Gazte baten aurkako eraso sektario basatia Belfasteko iparraldean
Gazte bat lurrean konorterik gabe utzi dute duela gutxi ausaz egindako eraso sektario batean.
Erasoa eta gero, bere medikuek jakinarazi diote aurpegiko zaurietako batzuk betirako izango dituela.
Ciaran Ferrini Belfast Iparraldeko interfaze batetik gertu egin zioten eraso, azken bi hilabeteetan loialistek biolentzia eta beldurra etengabe barreiatu duten eremu batean.
Mutilak 23 urte ditu eta, lan berria lortu izana ospatzeko, neska-lagunarekin gaua festan pasa ondoren, etxera abiatu zen eremu errepublikarreko Brompton Parketik.
Une horretan, lehenago inguruan itzul-inguruka ikusia zen zilarrezko berlinatik jaitsitako hiru gizonek eraso egin zioten.
Oroitzen duenez, autoak pasatu egin zuen, ondoren itzulia eman eta berarengana zuzendu zen.
“Zigarro bat piztera gelditu nintzen eta autoa nola geratzen zen ikusi nuen, bidaiariaren atetik gizon bat atera eta zerbait esan zion neska-lagunari”.
“Ondorengoak ez ditut ia gogoratzen. Kolpatua izan nintzen eta konorterik gabe utzi ninduten”.
“Zirujauaren esanetan, metalezko zerbaitekin kolpatu ninduten, ukabilak ez zuela aurpegia horren kaltetua utziko”.
“Metalezko bi plaka ditut alde batean, masailezurra zatitua dut eta zazpi hortz atera ziren sendatze lanetan”.
“Nerbioei eragindako kaltea betirako da eta medikuak esan zidan ez nuela sentimenik izango ahoaren eta aurpegiaren atal batzuetan”.
Ingurukoak Ferrin laguntzera hurbildu zirenean, erasotzaileek ihes egin zuten.
Egoera are eta dramatikoagoa egiten duen gertakizun tristea ere bada. Niall Ferrin bere anaia burmuineko kalte iraunkorrarekin geratu zen, 2007an Cliftonpark etorbidean jasan zuen eraso sektarioaren ondoren. Erasoan, lepoa alanbrez inguratu zioten, errepidean barrena arrastaka eraman aurretik. 19 urteko gazteak bere buruaz beste egin zuen 2011n.
(Albistea ez da atzo-herenegungoa, El Norte de Irlanda blogaren urriaren 1eko sarrera da eta argi adierazten du oraindik orain Belfasteko hainbat gunetan bizi den giroa. Ipar Irlandako gaztelerazko informazioa nahi duenak, blog aberats honetan badu zer irakurri. Ikuspegi errepublikarra du eta nagusiki esparru politikoa jorratzen du, baina baita beste gauza asko ere, besteak beste, historia, musika eta Irlandan bisita litezkeen leku bitxi eta ederrak).
zuk ere “erasotu”???? Euskaraz ez dago aditz hori. “Eraso” + nork-nori (CFri… eraso zioten). Gazteleraz ez ditugu horrelako akatsik onartzen.
Zure erantzuna ikusi… “gazteleraz ez ditugu horrelako akatsak onartzen” edo “gazteleraz ez dugu horrelako akatsik onartzen” izango da ezta?
Zalantzan ibili nintzan Zorrozkiloa, banekien garai batean nik hainbeste jarraitu izan dudan Egunkariaren estilo liburuak ez zuela baimentzen, baina jarri egin nuen ea norbaitek zerbait esaten ote zuen (eta bide batez, dena esateko, Interneten bilatze lanetan denborarik ez galtzeko). Argian aspaldi erabaki genuen Euskaltzaindiaren arauak jarraitzea, ezin du bestela izan, baina orain bai-orain ez zoratzen gaituzte arauokin, eta ulertzen dut azkenean askok planto egin eta intsumisioa praktikatzea (ez da nire kasua, baina hori ere behar da). Hizkuntza bizi-berritzeko proposamen ausartak ere behar diren moduan, Amuriza… Azken finean hiztunek eta denborak erabakitzen dute nola den zerbait eta nola ez.
Baina bai, nik kasu egingo dizut eta zuzenduko dut.
(Uy, eta zuzentzera joan naizenean, erredakzioko kideren batek zuzendua zuen. Eskerrik asko lankideari)