Konstituzionalismoa bere gotorlekuan
(ARGIAko 2220. zenbakian argitaratua)
“Zutik Euskal Herria” kaleratu ondorengo zalaparta, funtsean, egungo une politikoan espero zitekeena da: alderdi eta indar abertzaleek oro har ondo hartu dute, denak era positiboagoan, baina EAk –batez ere– eta ELAk prozesuari konfiantza gehiago eskainiz eta elkar lanerako ateak garbiago zabalduz. EAJk eta Aralarrek ere norabide egokian ikusi dute agiria, baina orain arteko uzkurtasuna ageri da ezker abertzale historikoak egiten dizkien proposamenen aurrean, batez ere EAJren aldetik. Aralarrek ez dio autodeterminazioaren aldekoen indar metaketari uko egiten, baina orain arte mesfidati ikusten ditu polo soberanistarekikoak.
Espainiar konstituzionalisten eremuan, PP eta PSE-EEko jendearen artean (adierazpenetan, prentsan…) jarrera desberdinak ageri badira ere, funtsean diskurtso itxia agertu dute ezker abertzalearen eztabaida amaieraren aurrean. Jakin ondo dakite “Zutik Euskal Herria” agiriak aldaketa handia suposatzen duela ENAMen baitan eta aldaketa handiak ekar ditzakeela euskal politikara. Baina une honetan ez da komeni halako aitortzarik egitea, horrek Batasunari haizea ematen diolako.
Argi da Batasunaren jokaldi honetan 2011ko hauteskundeetako helmuga funtsezkoa dela, baina askoz garrantzitsuagoa da ikuspegi historiko eta estrategikotik esan nahi duena, hau da, gaur gaurkoz, borroka armatuaren amaiera. Gainerakoak, burujabezaleen indar metaketa eta abarrekoak, Estatuaren aurrean eraginkorra izate aldera bederen, denbora beharko du. Urteetan suntsitutakoa ez da hilabete gutxi batzuetan berregiten.
Konstituzionalistek harresi mediatikoarekin jarraitzen dute. Badakite ENAMen eltzean egosi dena oso garrantzitsua dela, eta horrek aldaketa asko ekarriko dituela, lehenago edo geroago. Baina saiatuko dira eragina moteltzen eta atzeratzen, batez ere Batasuna hauteskundeetan egotearena, besteak beste, PPren eta PSE-EEren artekoa hauteskunde egunaren biharamunean amaituko litzatekeelako. Ez da ahaztu behar egungo errealitate instituzionala Batasuna legez kanpo egotearen ondorio dela, eta honen eskubideak berrestean panorama politikoa irauliko dela, batez ere EAEn, eta neurri txikiagoan Nafarroan.
Tira, PSE-EE eta PPk badakitela hori guztia eta saiatuko direla gutxienez datozen hauteskundeetan Batasuna ez dadila egon. Denbora haien alde dute, baina ETAren atentatu barik, samur ere ez dute izango. Gainerako alderdi abertzaleek ere ezingo dute orain arte bezala jokatu Batasunarekiko, hau da, “haiek euren estrategia itsuan jarraitzen badute, gu ez gaituzte horretara eramango”. Egoerak eskubide politiko eta zibilen aldeko bestelako konpromisoa eskatuko die.
RUFI ETXEBERRIA, Txelui Moreno eta Tasio Erkiziak argi utzi zuten norabide berriaren izaera eta garrantzia asteburuko elkarrizketetan. Badira azpimarratzeko modukoak: Etxeberriak ETA ere ezker abertzalekoa dela gogoratu du argi eta garbi, eta erakundeak eztabaidaren ondorioekin bat egiten duela adierazi duela. Tasio Erkiziak eta Txelui Morenok ETAren atentaturik ez dutela espero adierazi dute, eta Morenok ez du zatiketaren arriskurik ikusten. Azken honek, halaber, argi hitz egin zuen Nafarroako egoeraz: “NaBaik dagoeneko erakutsi du ez dela aldaketarako tresna Nafarroan. NaBaik hasieratik erabaki zuen ez iragatea Estatuak jarritako marra gorria”.
Pentsatzekoa da EAEko egoeran hauteskundeei begirako aliantzak ez direla samurrak izango, zerbait eraikitzeko ez dagoelako ezer desegin beharrik, baina Nafarroan korapiloa itzela da. Batetik, gaur egun Nafarroa Bairen egoera kaskarra dago. NaBairen arrakasta funtsean UPNren aurkako jarreran dago, hura Nafarroako Gobernutik kanporatzea bestelako helburu politikoen gainetik jarri zen eta Nafarroako gizarteak –batez ere abertzaleek– ulertu zuen mezua eta saritu ere bai.
Gaur egun NaBai-ko alderdiak itxura penagarria ematen ari dira beren botoemaileen aurrean, baina aurretik ere hala izan da zenbaitzuetan eta gero konpontzeko gai izan dira. Nafarroako EAren zeregina ere ez da samurra izango, batetik ikusi behar delako foru lurraldean Hamaikabaten indarra noraino iristen den eta, batez ere, EAEn eta Nafarroan estrategia bera eramango ote duen erabaki beharko duelako. Pello Urizarrek adierazi du EAren apustua NaBai dela, eta hor egin beharko litzaiokeela leku Batasunari. Baina Morenoren hitzek argi erakusten dute Batasunaren jarrera zein den. Egoera berriak ekarritakoa ondo eta lasai birpentsatu beharko dute guztiek.
hemen pnv jokaerak baldintzatu du norabidea , pnv bere bidean jarraitzen badu, akordioak egiten psoerekin ba oso okerreko bidea hartzen du , independentista praktikatuz hasi behar luke pnv gure estadua eta legeak gureak eta astadu baten serbitsuak ematen herriariarlo denetan pnv egiten duena espainiar legeak kunplitu etaeuskaratu ba horren ordez euskaldunok gure legediak eta hori kunpliarazi z da independentzirakobidea