Saratxagaren liburua baliatu dut ARGIAn nola gauden ikusteko
Koldo Saratxaga eta Jabi Salcedoren liburua irakurri berri dut: “El éxito fue la confianza” (Helbide horretan doan deskarga daiteke). Bertan, etorkizun ilun samarra zuen Bizkaiko Kizun enpresarekin 2008an egindako lana kontatzen da. Enpresa familiar, tradizional, bertikal horietako bat gehiago zen, eta aldatu ezean etorkizuna beltz izango zuena. Berau zuten bi anaia jabeek Saratxagaren K2K emocionando bulegora jo zuten eta hor hasi zen miraria.
Saratxagaren berri duenak badaki enpresa eta lan mundua harreman molde berri batean oinarritzen duela, funtsean pertsonaren balioetan oinarritutako kudeaketa moldeetan. Pertsona oinarri, konfiantza, begirunea, bezeroa, sormena, boterearen banaketa, irabazien banaketa, kontrolik eza, langilearen ardura, talde lana… Azken urte luzeetan kudeaketa molde modernoetan hainbeste aipatzen direnak, batzuetan benetako aldaketaren eragile, eta beste askotan azalari beste itxura bat eman bai baina mamia betikoan mantentzeko aitzakia gisa erabiliak.
Kudeaketaren molde berri hauetan ezer sakondu ez duenak mundu berri eta liluragarria topatuko du, liburura borondate onetik eta ikuspegi zabaletik hurbilduz gero, jakina. Kudeaketa molde berrietan ibilitakoak ez du berrikuntza kontzeptual handirik topatuko liburuan. Baina edonori ere primeran etorriko zaizkio hausnarketara jo eta ganbara apur bat astintzeko. Eta batez ere norberaren enpresa edo erakundea hemen aipatzen direnekiko nola dagoen konparatzeko balio dezake. Nik horretarako baliatu dut batez ere.
Eta poza hartu dut alde horretatik, kudeaketa modernoaren paradigmetan oso ondo kokatua ikusi dudalako ARGIA. Eta ondo kokatua ikusteko klabe batzuk bizitza bezain zaharrak dira: proiektu batekiko sinesmena, langileen protagonismoa, jabegoaren banaketa, irakurle eta harpidedunarekiko ardura… Beste batzuk kudeaketaren munduan murgildu ondorengo ikasgaiak dira: antolaketaren garrantzia, prozesuen bidezko kudeaketaren abantailak, erabakien deszentralizazioa, bezeroa norbere jardunean ondo integratzearena, etengabeko hobekuntza, hausnarketari utzi beharreko lekua…
Hausnarketa ugari eragin dizkit liburuak eta horietako bi jorratuko ditut blogeko hurrengo bi artikuluetan: ezagutzaren gaia da bata eta bestea jabegoarena. Ezagutzarekiko aipatzen dituenak oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Ez nator bat, enpresaren jabegoa eta izaera juridikoari buruz egiten dituen zenbait aipamenekin. Baina, esandako moduan, hurrengoetan azalduko dut zergatik.
3 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Tweets that mention Saratxagaren liburua baliatu dut ARGIAn nola gauden ikusteko -- Topsy.com - [...] This post was mentioned on Twitter by Euskal blogosfera, Euskal blogosfera. Euskal blogosfera said: Saratxagaren liburua baliatu dut ARGIAn…
- Jabegoaren banaketa funtsezkoa da - [...] la confianza” (Koldo Saratxaga, Jabi Salcedo) liburuari. Batean, irakurritakoa kontuan hartuta ARGIA nola ikusten nuen aipatzen nuen; bestean espezializazioa…
Oso interesgarria be, liburua eta zuen egoeraren arteko konparaketa.
Agian, ARGIA hain gertutik ezagutzen ez dugunok, barrutik esan nahi dut, zehaztasun gehiago eskertuko genuke.
Zertan oinarritzen den partehartzea, langileen afera.. ARGIA bezalako proiektu batean.
Saratxagaren lekzioak, arrakasta handia du guren bezala kanpoan, eta komunikazio enpresa baten, horrek bizipenok izanda… komunikazioaren inguruan gabiltzanontzat ere, interesgarria suertatuko da.
Zorionekoak zuek.
Aupa Patxi.
Esaten dudanean liburua irakurri eta hor agertzen direnekiko ARGIA ondo ikusten dudala, inpresio orokor bat da, baina ondo oinarritutakoa. Ez du esan nahi liburuan aipatzen diren guztietan ondo gaudenik, baina bai gauza askotan. Argia SAL bat da eta bere jabegoa horrela banatzen da: %70 langileena da, %15 Antza inprimategiarena eta %15 Adur informatika enpresarena. Bazkidetza egitea boluntarioa da eta gaur egun 24 langiletik 20 bazkide gara. Niretzat jabetza klabea da, baina Saratxaga eta Salcedok liburuan dioten moduan, ez da dena eta arrazoi borobila dute. Kontua da azken erabakia bazkide-langileen esku dagoela. Gure enpresa-bazkideak orain arte behin ere ez dute beren indarra erabili erabakiak norabideren batean bultzatzeko, beti utzi izan dituzte erabakiak Argiako langileen esku.
Euskarazko komunikazio proiektuarekiko konpromisoa oso aspaldikoa da gurean, langileen muin oso garrantzitsu batek behintzat oso argi du zergatik dagoen Argian, gustura dago eta gainera egiten duenaz harro. Eta muin hori gero eta zabalagoa da. Hori bilatzen du edozelako enpresa eta erakundek, bere langileen motibazioa eta inplikazioa. Enpresa batzuen kasuan baliabide ekonomikoek garrantzi handia dute motibazio horretan. Gure kasuan, edozeinek pentsa dezakeen moduan, soldatak motibazio baino oztopo dira. Hori, besteak beste, hobetzekoen arteko lehentasunetan dago beti. Eta kostata, baina aurreratzen da.
Kontrol kontuak: badira ordutegi erreferentzial batzuk, baina bakoitza sartzen da eta ateratzen da gura duenean: bere egitekoak ditu eta horiek betetzea da kontua. Gainerako funtsezko baloreak: konfiantza, sormena, askatasuna, parte hartzea, begirunea, ekimena… txukun ikusten ditut.
Eta kudeaketa esparruan ere asko ikasi dugu. Gure inguru laboralean egon da kontu horiez jakin eta arduratu izan den jendea eta guk ere asko ikasi dugu haiekin. Azken urteetan prozesuen bidezko kudeaketari nahiko arreta jarri diogu eta hortik ere pista interesgarriak atera ditugu antolaketaren ikuspegitik: gure jarduera prozesu bat moduan ikusi, hobeto koordinatu (erredakzioa, publizitatea, harpidetzak, produkzioa…) eta bezeroa ere hobeto integratu.
Gauza askotan gara ahul –gure sektorea, euskarazko komunikazioa, oro har ahul den moduan-, horregatik behar ditugu diru-laguntzak, baina indartsuak diren bankuak eta auto sektoreak ere bai, antza. Eta ahul garelako jo genuen enpresa dibertsifikaziora (Antza, Apika, iametza, Argia jolasak…), baina uste dut oinarri ona dugula hobetzen jarraitzeko. Tira, horra zertzelada batzuk, gaitza da lau lerrotan dena azaltzea, espero dut zerbaitetarako baliagarria izatea. Besterik gabe, liburua irakurri eta ispilu horretan ondo ikusi nuela gure burua, eta esateko gogoa izan nuen.
Argia biluztu duzu eta…
Mila esker, horretan ere eredugarri izan daitekelako euskal prentsa berria.
Zorionak eta aurrera!