Ez dut analisirik idazteko gogorik
Orain behintzat ez, bihar biharkoak. Bizikletan harrapatu nau ETAren agiriak, kalean, umeekin, eta kasketa eta “gose naiz” eta arrautza eta txorizo artean, haserre etxeko txikiarekin, eta jogurra, zerealak…
Eta telefonoa erredakziotik, Lander da: “Heldu da, 7etan… lasai, ari gara…”. Eta nik “bihar arte bai, akaso gauen idatziko dut; akaso ez, seguru…”. Eta lapikoa eta xaboiarekin jarraitu dut, erreakzionatu ezinik. “Gogoratu neskak, urriak 20 –etxeko gazteei–, hau egun haundixe izengo da Euskal Herrixendako”. Tertuliak irratian, PPko Iñaki Oyarzabalen balorazioa, txukun… Eta estropajoari eraginez hunkitu naiz. Malkoak. Bai, azkenean iritsi da, hau da luzaroan horrenbeste desio izan dugun eguna!
Tira, erreakzionatu mutil. Eta hasi naiz: lankideekin berba egin, irratia jarraitu, telebista, internet, Twitter… listo irakurri ditut guztiak. Eta orain idaztera, baina ez dut analisirako gogorik. Allakuidaus, hori biharko. Goza momentua eta utzi arrastoa blogean, gaurko marka hau, betirako marka. Analisirik ez, baina oroitzapenen jarioari ezin eutsi: zein pozik leudekeen aita-ama, zenbat milaka kilometro ipar-hego, zenbat eztabaida, zenbat liskar, zenbat hildakoren kronika, zenbat sufrimendu, zenbat… eta ostera ere malkoak masailetik behera. Listo, honekin nahiko, bukatu da eguna, egunoff idazten dute Twitterren. Egun on irakurle, egun on Euskal Herria.
Neure seme-alabei gauza bera esan diet. Semeak sujeritu du jai izendatu zitekeela egun, alfer halakoak. Neuri ez zait malkorik irten. Umeekin txin-txin egin dut afaltzen, Kas Limon eta Powerade urdinarekin.
Ba bai Luistxo, bakoitzari modu desberdinean ateratzen zaigu barruko hori. Iruditzen zait umeek harrapatzen zutela zerbait berezia gertatzen ari zela, baina ulermena… Ohi moduan, hasi ziren galdezka, nik erantzun batzuk luzatu, eta listo. Izango da denborarik.