Iraganaren kudeaketa Ipar lrlandan: Amnesty Internationalen ondorioak (I)
Atzo irratian entzun nuen Urkullu lehendakaria, aurki Mariano Rajoyrekin izango duen bileraz mintzo. Eta, besteren artean, plaust bota zuen, “memoria, egia eta justizia”ri heldu behar zitzaiola. Ez dakit hala izango den, baina “Jonan Fernandezen eragina”, pentsatu nuen eta joan den astean ARGIAn Ipar Irlandako iraganaz egindako erreportajean (hemen elkarrizketa) argitaratutako txosten bat etorri zitzaidan burura, hemengoari ekiteko ere pista batzuk izan daitezkeelakoan.
Ipar Irlandan 1998an Ostiral Santuko Akordioak sinatu zirenetik 15 urte iraganda, Amnesty Internationalek bake prozesuan iragana kudeatzeko moduaz ikerketa sakona egin zuen eta emaitzak 2013ko irailean aurkeztu zituen txosten honetan: “Northern Ireland: Time to deal with the past” (Ipar Irlanda: iragana kudeatzeko ordua). Txostenaren bukaeran, lanaren ondorioak aurkezten ditu eta aholkuak luzatzen dizkie Erresuma Batuko Gobernuari nagusiki eta Irlandakoari. Ondorioen laburpena honakoa da:
Ipar Irlandan iraganean gertatutakoak ikertzeko eraikitako sistema ez da egokia izan. Iraganeko bortxakeria eta gehiegikeria ugari ezkutuan dira oraindik eta Estatuan zein talde armatuetan ardura postuetan zeudenak babestuak daude. Familiek eta gizarte zibileko elkarteek egin dute iragana ikertzeko lana, baina bakoitzak berea egin du eta, horren ondorioz, ez dago ikuspegi bateratu bat gertatutakoaz.
Giza eskubideen bortxaketa eta gehiegikerien ikerketa funtsezkoak dira egia ezagutu eta bake iraunkorra bermatzeko. Guztien borondatea behar da urratsak eman eta hauek ikertu eta argitzeko. Biktimek erabateko erreparazio eraginkorra behar dute. Eta hau guztia egiten ez bada, iraganeko itzalak nabarmen luzatuko dira Ipar Irlandaren etorkizunean.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks