Estatuaren indarra, soka luzean utzia
Autopsiak esan du gomazko pilota batek eragin duela Iñigo Cabacasen heriotza. Hau da, Ertzaintzak jaurtitako pilota batek. Zehatzago, ertzain batek. Eta pilota bota zuenak, seguruenik badaki bera dela Cabacas hil zuena, hiltzailea. Ez du gozoa izan behar, behintzat ez badu pentsatzen aginduak besterik ez zituela jaso, edo hori irakatsi diotela, edo bere lana besterik ez zuela egin, edo istripu tamalgarri bat besterik ez zela izan, edo… Denetik pasa liteke ertzain horren burutik.
Kontua da orain epaile batek argitu beharko duela zer gertatu den, zergatik, nola… Eta esperientziak dio Ertzaintzak, oro har, ez duela errurik izan orain arte bere bortxaren ondorioz hildakoen kasuetan. Lehenik eta behin, Rodolfo Aresek Eusko Legebiltzarrean emango dituen azalpenak entzun beharko dira, baina dagoeneko argi esan liteke orain arte bere Saila ez dela batere fin ibili.
Batetik, ez da ez normala ez zentzuzkoa Ertzaintzaren parte hartzea joan den ostegunekoa izanda, Barne Sailak ia astebetera azalpen zentzuzkorik ez eskaini izana. Ertzaintzak hasieran esandakoak ere gezurtatu ditu azkenean: Ertzaintzaren bertsioan, telefono dei asko jaso zituen esanez zauritu bat zegoela lurrean eta horregatik joan zirela, eta bertaratzean eraso egin zietela. Azkenean, aldiz, Aresek onartu behar izan du Ertzaintza Iñigo Cabacasengana hurbildu zenean, jadanik Ertzaintzaren karga bat izana zela.
Cabacasen familiak eta lagunek argi esan dute hasieratik, Ertzaintzak gertutik jaurtitako pilotakada batek eragin zizkion zauri hilgarriak. Sare sozialetan eta hedabideetan agertzen ari diren dozenaka testigantza ere bat datoz gertaeren kontaera horrekin.
Latza da futbol partidu baten ospakizunetan aritzea eta bertan heriotzak harrapatzea, zer eta poliziaren pilotakada batekin. Baina Ertzaintzak kale istiluetan nola parte hartzen duen behin baino gehiagotan jasan duenak edo zuzenean ikusi duenak, ez du notiziak harrituko. Harrigarriena da nola ez diren askoz hildako gehiago izan. Ertzaintzak azken 25 urteetan gomazko pilotaz zauritutakoen estatistikei zorrotz begiratzea besterik ez legoke, horietako askorengandik heriotza zein gertu egon den ohartzeko. Martxoaren 29ko greba egunean Gasteizen gertatutakoa da adibide gertukoena: Ertzaintzaren gomazko beste pilotakada batek, buruan emandako kolpearen ondorioz, ospitaleko zaintza berezietara eraman zuen Xuban Nafarrete gaztea.
Azken bizpahiru hamarkadetan, zenbat dozenaka belarri, begi, buru, aho, masail, kopeta… zartatu dituzten kolore denetako poliziek Euskal Herrian jaurtitako gomazko pilotek. Eta oinarrian zera dago, Estatuaren biolentziaren monopolioa indarrean jarri behar duten agintari eta poliziek soka luzean ohituak daudela hemen, demokraziaren kolpatuak, zaurituak, hildakoak, horren kolpatu, zauritu edo hildako ez direlakoan. Funtsean, edo merezi zuten, edo kalte kolateralak dira. Zer ote da Iñigo Cabacas?
Penagarria benetan. Zarautz-en, usoei, “itsas arratoiak” deitzen diote. Hor nonbait ere hoiekin.