Ay, ezezkoak irabaziko balu!
Euskal Herritik hori esatea samurra dela esan dezake norbaitek eta hala da, ez daukagu hainbeste irabazteko edo galtzekorik. Baina badugu bai. Batetik, azken urte luzeetan bizitzen ari garen finantza krisiak ekonomia zein mailatan dagoen lotua erakusten digu, zeresanik ez guk ere eurotan ordaintzen dugunean. Eta bestetik, Grezia erresistentzia eta duintasunaren eredu bilakatu da.
Ezezkoarekin suizidatuko direla? Gehiago? Azken finean, aurreko gobernu kontserbadore eta ‘sozialdemokratek’ leporaino zorpetuz herrialdea hondamendira eraman dute. Zertarako zorpetu eta zorrak berriz ere hartzekodunei itzultzeko. Eta ura kokotsera heldu denean, orduan badatoz Europar Batasuna, NDF eta abarrekoak erreskatera.
Azken bost urteetan, alabaina, greziarrek ez dute jaso inongo onurarik erreskate operazio entzutetsuetatik: langabezian gora, bizimaila behera eta oro har herrialdearen aberastasuna –BPGtan neurtuta– duela bost urte baino %25 txiroago.
Inkestetan ezetzak irabazten du oraindik, baina beldurrak baietza irabaztera eramango duela ere entzuten da. Hondamendia etorriko ei da. Seguru? 2009an Ekuadorrek %70ean murriztu zuen bere kanpo zorra. Hartzekodunen %95ek onartu zuten eta kito, ez zen ezer gertatu. Beno bai, Rafael Correaren gobernua hartzekodunentzat beharko lukeen diru horrekin hasi zela dirutzak inbertitzen eskola eta ospitaleak eraikitzen.
Estatuen zorra ondo antolatutako sistema bat da eta zorpetze maila batetik aurrera ez du aterabiderik zorraren zati bat kitatu gabe. Sistemaren funtsa honakoa da: hasten da zergak gutxituz, batez ere kapitalari eta errenta aberatsenei (pertsona aberatsenei buruzko zergak Europar Batasunean %50,4etik %37,5era jaitsi dira 1995etik 2010era Europar Batzordeak berak emandako datuen arabera). Gero, diru sarrera gutxiago dagoenez, estatuek zorpetzera jotzen dute hainbat esparru eta alor finantzatzeko. Zorraren mundua ondo baino hobeto koipeztatua duen mundu mailako finantza boterea dator gero sarearekin… eta zas!, amaraunean harrapatuta: Hego Amerika, Afrika, Asia, Europa orain… adibideak hainbeste dira!
Gero eta hedatuago diren zorraren auditoriak ere oso argiak dira: zorraren atzaparretan erortzen diren estatuetako herritarrek ez dute inongo onurarik jaso eta zorraren dirua, edo joanda zordun diren estatuetako gune boteretsuenetara, edo bestela estatu emaileetako enpresa eta proiektuen poltsikoetara bueltan, azpiegitura erraldoi edo beste hainbat proiektu gisa jantzita.
Zorrak jotako beste estatu baten adibideak ere balio du: Brasil mundu mailako 7. potentzia ekonomikoa da, baina NBEren Garapen Humanoaren indizearen zerrendan, 87. postuan dago. Non dago klabea? Bere kanpo zorrean: 2012an Brasilgo Gobernu federalaren aurrekontuaren %43,98 bere kanpo zorra ordaintzera bideratzen zen (Hezkuntzara %3,34 eta osasunera %4,17 adibidez).
Munduko zazpigarren potentzia ekonomikoa hala badago harrapatua, nola geratuko da Grezia sare horretatik ateratzen ez bada?
Ay, ezetzak irabaziko balu! Baina, tira, haiek erabaki beharko dute. Erabaki, zein berba arriskutsua.
Orokorrean, ados diozunarekin, Xabier. Kontua da, zorra ez ordaintzearena ez dela hain kontu sinplea. Rafael Correaren kasua aipatu duzunez, hortik tiratuko dut. Ekuadorren kasuan ez zen ezer katastrofikorik gertatu, zorraren kitapenaren harira NDF eta abarrekoek Ekuadorri diru gehiago emateari uko egin eta gero, atzetik Txina etorri zelako beste finantziazio iturri bat eskaintzen. Trukean, Ekuadorrek badu Txinari zer eskaini, petrolioa.
Eredu hori ez dakit esportagarria den beste herrialde batzuetara, azken batean, gaur egun zorretan itota dauden herrialdeak askoz gehiago dira ordaintzeari uko egin diotenak baino.
Greziak zorra ordaintzeari ezezkoa emanez gero, posible da Ekuadorren kasuan bezala, hartzekodunek diru gehiago emateari uko egitea. Orduan, zailtasuna (eta gakoa), epe motzerako finantzatzeko beharrezkoa izango duen dirua nondik hartuko duen ikusi beharko da. Eta Greziak ez du petroliorik, eta hainbat gako-industria atzerritarren esku daude.
Zer esanik ere ez, Grezia eredu bihurtu den aldetik, hartzekodunak ere saiatuko dira ahalik eta gehien Greziari zigor eredugarria jartzeko, beste batzuk bide hori jarraitzearen arriskuez ohartarazteko.
Beraz, ikusteke dago Tsiprasek egoera hipotetiko horretan zer egin ahalko lukeen. Bestalde, Errusia (edo Putin, gero eta zailagoa baita bata besteagandik banatzea), desiratzen dago bere eragin esparrua handitzeko. Baina, Errusiari ate-joka ibilita ere, ikusi beharko da ez ote den erremedioa gaitza bera baino okerragoa izango.
Bai Mikel, leku bakoitzak bere historia du eta hau ezin da Ekuadorrekoa moduan bere horretan hartu. Parekotasuna batez ere jarreran da, zorraren egungo eredua bere horretan ez onartzean eta -beste eragile askorekin batera- kanpo zorrak sortutako egoerari aurre egitean. Zer gertatuko den? Inork ez daki, bistan da Tsiprasek ez duela egoera samurra, baina apustu egin du. Erreferenduma irabazita ere, negoziatzen jarraitu beste aukerarik ez du, ea zenbateraino lortzen duen zorra kitatzea. Bide honek zer ekarriko dion ez daki, ez berak ez beste inork, desafioa itzela da eta; hartzekodunen eta Troikaren bidetik jarraitzeak zer dakarkion ezaguna da ordea. Sikiera saiatzen delako, merezi du urrunetik ere ezetza sostengatzea.
Eskerrik asko zure iruzkinarengatik eta nahi duzunera arte.
Xabier