Egigurenen keinu eta probokazioak Iruñean
Herenegun arratsaldean aurkeztu zuen Jesus Egigurenek bere liburu berria (Euskal Herria. Por un nuevo Nacionalismo , vasquismo y navarrismo) Iruñeko Katakraken, Ezkerraberri Fundazioaren eskutik. Aralarreko buru Patxi Zabaletak egin zion aurkezpena eta aretoa bete egin zen. Bazen ikusmina. Bukaeran zaporea gazi-gozoa.
Gozoa, datozen lekutik etorrita, Egigurenek berriz ere ausardia eta probokaziorako gaitasuna erakusten duelako; eta esanak esan, bakoitzak bere bideari uko egin gabe, berak planteatutako esparruan bada herrigintzarako tarterik, bereziki Nafarroan. Gazia, PSE-EEko lehendakaria den arren, bere alderdia posizio horietatik oso urruti dagoelako eta hainbat planteamendu oso airean geratu zirelako (erabaki eskubidea, Nafarroaren mendekotasun historikoaren gaia, Espainiar nazionalismoa balizko ahuldadea, bi estatutan egoteagatik biziraun duela euskarak…).
Hari lauso bat jarraituz, batetik bestera saltoka ibili zen, joan etorrietan, oso bere estiloan. Argi azpimarratu zuen ez duela egin nahi izan liburu akademiko eta sakona, Euskal Herriari buruz hainbat ideia zituela, garai berrirako baliagarriak iruditzen zaizkiola eta, batez ere, ezker abertzaleari begira egindakoa dela –Gararekin argitaratu du–, bere sozialismoak haren aliantza lotu beharko lukeelako. Independentziaren bidetik Euskal Herriak ez duela etorkizunik azpimarratu zuen eta Euskal Herria foruzaletasunetik jorratu behar dela.
Hona esandakoetako batzuk:
– “Gaztea nintzenean dena zen euskal-nafarra (vasco-navarro) eta orain hori desagertu da”.
– “Zenbat eta Euskadi gehiago, Euskal Herria gutxiago”.
– “Ezin da Euskal Herria ulertu Nafarroa gabe”.
– “Gipuzkoa bere nortasuna galtzen ari da, Bizkaiak gero eta gehiago agintzen du”.
– “Noizbait esan dut, Euskal Herriko nazionalista naiz, ez sabindarra”.
– “Euskal Herri frantsesa euskal nazioaren arima da, lehen euskal liburuak handik atera ziren, handik etorri da kultura moderno osoa”.
– “Noizbait Euskadi independentea balitz, gaztelaniaz hitz egingo litzateke”.
– “Erabaki eskubidea duela lau urte jaio zen. Ez nago aurka, baina bai kontsulta batez erabaki dadin. Hori baino askoz serioagoa da eta prozesu konplexua da, batzeko balio behar du, ez zatitzeko”.
– “Arazo handiak ikusten dizkiot ezker abertzaleari eta alda dadila nahi nuke, bazkide bat behar dut eta”.
Horiek eta beste asko ere jaurti zituen. Galderen txandan emakume batek berehala erantzun zion: “Ondo dago ezkerraren elkarlanaz jardutea, baina nola egin dezakegu hori hemengo PSNrekin gertatutakoaren ondoren?”. Erantzuna: “Rubalcabak ongi egin zuen, bere botoak zaindu nahi dituelako, Nafarroako sozialistek egin zuten gaizki”.
Gauza askori buruz egin daitezke hainbat iruzkin eta, gainera, bere liburuarekin lortzen ari da hori Egiguren. Giltzarri delako, bat azpimarratzekotan, erabat gaurkotasunezkoa den erabaki eskubidearena da. Kontu berria dela aipatu zuen eta, izen horrekin behintzat, ez zaio arrazoirik falta. Autodeterminazioa zen PSOEk 1978an defenditzen zuena. Baina horren urruti joan gabe ere, bere alderdikide, ideia kide eta lagun Gemma Zabaletak Bilbon gogorarazi berri duen moduan, erabaki eskubidea Loiolako elkarrizketetan aitortu zen; ez hori bakarrik, nafarrek kontsulta bidez onartuz gero, Hegoalde osorako balizko autonomia estatutua ere adostu zen. Ezaguna den moduan han zegoen Egiguren eta berak ere onartu zuen.
Bere hausnarketa eta probokazioan, alabaina, bada Euskal Herrian sinesten dutenen aldeko elkarlan sakonerako tarterik. Patxi Zabaletak ere Egigurenek hain maite duen ironiarekin amaitu zuen: “Liburuaren azken kapituluaren titulua da gehien gustatu zaidana ‘Ezker abertzaleak du giltza’”.
5 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Jesus Egiguren: “Erabakirik hartu gabe hobe joaten zaigu” | Angelu itsua - […] gertuago den honetan, hainbat politikariren iritziak bildu dituzte Pausoan saioan, besteak beste, berrikitan liburua argitaratu duen Jesus Egigurenenak. Hauek…
Ni ere antzeko sentsazioarekin atera nintzen hitzalditik. Eguigurenek esandako zenbaitzuk oso interesgarriak egin zitzaizkidan, baina niretzat oinarrizkoak diren askotan guztiz kontra geunden. Esandako “perlen” artean, nik ere beste hau nabarmenduko nuke:
“Gaur egun inork ez dauka ahotan presoen gaia. Lehen, ETAk tiroak ematen zituenean (EAEko) parlamentuan mozioak, adierazpenak onartzen ziren… Gaur egun ez da ezer egiten. Uler dezaket PP eta PSOEk ezer ez egitea, baina EAJ?”
Eta norbaitek dispertsioari buruz galdetzean:
“Bai, guk (PSOE) jarri genuen martxan, baina EAJren laguntzarekin. Guk burutzen genuen, baina kartzelak EAJk aukeratzen zituen. Eta argi dago, presoen birgizartearentzan pentsatzen onartu genuen, baina ez ditu bere helburuak betetzen. Bukatu beharra dago.”
Bai Beñat, zerrenda luzea egin liteke hark esandakoekin eta zuk aipatzen dituzunak azpimarratzeko modukoak dira. Eskerrik asko.
EgUigurenen okurrentziei hainbesteko hauspoa eta garrantzia ematea ere… PSOEren eta Espainiar Estatuaren zerbitzari leial eta baliotsua da gizona. Ohi bezain ulergaitza egiten zait ezker abertzalearen ustezko joko taktiko-estrategikoa.
Segi Eguigurenekin jolasten, Jaureguik, eta Jimenezek-eta eurenak egiten dituzten bitartean.
Lotsagarria liburua publikatu izana eta ematen ari zaion kantxa. Noraezean dabilen Herria, norabide argia duen inperialismoaren biktima erraza.
Martxa honetan, egun batean ETAkoa dela aitortuko du Egigurenek. UPS! http://katxonderstan.blogspot.com.es/2014/04/jesus-egigurenek-etakoa-dela-aitortu-du.html?showComment=1399617735928#c3964178794865570160