Euskal prentsaren etorkizuna, Zornotzako eskema
Asteartean, hilak 4, Zornotzan izan nintzen hitzaldi batean, euskal prentsaren etorkizunaz berbetan Jone Guenetxearekin (Anboto), Mikel Irizarrekin (Tokikom) eta Joanmari Larrarterekin (Berria).Uste nuen bakoitzak berea botako zuela eta gero elkarren artean jardungo genuela. Baina ez, Eider Bilbaok ondo gidatu gintuen galderaz galdera (hobeto hala). 42 entzule izan ziren, gaur egungo hitzaldi baterako oso ondo.
Eta nire eskema? Gauza batzuk bota nituen han. Egina dudanez, dena blogean jarriko dut, ia-ia zegoen bezala utziz.
(Euskal prentsaren etorkizuna. Zornotza, 2012ko abenduak 4)
0. KOMUNIKAZIOAREN PROZESUA
Komunikazioa prozesu bat da, hartzailearekin hasi eta berarekin bukatzen dena. Euskal prentsan prozesu horrek osagai batzuk ditu eta horietako bakoitzean une honetan garrantzitsuak iruditzen zaizkidan hainbat gogoeta egingo ditut.
1. KONTSUMITZAILEA.
Inportanteena da, norbaitek gure medioak kontsumitzeko gogoa eta beharra duelako bizi gara. Papera gero eta gutxiago kontsumitzen du eta Internet gero eta gehiago (gazteak). Hiru elementuk eragiten dute honetan:
- Interesa: ez dirudi horrenbeste edukiarekiko interes falta denik, produktu bera interneten irakurtzen da. Arazoa euskarria da.
- Dirua: Arazo nagusiena da. Papereko guztia sarean izanda, zergatik erosi papera? (Aukerak badira, baina gutxik ordaintzen dute laguntza gisa).
- Kontzientzia: garai batean, kontzientziari militantzia deitzen zitzaion, desagertu ei da. Dagokion neurrian, berriz aldarrikatu behar da. Kontsumitzaile barik ez dago prentsarik.
2. KAZETARIA.
- Irakurlea. Kazetariak lan egiterakoan kontuan izan behar duen lehen gauza (ez erakunde bat, alderdi bat, instituzio bat, zuzendaria…). Hari saldu behar diogu gure produktua.
- Lan baldintzak. Hobetu behar ditugu, bizipozerako giltzarri dira. Bestela kazetari on askok beste lanbide batzuetara egiten du alde.
- Gazteei. Prestatu, prestatu eta prestatu… baina jakin, edozein mediotan kolaboratzea moduko masterrik ez dagoela. Egin jauzi medioetara, edo sortu bideak, gaur egun hori askoz samurragoa da Interneterekin. Blogak tresna bikainak dira.
3. KOMUNIKABIDEA:
- Negozio eredua. Papera-Internet: Papera izugarri sufritzen ari da, baina gure edukiak Interneten doan egotea ezinbestekoa da. Hori da onuragarriena gurea moduko hizkuntza txiki batentzat. Hemendik 10 urtera batek daki.
Beraz, Internet bereziki lagundu behar da, eta bada kontraesan garrantzitsu bat hemen: 2012ko Jaurlaritzaren diru laguntzetatik 10etik 1 bakarrik da hedabide digitalentzat (5 milioi eurotik 500.000 euro).
- Kazetaritza moldea. Gauza asko azpimarra daitezke, nik oinarrizko bat: Kontrola ditzagun medioak langileok (kooperatiba, SAL…).
Honek bi gauza oso garrantzitsu ahalbideratzen ditu:
– Medioaren independentzia. Hori giltzarri da kazetaritza serio eta kritikoa egiteko, sinesgarriago izateko eta benetan irakurlearen zerbitzura egoteko
– Krisi garaietan eusteko dagoen erremintarik onena da: egoera latza guztien artean banatzen da eta produktuak hobetzeko akuilurik garrantzitsuena da norberak medioa berea dela sentitzea.
Kazetaritzaren klasikoak diren baloreak hobe bete daitezke horrela: boterearekiko kritika, alderdi eta botereekiko independentzia, gure herri eta kulturarekiko konpromisoa…
4. HEKIMEN.
- Krisiak batu gaitu eta gure mundu atomizatuan lorpen handia da.
- Ahots bateratua dugu gizartea eta instituzioen aurrean.
- Gure arteko elkarlana ahalbideratuko du (Behatokia…).
5. ERAKUNDE PUBLIKOAK.
Liburu honetan Patxi Baztarrikak pista interesgarria eskaintzen du agintariek instituzioak-gizartea bikoteaz normalean ohi duten ikuspegiaz. (Babeli Gorazarre. Bizikidetzarako hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra): Baztarrikak dio euskarazko hedabideen merkatua ikaragarri hazi dela azken hamarkadatan eta hori nori esker den ere argi zehazten du: “…eta aitortu behar da hazkunde hori batez ere herri-aginteek helburu horretarako jarri dituzten diru-laguntzei zor zaiela”. (Ez erosleari esker, ez kazetari, elkarte eta enpresei esker… nagusiki instituzioei esker).
- Harreman moldea aldatu. Erakunde publikoak giltzarri dira gure garapenean, gutariko asko bestela ez lirateke existituko. Baina beste era batera aritzeko unea heldu da, esplora dezagun, hemen ere berrikuntza behar da eta.
- Diru-laguntza publikotik hitzarmenera. Hitzarmenaren ordua da. Honek harremanaren oinarria aldatzen du, onartzen du medioen funtzio publikoa eta medioei segurtasuna ematen die.
- Milioi bat gehiago. Diru kopurua handitu barik larri. 2012an Jaurlaritzak 5 milioi bideratu ditu herri ekimeneko hedabideetara, EITBra 130 milioi euro.
- Langileak. EITBn 900 bat langile (euskaraz eta erdaraz) eta herri ekimenekoetan 600 bat.
- Audientzia datuetan kopuru handiagoak biltzen dituzte Hekimenekoek (EITBko euskarazkoak baino).
- Eraginkortasuna? Kalitatea? 130 milioi, noiz eta seguruenik ETBk inoizko daturik txarrenetakoak izan dituenean: ETB1en batez besteko ikusle kuota aurten 2,1ekoa.
- Garai politiko berria, aukera ona. Lizarra-Garaziko sasoian (1999) diru-laguntzetan gora egin zen (EAJ-HB akordioa, Kontseilua…). Orain ere garai politiko berria bizi dugu: izango ote EAJ-EH Bildu akordiorik?
- Publizitatea.Erronka handi bat: jakitea instituzioek zenbat gastatzen duten publizitatean guztira eta hortik zenbat bideratzen den euskarazko hedabideetara. (Saiatu gara, instituzioek ez dituzte datuok pasatzen).
- 2010eko datuekin egindako kalkulua: euskarazko hedabideetara publizitate instituzionalaren %7 bideratu zen.
Produkzio prozesu guztietan kalitatea klabea denez, honako apuntea:
6. KALITATEA. Instituzioetan azken boladan bolo-bolo dabilen diskurtsoa: kalitatea behar da, batzuk ez dute eta, beraz, euskal hedabideen birmoldaketa behar da.
- Baina ez da esaten zer den kalitatea, eta nork duen eta nork ez.
- Tokiko hedabideetan jartzen da begia. EITBn ez antza, ez behintzat diruarekin lotuz. (ETB1en batez besteko ikusle kuota aurten %2,1, 2011ko ekainean %1,3).
- Kalitatea eta berrikuntza funtsezkoak dira eta hitz egin behar da hortaz, baina parametro batzuen gainean. Jar ditzagun.
Ondorioa:
Ez da miraririk. Gure artean medio batzuk gorriak pasatuko ditugu, baina aipatutako osagaietan sakontzen asmatzen badugu, euskal prentsak, euskal komunikazioak urrats oso garrantzitsua emango du.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks