Sinn Fein eta IRAren lorratzean
Batasunak berretsi egin ditu orain arteko eztabaida prozesuan argitaratutako ideia nagusiak, funtsean “Fase politikoaren eta estrategiaren argipena” eta Altsasuko Adierazpenean kaleratutakoak. Honakoak dira lau ideia nagusiak: bat, badira baldintzak burujabetzaren aldeko indarrak biltzeko; bi, zeregin horretan bide politikoak eta demokratikoak bakarrik erabiliko dira; hiru, Mitchell printzipioen metodologia jarraituko da; eta lau, hau guztia ezker abertzale historikoaren mugimendu aldebakarrekoa da.
Ideia horien atzean da, ezkutuan, garrantzitsuena: une honetan borroka armatuak ez du balio burujabezaleen indar metaketa egituratzeko eta, beraz, alboratu egin behar da. Ez da horrela esaten, baina bai argi adierazi. Gertatzen dena da, funtsean, hori esana zegoela Anoetako Adierazpenean eta ondoren gertatutakoek etsipen eta sinesgarritasun handia ekarri dutela sektore oso zabaletara. Sinesgarritasuna eta sendotasuna irabazteko, oraingoan bi makuluz lagunduta dator soilik borroka politiko eta demokratikoak erabiltzearen hori: bat, aldebakarreko erabakia dela, inongo baldintzen menpe ez dagoena; bi, Mitchell printzipioak.
Eta ETA zer? Bada, bere azken agiriak argi zioen bat egiten zuela orain arte ezker abertzaleak egindako hausnarketarekin eta, beraz, esaten ez badu ere, interpretatu behar da “prozesu demokratikoak” irauten duen bitartean ez duela borroka armaturik erabiliko. Eta orduan zer egingo du? Hori da dagoen kezka eta zalantza nagusiena. Batetik, indar metaketa horren zaindari funtzioa bereganatu nahiko ote duen beldurra barreiatua dago Batasunetik haragoko indar abertzaleetan, horrek indar metaketa baldintza dezakeelako edota, batzuen ustez, galarazi. Bestetik, hor dago bere jardun armatua sostengatzen duen azpiegitura osoa. Zer gertatzen da horrekin? Portugaleko mugimendu horiek eta beste batzuk lausotu egiten dute ETAren azken agiriaren mezu nagusia, hots, ezker abertzalearen mugimendu berriekin bat egitearena. ETAk orain atentaturik eginez gero, berdin da bakarrik lehergailu txikiak balira ere, oso kolokan jarriko luke ezker abertzalearen bide berria.
Oraingoz behintzat, argi dirudien bakarra zera da, ETAk ez duela esango bere jarduera armatua bukatu dela etzi prentsaurrekoan. Baina bide honek aurrera jarraitzen badu, “prozesu demokratikoari” behar den denbora guztia eman beharko dio ezker abertzaleak eta horrek egungo ETAren amaiera esan nahi du, Irlandako prozesuak aurrera egiteak IRAren amaiera ekarri zuen moduan. IRAren eta Sinn Fein-en bideak hartzeko eskatu zaie behin eta berriro ETA eta Batasunari, eta oraingo egoerak hori egiten ari direla adierazten du. Hori bai, komeni da gogoraraztea IRAk oraindik ez duela bere amaieraren berri eman. Pista bat bada bederen.
Eta erreakzioak?
Denek dakite hau guztia oso garrantzitsua dela ENAMen, oso garrantzitsua euskal gizartean, denek dakite ETAren azken agiria berritzailea zela, baina ezin da adierazi, horrek ENAMen prozesu politikoa laguntzen duelakoan. Elkarrizketa pribatuetan hala adierazten da gainera. Zuhurtasuna izatea normala da, baina egia bada bakea dela euskal gizarteak duen premiarik garrantzitsuena, hori eraikitzen lagundu egin behar da, eta orain arteko jarrera ugari ez dira egokienak horretarako.
EAk eta Aralarrek ongi hartu dute agiri berri honen norabidea. Neurri batean, EA jadanik ari da egiten bide honen zati bat Batasunarekin. Aralar, aldiz, uzkur dabil eta seguruenik ez zaio arrazoirik falta. Harrigarria bada ere, zatiketaren zauriak oso irekiak daude oraindik ere eta, adierazpen eta jokaldi politikoetan oinarrituta bederen, ez dirudi suari ura botatzeko asmo handirik dagoenik. Nafarroako egoera, eta zehatz-mehatz NaBai, da egoera berriaren froga-eremu esanguratsuenetakoa. Zentzugabekoa da Batasuna eta Aralarren arteko harreman eta komunikazio txarra eta indar soberanisten arteko metaketarako irudi kaskarra eskaintzen du. Zentzugabea litzatekeen moduan EAJrekiko zubi argi eta eraginkorrik ez eraikitzea. Behintzat zubia, eta gero gerokoak.
“Zentzugabekoa da Batasuna eta Aralarren arteko harreman eta komunikazio txarra??”
Ba bai guztiz zentzugabekoa, baina haietako zein ari da esaten behin eta berriz abertzaleon elkarlana eta baterajotzea ez dala beharrezkoa une hauetan?? Aralar beldur da. Beldur ilegalizazioen itzalean eraikitako Nafarroako bere txiringitoa galtzeko. Beldur da ilegalak izanda ezin izan dutelako Ezker Abertzalea desagertarazi eta egoera apur bat bada ere, normalizatuz gero, jakin badakitelako, Aralar jokoz kanpo geratuko dela.
Kaixo Mikel,
Aztertu liteke batak zein besteak, edo bateko zein besteko jendeak, harreman normalak izateko dituen jarrerak, baina ez zait hori interesgarriena iruditzen, horrek normalean trapu zaharrak eta egungo irainak elkar leporatzeko besterik ez duelako balio. Eta egitekotan egin dezatela haiek pribatuan. Burujabezaleen indar metaketa ona iruditzen zait, funtsezkoa gaur egun, eta hori hala izanik diodana da ez dela normala Batasuna eta Aralarren arteko harremanaz eskaintzen den irudia. Horrek indar metaketarekin zerikusi gutxi du eta zerbait eraikitzekotan, funtsezkoa da begirunea eta konfiantza lantzea. Hori borondate politikoa eta elkarren artean asko hitz eginda bakarrik lortzen da. Hortik abiatu behar da.
Kaixo, Mikel:
Uste du abertzaleen arteko elkarlana eta “polo subiranistaren” ideia nahastu egin dituzula. Aralarrek sekula ez du esan orain ez denik abertzaleen arteko elkarlanerako, guztiz kontrakoa baizik, kontua da, agian, abertzaleen arteko elkarlana ere ulertzeko modu desberdinak egon daitezkeela. Polo subiranistaren kanpo gainera beste norbaitek kokatu zuen hasiera hasieratik.
Aralarrek behin eta berriz esan du abertzale guztien eta autodeterminazio eskubidearen alde indar guztien arteko elkarlana sustatu eta bultzatuko duela; zergatik? Gehiengoa bakarrik izanda erauziko zaiolako Estatuari erabakitzeko eskubidea eta herritarren atxikimendua soilik lortuta, beraz, printzipioz, ez zaio inori eskluitu behar. Baina elkarlanak ez du esan nahi eskaintza elektoral bat egitea, eta gauza batzuetan ados gauden bezala, beste batzuetan antagonikoak izan gaitezke, gizarte-ereduan esaterako.
Horretxegatik, abertzaletasunaren barruan ezker abertzale zibil, zabal eta indartsu bat eratzea da beste helburua; ezkerreko planteamendu potenteak egingo dituena eta EAJri edo PSE-EEri irabazteko gai izango dena. Hor, bai, egin liteke eta egin beharko litzateke eskaintza elektoral indartsu bat.
Eta hau lortzeko nik ere uste dut konfiantza eta harremanak lantzen joan behar dela, poliki poliki, malgu jokatuz, mugimenduak eginez, norberaren posizioak aldatuz eta iraganeko zauriak ahaztuz.
Aralarrek bere akatsak egin ditu, guztiok bezala, baina pozik egon liteke egin duen ekarpenagatik eta orain ikusten ari garena hein handi batean ideologikoki Aralarri ere zor zaio.