Aldaketaren sanferminak, apurka ohitzen
Esparru sinbolikoan asko dira Iruñeko Udalean bizitzen ari diren aldaketak, horietako gehienak iruindarrek euren egunerokoan nabaritzeko gisakoak. Euskararen erabilera, gizarte taldeek udaletxera izan duten sarbidea, Joseba Asiron alkateak nola egin duen jausi kalera, Gure Esku Dago ekimenean izan zen Iruñeko zezen plazan, txupinazoa Iruñeko Orfeoia eta La Veleta peñaren eskuetan uztea…
Horietatik guztietatik oihartzun handiena uztailaren 6koa izan zen, txupinazoarekin batera, ikurrina udaletxeko mastan jartzea. Ikurrina beti egon dela presente txupinazoan eta aurten ere egongo zela iragarria zuen Asiron alkateak. Esan eta egin, eta nola gainera. Balkoiren batera aterako zuela, edo zinegotziren batek eutsiko ziola… zurrumurruak era guztietakoak ziren Iruñean, aurreko egunetan bosgarren masta bat balkoian agertu zen arte. Baina ausartuko al da?
Eta bai, EAEko hiru parlamentari izan dira bertan eta horrek eman dio aukera txupinazoaren unean ikurrinak tokirik gorena izateko. Protokolo kontu bati heldu, zirrikitua baliatu eta listo. 1979ra egin behar zen atzera ikurrina ofizialki udaletxean ofizialki zintzilik ikusteko. Emozioz beteriko unea izan zen Iruñeko kale eta etxe askotan, sinesgaitza baina egia. Eta garrantzitsuena, ez zen inongo istilurik izan, debekurik eza eta adierazpen askatasunak ateak irekiak dituenean gertatu ohi den bezala.
Denak pozik? Ez, UPNko zinegotzi Enrique Mayak hasieratik adierazi zuen: “Iruñeko gutxiengo batek ikurrina inposatu dio gehiengo bati”. Diario de Navarrak San Fermin egunean heldu dio lekukoari, azaleko honako titulu nagusiarekin: “Bilduk ikurrina inposatu du”. Mayak hartutako erabakiak demokratikoak ziren, Asironek inposatu egiten ditu. Juan Carlos Izagirre eta Martin Garitanok ere badakite zerbait hortaz. Irakurketa berezia bezain interesatua, baina behin baino gehiagotan errepikatuko dena legealdian zehar.
Prozesiora bai, mezara ez
Txupinazoa 6an eta prozesioa 7an, horiek dira sanferminetako bi une sinboliko garrantzitsuenetakoak. Asironek hemen ere utzi du bere urratsa jada, Iruñeko historian prozesioko mezara joan ez den lehen alkatea izan da. Azaldua zuen hainbatetan: “Ekitaldi soziala ere bada prozesioa, eta hor izango naiz”. Mezara ez, bera ez da fededuna eta bada garaia kontu horiek normaltasunez har daitezen. EH Bildu eta Geroa Baiko beste zinegotzi batzuk ere ez ziren joan. Aranzadi eta Ezkerra udal taldekoak prozesiora ere ez ziren joan.
Kritikarik ere izan du Asironek prozesiora joateagatik, esate baterako ARGIAko kolaboratzaile eta Espainiako Diputatuen Kongresuan Uxue Barkos ordezkatu duen Bixente Serrano Izkok.
Lasaitasuna izan zen nagusi prozesioan eta Asironek txistu gutxi batzuk entzun bazituen ere, beste batzuetan katedralaren bidean Yolanda Barcina edo Mayarentzat gaitza zen Curia kalea, Asironek txalo eta “Asiron, Asiron” oihu artean egin zituen. Diario de Navarrak berriz azpimarratu du azaleko titulu batean UPNko zinegotziak iraindu zituztela Curian; eta bai, haiek pasatzean entzun zen ‘UPN kanpora’, uneren batez nahiko ozen, baina hori izan zen guztia, behintzat publikoki entzun zitekeena.
Gaur Germán Rodriguezi omenaldia egingo zaio eguerdian eta Iruñeko alkatea han izango da lehenbiziz. Eta pixkanaka Iruñea aldaketara ohitzen ari da.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Aldaketaren Sanferminetatik jai eredu berrirantz. Bost gako, bost argazki | Jendartean - […] emango ziola agindu zuen, hiri “oso errebeldea” zelako. Asironek parte hartu duen ekitaldien artean (parte ez hartzea ere esanguratsua…
Kaixo. Herenegun-edo analisi aski interesgarria irakurri nizun Nafarroako Gobernuaren egituraz alderdiek duten jarreraren inguruan eta zuk zeuk duzun ikuspuntuaren inguruan (gauza batzuetan bete-betean asmatu duzula iruditzen zait). Saiatu naiz sarrera hori aurkitzen, baina ezin. Laguntzerik bai? Mila esker.