Zatiketaren amaieraren norabidean
Ezkerrak, PSNk eta Geroa Baik Euskararen Legea aldatzeko proposamena egin dute Nafarroako Legebiltzarrean. Legearen 26. artikulua aldatuko da eta, funtsean, Nafarroako eremu ez euskaldunean euskarazko irakaskuntzari ateak irekiko zaizkio, baldin eta ikasle kopuru zehatz batek hala eskatzen badu. Lege aldetik honek eremu ez euskalduneko egoera eremu mistoaren egoera berdinean utziko luke, hau da, gutxieneko eskaria baldin badago, euskarazko lerro bat irekitzen da. Eremu euskaldunean gobernuak berak eskaini behar du hasieratik euskarazko eskaintza. Bildu eta Aralar-Nabai-ren ustez legeak ez du zonifikazioa hausten eta horregatik ez dute proposamena sinatu, baina lege aldaketa aurrera ateratzea ahalbidetuko dute.
Ikuspegi sinbolikotik urrats oso handia da Euskararen Legeari aldaketa hori egitea eta potentzialitate handikoa, funtsean euskal hezkuntzari ateak zabaltzen dizkiolako Nafarroa osoan. Praktikoki nola eragingo duen ikusi egin behar oraindik, legearen garapena Gobernuaren esku geratuko baita.
Pentsa liteke datozen urteetan UPNren gobernu batek garatu behar badu, emaitza ez dela oso oparoa izango. Nafarroan aldaketa eman eta bestelako gobernu batek egingo balu, garapen handiagoa izango luke, zalantzarik gabe, atea zabaltzea giltzarri baita, baina askoz garrantzitsuagoa da gero bidea egitea.
Gobernu berri batek zonifikazioa bera hautsi beharko luke, horrela hizkuntza eskubideen mailaketa desagerraraziz. Ez ekonomian, ez eskubide sozialetan, ez osasunean, ingurumenean… inongo esparrutan ez da Nafarroa zatika banatzen eskubideei dagokienez. Zergatik hizkuntzan? Bestelakoa da legearen garapena eta hizkuntza politikak tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaren arabera garatzea, baina lehen, bigarren eta hirugarren mailako herritarrak sortzea?
Iruñerritik beherako lurraldeetan, oro har, urria da euskararen presentzia eta hainbat gunetan euskararen aurkakoa ere bai, inkesta soziolinguistikoek behin eta berriz agertu duten legez. Urtetik urtera, baina, kontrako jarrera gero eta murritzagoa da (%69tik %46ra 1991tik gaurdaino) eta aldekotasuna gero eta handiagoa. Bada lanik, beraz, mamuak uxatu eta euskara mehatxu baino altxor gisa erakusteko.
Nahiz eta egin beharreko aldaketa handiaren lehen zirrikitua besterik ez den, norabide egokian doa eta lege aldaketa gauzatzen denean aukera oso garrantzitsua irekiko zaie Nafarroako euskaltzale eta euskaldun askori. Basamortuan egarri larri dabilenari ur botila eskaintzea da.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Euskarazko irakaskuntzari ateak irekiko zaizkio Nafarroako eremu ez euskaldunean. @xletona-k analisia - […] Iturria: argia.eus […]
- Zatiketaren amaieraren norabidean - […] http://www.argia.eus/blogak/xabier-letona/2014/10/21/zatiketaren-amaieraren-norabidean/ urr21 1 […]
- D eredua Nafarroa osora zabaltzea onartu du Legebiltzarrak - […] Zatiketaren amaieran norabidean. Xabier Letonaren artikulua. […]
- “Horma bota dugu” - […] Zatiketaren amaieraren norabidean. Xabier Letonaren artikulua. […]
Egia da, Iruñerritik behera, orokorrean, euskara oso gutxi hitz egiten dela. Hala ere, nik ez nuke esango Iruñerritik behera euskararen aurkako jarrera handi hori dagoenik. Nire ustez, Goi Nafarroako erdialdean ez dago aurkako jarrera handirik. Pentsa ezazu Tafallan adibidez, Tafallan euskararen aurkako jarrera? Hiri honetan abertzaletasun handia ere badago (EH Bilduko Maiorga Ramírez, Floren Aoiz, Adolfo Araiz… horiek bakarrik ospetsuak direnak dira) Eta Lizarraldean? Garesen? Nik uste euskararen aurkako jarrera handia Tafallatik behera hasten dela, ez Iruñerritik behera. Inkestak askotan ez dute asmatzen. Eta soziologia ikasgai bezala ikasten ari duen bat dio (ni). Euskararen aurkako jarrera handia Erriberan hasten da. Baina, han ere jarrera hori jaisten hasi da eta euskararen aldekoa hazi (Errigora, Alesbeseko euskararen eguna, iazko Tuterako Nafarroa Oinez…) da. Hala ere, Erriberako guraso asko bere seme-alabak D ereduan matrikulatu nahi dituzte (kurtso honetan 1000 familia eskatu dutela uste dut), baina orain arte Tuterako edo Lodosako ikastola (publikoak ez direnak) ordaintzeko gehi autobusa, jantokia etab. ordaindu behar zuten eta denek ezin zuten diru hori gastatu. Beraz, erriberatar horietako guraso askok amore ematen dute eta A eredura (euskara arlo bezala duelako) matrikulatzen dituzte seme-alabak. Ondorioz, Izquierda-Ezkerraren proposamena ongi iruditzen zait, D eredu publikoa Goi Nafarroa OSOAN aukeratu ahal izatea. Publikoarena oso garrantzitsua da, orain arte ‘eremu ez euskaldunean’ soilik, ikastola (pribatua edo kontzertatua) ordaintzeko dirua zuena D ereduan ikasi ahal zuen. Honekin aberatsen eta txiroen artean eskubide desberdintasuna ere ikusten zen. Espero dezagun PSN atzera ez egitea…
P.D: Oso artikulu ona. Zonifikazioa ez da kendu, baina urrats handi bat eman da.