Urtu
Duela 14 urte Arrasatetik Iruñera etorri nintzenean, Gazteluko Ingurubideko atiko txiki batean topatu nuen aterpea. Nafarroa mitifikatuarekin baino, egiazko Nafarroarekin egin nuen topo berehala. Igogailuan bikotearekin euskaraz jardutean, begiratzen gintuztela sumatzen nuen. Salbuespenak ere baziren, baina nekez entzun nezakeen euskaraz han. Inguruak begiratu egiten zion euskarari, eta zenbaitetan mesfidantzaz gainera. Agian ez zen guztiz horrela, baina nik hala sentitzen nuen.
Urtebeteren buruan, goiz batean, autoaren kristalean papertxoa itsatsia topatu nuen: “A tu casa vasco”. Ez nekien ingurukoren batek euskaraz entzun eta horrexegatik jarri ote zidan edo, besterik gabe, SS matrikula neramalako. Ez dut behin ere jakingo, baina inpresioa egin zidan. Arrasaten edo Bilbon ez bezala –hemen ere luzez bizi izan bainintzen–, identitate lehia oso bestelakoa zen hemen. Tori, hori ere oztopo.
Hiru urte ondoren Alde Zaharrera bizitzera abiatu ginenean, egoera asko aldatu zen. Euskarak bazuen bere tokia, zenbait gunetan nahiko normaltasunez eta beste zenbaitetan ezer baino gehiago irribarre konplizea sortuz. Aldaketa handiena, ordea, umeak munduratzean heldu zen. San Francisco-ko D ereduan ekin zion alabak eta euskararen harreman sarea –ordura arte ere txikia ez zena– handitu egin zen gure bizitzan. Zenbaitetan, plazako kulunka artean euskara nagusi gainera. Bai, bizirik gaude, zer demontre!
Ohitu naiz, euskaldunak lasai bizi baikara Alde Zaharrean. Minoria txikia gara, baina euskaltzaletasunak babesten gaitu. Goitik beherako ezikusiari eta eraso multzoari hobeto eusten zaio horrela. Bai, neuk ere ikusten dut botila erdi betearen diskurtsoak dioena: inoiz ez gara hainbeste izan, irakaskuntzan, kalean, literaturan, hedabideetan… Aurrera goaz.
Baina urtzen ari gara. Hori da bizitza garai honetan datorkidan usaia, gizartean urtzen ari garela, urtzen ari dela euskara gure erdaretan. Alaben (7 eta 9 urte) hitz jarioan ernaldutako sentipena da. Euskaratik erdararako bidaian, honek duen indarra ikustean, kalean, eskolan, telebistan… Lehendik ere ez baneki bezala, baina, ay, mehatxua etxean sumatzean…
Eta gogorrena izan daitekeena, euskaltzaletasunean urtzen agian. Inguruan ditudan guraso erdaldun euskaltzale askoren egoera eta jarrerak zorrozten didan inpresioa da. Funtsean, eta borondate onenarekin, uste dutelako ikastea nahikoa dela, gero erabiltzearena erraz etorriko dela. Haiek sakonean hala bizi dutela uste dut. Eta guk dagoeneko ikusia dugu errazena dela ikastea, eta zailena erabiltzea, euskaraz ere bizitzea.
Euskaraz eskolatuta ere, euskaldun diren haur eta gazte gehienak euskaraz nola biziko diren irudigaitza egiten zait sarri. Erreferentzia foko berezirik gabe, euskara nagusi den gune txiki, trinko eta erakargarririk gabe ezinezkoa izango dela iruditzen zait.
Eta integrazioa? Bale bai. Eta gainera botila erdi betea da. Bale, hori ere bai. Baina orduan, nola saihestu urtzearena? Nola lortu gaztetatik trinkotzea? Nola eskuratu erreferentzialtasuna? Eta erantzun bakarra datorkit, bila jarraitu behar, asmatu arte. Horrek bizi nauelako, horrek bizi gaituelako.
(Karrika aldizkariaren 145. zenbakian argitaratua. Karrika Iruñeko Karrikiri elkartearen aldizkaria da)
Semeak behin galdetu zidan zer dela eta gure herriari Euskal Herria deitzen diogun. Bere ustez logikoena Kastellano Herria deitzea izango litzateke. Iritzi hori zen 8 urteko Donostian bizi den ume euskaldun batena, baino seguru asko inguru erdaldunetan bizi den edozeinek ere konklusio bera egin lezake, bere inguruan dagoen hizkuntza egoera kontuan hartuta.
Orain 12 urte ditu eta egoera berdinean segitzen dugula iruditzen zait.
Hiri eremuetan euskaraz bizitzeak askotan eten gabeko boluntarismoa eskatzen du eta iruditzen zait euskaldunok estimulu berriak behar ditugula Ruperrek aitatzen zuen euskaldunen nekezari aurre egiteko.