Agiriaren ondorengoaz dagoeneko
ETA-REN KOMUNIKATUA une batetik bestera ezagutu dezakegunean, idazten dena zahartua geratzearen arriskua bizi dugu egunotan. Edo ez, inoiz ez bezala, bai baitirudi agiri horrek zer esango duen ezagun dugula dagoeneko: Gernikako Akordioa eta Bruselako Adierazpenak eskatu bezala, su-eten iraunkor eta egiaztagarriaren jakinarazpena; eta horrek esan nahi du, besteak beste, zerga iraultzailea-ren eskaera eta bestelako mehatxuen amaiera. Funtsean, ETAk ere bere egiten dituela Mitchel printzipioak.
Mamian, hori da iragarri zaiguna. Orain ea betetzen den eta agirian zein hizkuntza molde erabiltzen den ikusi behar. Rufi Etxeberriak joan den astean Radio Euskadin emandako elkarrizketa izan da agertuko denaren ziurtagiria eta, berriz ere, medioak mezuan duen eragina agerian geratu da.
Iragarpena, halaber, eta hau ere inoiz ez bezala, ondorena prestatzen ari da jada. Orain arte egindako bidearen egiaztagiri gisa aurkeztuko du ezker abertzaleak eta aldebakarreko bidea bake prozesu anitza bihur dadila aldarrikatu. Beste batzuek, nagusiki PSOEk, aldez aurretik prestatu dute erantzuna: ondo da, baina ez da nahikoa, ETAk behin-betiko utzi behar ditu armak edota ezker abertzaleak ETArekin apurtu behar du. Eta gero gerokoak.
Eta gerokoetan, hauteskundeetakoa da zalantza nagusietakoa, ea agiri honek eta ezker abertzaleak aurkeztuko duen alderdi berriaren estatutuen izaerak maiatzerako ateak irekitzea lortzen duten.
Zalantza gutxiago dago estatuaren errepresioaren eremuan: zoritxarrez, ezker abertzalearen aurkako etengabeko sarekadek gehiago ere iragartzen dituzte. Batetik, Estatuak ezker abertzalea estutzeko baliatzen ditu eta, bestetik, PPrengandik babesteko. Baina, ezker abertzaleak eta ETAk mugimenduak egin ahala, pilota ospetsua PSOEren teilatura doa apurka. Erabakien ordua dute. Keinuak aspalditik gertatzen ari dira, baina ez iritzi publikoak argi eta garbi arre edo so ari den irudikatzeko moduan. Eta maiatzeko hauteskundeetarako, hori argi ikusi behar du euskal gizarteak. Ezker abertzaleak urratsak eman ahala, eta PSOE errepresioaren eskeman enrokatzen bada, bere botoemaile mota batek bizkar eman diezaioke, lehenago Zapaterori 2006ko ahalegina eskertu zion moduan.
Alde horretatik ezker abertzalea ez dago hain presatua. Atxiloketek-eta humanoki min ematen badute ere, ETAren biolentzia bako eszenatokian, politikoki errentagarri ere izan daitezke, eta gerta liteke Madrilgo errepresioa ezker abertzalearentzat sostengu bilakatzea hemen.
Premia beste eremu batzuetan du ezker abertzaleak, esate baterako presoenean, eremu horretan ere urratsak eman beharko baititu. Presoen Kolektiboak urratsak eman beharko dituela alegia. Eta seguruenik Espainiako Gobernuaren pausoen zain egon gabe, erabaki aldebakarrekoek Madrilgo Gobernuari presoak xantaiatzeko aukera gutxiago ematen diote eta.
Noticias Taldeko elkarrizketan ikusi dugun legez, Langraizko espetxeko preso talde bat jadanik egiten ari da bide bat eta, seguruenik, Kolektiboak berandu baino lehen hartu beharrekoa ez da oso desberdina izango. Desberdina testuingurua izango da, gradu aldaketa edo baimen bat eskatzea orduan ez delako gaizki ikusia izango eta presoen parte hartzea prozesu honetan bideratuago egongo delako. Gaur gaurkoz, bake prozesuak daraman bidearekin, nekez irudika liteke amnistia orokorraren tankerakorik. Bai irudika liteke, aldiz, irteera graduala, baldintza batzuk onartu ondoren. Irudikatu ezina zera da, barruan geratuko direla.
(ARGIAren 2258. zenbakian argitaratua)
Apur bat gogorra etxiloketeen “emaitza onen” inguruan esan duzuna. Hasteko kartzelako urte luzeak suposatzen duenagatik eta inkomunikazio eta familien sufrimendua eta dispertzioagatik.
Jakina, egoera injustu horien ondorioz jende askok sofritzen du. Kontua da ETAren atentaturik gabe eta ezker abertzaleak daraman norabide honekin, jende askok ikusten dituela oso gaizki sarekada hauek eta, ondorioz, bere aldeko elkartasun maila esanguratsua sor litekeela, baita bere mundurik kanpo ere. Eta hori nekez gerta zitekeen ETAren atentatuen erdian.