UPNren goxokiak: irentsiko ote dituzte herritarrek?
Volkswageneko BEZa. 2014ko irailean Yolanda Barcina lehendakaria 1.500 milioiko zorrarekin itzuli zen Madrildik. Volkswageneko BEZ ospetsuaren zorra zen, udazken osoan dantzan ibili eta Nafarroako Gobernua ekonomi porrotetik gertu uzteraino. Porrota? Bai zera, joan den astean, Madrilen Cristobal Montoro ministroarekin bildu ondoren, Barcina andereak ez kezkatzeko adierazi zien nafarrei, ministroak 1.500 milioi barkatzen ziela. Halakoxea da agintarien eskuzabaltasuna hauteskunde atarian.
Tartean izan zen gora-beherarik: urrian 1.500 milioi hauek 800 bihurtu ziren. Geroago hori ere ez : Nafarroako Gobernuak BEZ hori ordaindu ez zuen bost urte bakoitzarengatik (2007-2011) 25 milioi euro ordainduta nahikoa zen. Duela hilabete ere arazoak ez bide zuen konponbide samurrik, Espainiako Kongresuan Uxue Barkos diputatuari Montorok emandako erantzunaren arabera behinik-behin: «Zaila izango da auzi honentzat irtenbiderik izatea urtebete baino lehen”. Baina joan den astean dena konpondu zen, behintzat hurrengo Nafarroako Gobernuan UPN baldin bada.
900 lanpostu. Urtarrilaren 24an Javier Esparza UPNko lehendakarigaiak bilera izan zuen hezkuntza munduarekin eta honakoa luzatu zien: ni banaiz lehendakari, datozen lau urteetan 900 funtzionario plaza zabalduko ditut. Edonork esango luke bera eta bere alderdia ez daudela gobernuan gaur egun. “Aizu, ba egin orain” esan diote alde guztietatik. Orain arte Madrilgo gobernuak oztopoak jarri dituela erantzun zuen.
Dena den, Madrilgo Gobernuak austeritate neurriak apur bat laxatu dituenean eta funtzionario plazak irekitzeko bidea eman, Nafarroako eta Balear Uharteetako gobernuak izan dira enplegu eskaintza publikorik egin ez duten estatuko bakarrak. Ezkerrak salatu duenez, legealdi honetan Nafarroako hezkuntza publikoan 1.200 lanpostu galdu dira. José Iribas hezkuntza sailburuak argi utzi zuen 2014ko irailean etorkizuna nola aurreikusten zuen: Gobernuak ez du hezkuntzarako oposizio deialdirik egingo 2015ean. Baina txantxa zen, antza.
400 lanpostu gehiago. Oraingoan Nafarroako Ubidearen zabalkundearen lehen fasean. Yolanda Barcinak iragan astelehenean jarri zuen proiektuaren lehen harria eta bertan Javier Esparzak proiektuak 400 lanpostu sortuko dituela aurreikusten da. 115 bat milioi euroko aurrekontua du proiektuak.
Simon Santamaria. Enrique Maya Iruñeko alkateak ere badu goxokirik, baina oraingoan dimisio formatuan: iragan urrian jada adostu ei zuen Simon Santamaria Iruñeko udaltzainen buruarekin urtarrilean utziko zuela postua eta hala izan da. Datorren ostiralean, hilak 30, izango du bere azken lan eguna postu horretan. 1999an ekin zion aginte karguan eta Iruñeko udaltzaingoa aurretik ezagutu gabeko errepresio moldeetara eraman du.
Ez da izango erraza guztiak kontatzea, baina polita litzateke ikustea goxoki poltsa zenbatekoa den maiatzaren 23an. Irentsiko ote dituzte herritarrek berriz ere?
UPNtik ez dut ezer sinisten. Ea datorren hauteskundeetan BENETAKO oposizioa garaitzen duen: EH Bildu, I-E, Geroa Bai eta Podemos-Ahal dugu (espero dut Ahal dugu benetako oposizioa ere izatea). Gaur egungo benetako oposizioa garaitu behar du datorren hauteskundeetan. Ea benetako oposizioa gai den elkartzeko eta gobernu 1 osatzeko…