Tortura Radio Euskadiko Ganbara-n
Atzo Radio Euskadiko Ganbara irratsaioko zati bat entzun nuen, tertuliaren zati bat, zehatz esanda. Hiru emakumezkoetatik bat iaztik ezagutzen nuen, El Correo-ko kazetari Olatz Barriuso, beste biak ez, Natalia eta Rosa. Iñaki Iriondo zen laugarrena, Gara-ko kazetaria eta Ganbara-n urte luzez ari dena. ETAren azken agiriaz eta honi emandako erantzunaz ari ziren tertuliakideak. Gauza asko esan litezke han entzundakoez, baina hiru ondorio labur aipatuko ditut hemen:
Lehena torturaren gaiari buruzkoa. Iñaki Iriondok atera zuen, azken bederatzi atxilotuek salatutako torturen karietara. Ondo plazaratu zuen gaia Iriondok eta, besteak beste, kezka erakutsi zuen kutxazain bat erretzeagatik nola erantzuten duen klase politikoak ia ahobatez eta gogor, eta salaketa ikaragarri horien aurrean nola ia ez den ezertxo ere esaten.
Eman zitzaizkion erantzunetan ikusi zen beste tertuliakideek zein gutxi zekiten tortura gaiei buruz eta zein konfiantza handia zuten zuzenbide estatuan. “Bai, tortura onartezina da, baina frogatu egin behar da”. Tortura frogatu, horra gakoaren iltzea, hain zuzen ere torturak bere iraupenerako duen tresna eraginkorrena hori denean, ia frogaezina bihurtzen dela Estatuak berau zaintzea nahi ez duenean. Nola frogatu ezer atxilotua inkomunikatua dagoenean, begiak estaliak, zaintza kamerarik ez dagoenean, konfiantzazko abokaturik ere ez… Egunero bisita egiten duen auzi-medikuak, nola detekta ditzake irainak, sexu umiliazioak, poltsa, goma-espumazko “babesetik” emandako kolpeak edo orduak postura txar berean egotearen ondorioak?
Baina harrigarrienetakoa izan zen nola tertuliako moderatzaileak ere ez zuen gaiaz hitz egiteko inongo interesik. Birritan behintzat, “goazen gaurkora” (su-eten kontuak) esanez desbideratu zuen gaia. Gidoiaren garrantzia?
Tira, lerroak aurrera doaz eta hurrengorako utziko dut torturaren babesle ezinbesteko diren epaileei buruzkoa, tortura begien aurrean izan eta beronen salaketa bera ere jasotzeko gai ez diren epaile horiena alegia. Bai, argi esan behar da, torturaren konplize ezinbesteko bihurtzen diren horiena.
Eta tertuliara itzuliz, beste ondorio bat: “ETAren jarreran ez da berrikuntzarik” diotenek, lehen baino askoz deserosoago daude dialektika berri honetan. Sarri askotan ikusi dut deseroso Iriondo tertulia horretan, batez ere atentatuak eta halako egoerak kudeatu behar zirenean. Bart besteak ikusi nituen deseroso. Antza, ez da hain samurra publikoki azaltzea Frederik de Klerck, Desmond Tutu, John Hume eta gisakoen maltzurkeria.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Tweets that mention Tortura Radio Euskadiko Ganbara-n -- Topsy.com - [...] This post was mentioned on Twitter by Argia Astekaria, Irauli, kalera, Xabier Txokarro, Euskal blogosfera and others. Euskal blogosfera…
torturaren indarra horretan dago frogagaitza bihurtzen dutela, denak dakigu intxurrondoko kuartelean milaka torturatu dituztela eta batzuk hil arte mikel zabaltza edo lasa zabala edo pertur eta nafarra baino hori isiltzen saiatzen dira pnv ea bere lagunak
Gaur egun hemen mundu guztiak daki tortura existitzen dela .Gakoa dago horren aurreko pozizioan,batzuei zilegi iruditzen zai ( ez beste “biolentziak” bezala) eta besteei gaizki eta estatu biolentzia iruditzen zaie.
Tortura existitzen den ala ez eztabaidatzen ,gaur egun, nik ez nuke segundu bat ere gastatuko.