontua eta hor errezetak ezagunak dira: lan merkatuaren malgutasuna, finantza neurri gogorrak eta gastu publikoaren murrizketa handia. Jose Luis Rodriguez Zapatero hasi da neurriak iragartzen, ezagunenak pentsioa eta erretiro adinarena. Etorkizunean ez ei da dirurik izango eta une honetatik aurrera hasi behar ei da egoerari aurre egiten.
Erretiroa atzeratzeko gogorik ez da falta, baina usainak dio iragarpen hau gehiago dagoela lotua pentsio sistemaren eremuan egin nahi diren doikuntzekin. Usainak dio langile eta herritar xumeenei mesederik egingo ez dien erreformak abian direla jada eta Espainian gobernu, sindikatu eta enpresarien ordezkariak bidea errazten ari direla jada.
Hego Euskal Herrian bada beste esperientziarik, ordea, iazko maiatzaren 21eko greba orokorrak erakutsi zuen gisan. ELA eta LAB buru, gehiengo sindikalak argi erakutsi zuen egungo krisi egoerari erantzuteko mobilizazioa funtsezkoa dela. Egoera datorren moduan, denak adierazten du datozen hilabeteetan berriz ikusiko direla Euskal Herriko kaleetan iazko maiatzeko irudiak.
Kaixo:
Niño Becerra aipatzen duzula, komeni da ere berari buruz Rosa María Artal kazetariak dioena La infantilización de la sociedad apuntean.
Izan untsa.
Kaixo Iturri,
Ba bai, zalantza barik, ez nuen ezagutzen bere arlo hori eta komeni da kontuan hartzea. Niño Becerraren artikulu zenbaitzuk jarraitu ditut eta egia da, katastrofista samarra bada, baina orain arteko gauza askotan ekonomiaren norabideari antza hartu diola ere egia da. Tira, ikusiko dugu zertan asmatzen duen eta zertan ez, ez da hori gehien interesatzen zaidana, garrantzitsuena ikuspegi ofizialekin bat ez datozen bestelako ikuspegiak ere eskaintzea da. Gero irakurleak balora ditzala.