Euskal Herria In Dialogue, norbaitek espetxean amaituko luke
Ostiral arratsaldean eskainiko dute In Dialogue (Elkarrizketan) Donostian, Xuban Intxaustik zuzendutako dokumentala. Izenburuak argitzen du muina, zer baino, nola baita dokumentala.
Baina zer ere bai, jakina: elkarrizketa Irlandako iparraldean edo Ipar Irlandan, gustuak gustu. Gatazka, biktimak, memoria, bakea, elkarrizketa, biolentzia… Dena egiten zaio ezagun euskal herritarrari, Ipar Irlandakoa aski jarraitu delako hemen eta, neurri batean, bertako historia ere badelako.
Baina Sira Abenozak ezingo luke gaur egun hemengo parekideekin halako mahai-ingururik egin, mahaikideren batek espetxean bukatzeko arriskurik gabe. Hemen, oraindik, ordenaren aurkakoa baita esatea zergatik ekin zioten borroka armatuari ETAkideek. Edo iradokitzea Espainian torturatu egiten dela. #Aztungal-eko azken atxiloketek muturrera eraman dute egoera.
Lee Lavis soldadu britainiarrak dio haiei ez zietela erakutsi tiro egiten beso edo zangoetara. Pertsona zen helburu. Gerra. IRAkide ohiak, unionistak eta soldadu britainiar ohiak lasai asko azaltzen dute zergatik hartu zituzten armak. “Bakoitzak hartutako bidea errespetatzen dut nik”, dio soldadu britainiarrak.
Biolentzia zergatik hasi zen? “Diskriminazioak eragin zuen biolentzia” dio Euskal Herrian ere aski ezaguna den Harol Good apaiz protestanteak. Bai, denok dakigu Ipar Irlanda eta Euskal Herriko arrazoiak desberdinak direla, baina hitz egin ahalko da noizbait askatasunez hemen zergatik hartu zituzten armak? Han bada lagungarria hemen zergatik ez?
Jakina egin beharko duela iraganaren kritika ezker abertzaleak, baina bere kritika, ez inongo balorerik ez duen kritika inposatua. IRAko ohiak dio ez duela “arazo moralik biolentziaren erabilera justifikatzeko, honen erabilerarako arrazoirik” ikusten badu. Horixe bera pentsatuko dute etakide askok oraindik. Eta beste batzuek diote aspaldi utzi behar zuela ETAk. Eta lehengo etakideak geroago aritu dira ondorengoko ETAkoen aurka. Eta “Carrero voló” Euskal Herriko plazetako haur, gazte eta nagusiek abesten zuten trikotak aireratuz… Sustatuko al da behingoz elkarrizketa zintzoa?
Elkarrizketaren indarra da dokumentalaren funtsa, Ipar Irlandan 1998ko Ostiral Santuko Akordioak sinatu eta ia 20 urtera. Bakoitzak berean jarraitzen du han, arazo eta zalantza guztiekin, biktimen oinazearekin, memoria eta iraganeko mamuekin borrokan. Baina elkar hil barik. Etorkizun ireki eta libreagoa aurrez aurre dutela.
Euskal Herria 2016. Egin da aurrera, baina elkarrizketak bost urte galdu ditu.
Kaixo, Xabier: Egia da hemen arriskutsua dela muralak egitea -Burlatan-, titiriteroa izatea -Madrilen-, kazetaria -Eibarren- eta beste hainbat gauza ere. Ez da egia Ipar Irlandan ‘elkar hil barik’ ari direnik 1998a ezkero. Ipar Irlandan ez dira gutxi borroka armatura bueltatu gurako luketenak, edo, zehatzago esanda, borroka armatua erabat utzi ez dutenak: http://www.bbc.com/news/uk-northern-ireland-10866072 estekan agertzen zaizkizu disidenteen atentatu eta ahaleginak, baita haiei buruzko zenbait albiste ere. Beharbada ez guztiak, bai bailiteke hau http://www.bbc.com/news/uk-northern-ireland-36106485 disidenteen azken hilketa izatea, joan zen astekoa. Normala ere bada: iraganeko biolentzia justifikatzen duenak ezer gutxi aurpegira diezaioke egungoa praktikatzen duenari, eta irlandar zenbaitek pentsatzen du Britainia Handiaren kontra armekin egitea lehen zilegi bazen, orain ere hala behar duela. Erresuma Batuko parte baita Ipar Irlanda, duela hemezortzi urte bezala orain ere.
Ipar Irlandan negoziatu egin zuten, eta akordio batera ailegatu ziren, besteak beste aurrez aurre zeuden komunitate bi elkar hiltzen ari zirelako. Hemen ez zen negoziaziorik izan, Etak amore eman behar izan zuelako. Gero, amore-ematea bake-prozesu bihurtzen ahalegindu ziren, baina hori ezinezkoa da, noski. Bost urte galdu ditugula diozu. Egia da: esate baterako, bost urte behar izan ditu Enam-ek Langraitzera ailegatzeko. Presoek legedia betetzeko erabakia orain bost urte hartu izan balitz: zenbat preso egongo litzateke dagoeneko kalean? Zenbat, Euskal Herriko kartzeletan?
“Jakina egin beharko duela iraganaren kritika ezker abertzaleak, baina bere kritika, ez inongo balorerik ez duen kritika inposatua”. Hori ere badiozu, eta horretan ere arrazoia duzu. Egin dezala, bada. Eta, asko eskatzerik ez bada, beste bost urte pasa aurretik. Badakizu zergatik? Hainbestetan aipatzen diren egia, justizia eta erreparazioa bezain garrantzitsua baita errepikatuko ez delako bermea. Berme hori, nork berea eman beharko luke: Estatuak eta Enamek, zalantza barik eman beharko ligukete. Horregatik da garrantzitsua autokritika ez atzeratzea, eta horretarako du balioa Eta jardunean zela kondenatu ez zena gaur egun kondenatzeak. Bestela, norbaitek pentsatuko du zuk aipatzen duzun soldadu britainiarrak pentsatzen duen berbera: “Bakoitzak hartutako bidea errespetatzen dut nik”. Eta hori ez da zuzena: dena ez da errespetagarria.
Ondo izan.
Kaixo Mikel,
Bai, badakit han badela disidentzia maila bat eta biolentziak jarraitzen duela. Ez nuen horretan sakondu nahi, egoerak ez duelako zerikusirik gatazka gogorraren garaiarekin eta dokumentalaren edukian oinarritu nahi nuelako. Eta dokumentalak argi adierazten du gatazkak bideratzeko elkarrizketak duen balioa. Han ez dute dena konpondu, baina bideratu bai, eta etorkizunari heltzeko akordio politiko zabala adostu dute. Asko da.
Ez dakit zer gertatuko den etorkizun hurbilean eta dagoen biolentzia maila nola gaindituko duten, baina argi da oraingoz herritarrek ez diotela ematen sendotzeko adinako babesik eta hori giltzarri da. Gaur egun, mugimendu errepublikarrak talde disidente horien praktika armatua arbuiatzen badu ez da arrazoi moralengatik, politikoengatik baino.
Bai, Ipar Irlanda Erresuma Batuko parte da, baina bertako herritarren gehiengoak Ostiral Santuko Akordioen bidez hala onartu duelako; ezaguna da akordio haiek batasunerako eskubidea ezagutzen diotela Irlandari, Ipar Irlandako herritarrek erreferendumean hala erabakitzen badute.
Hemengoaz: ETAk amore eman behar izan zuela… ba bai, hala da, baina batez ere bere munduak hala eskatu ziolako. Denok dakigu oso ahul zegoela, Estatuaren errepresioak neurria hartua ziola eta jarraitzekotan intentsitate txikiko jardueran jarraitu beharko zuela, irteerarik gabeko zulo batean sartuta. Estatua eroso baino erosoago zegoen.
Aztertu daiteke askoz luzeago une hori, zergatik, nola, noiz, nortzuk, zertarako… Ez diot nik ekingo orain. Kontua da euskal gizartea –baita haien esparru zibila ere– oso aspalditik eskatzen ari zitzaiola ETAri armak uztea, eta azkenean utzi zituela. Baina jakina zenez, borroka armatua utzita ez zen dena konpontzen, 50 urteko gatazka armatuaren era guztietako ondorioak hor dira eta ez da borondate politikorik izan zezen horri behar bezala heltzeko. Funtsean Estatuak irtenbideak itxi dituelako, euskal alderdi nagusiek –batez ere EAJk– eta instituzioek interes gehiegirik izan ez dutelako eta ezker abertzalea bakarrik geratu delako ahaleginean eta hala ezin duelako.
Bake prozesurik ezin bada egin, amaiera ordenatu hori posible ez bada… gaizki dabil euskal gizartea eta ondo Estatua. Irteera elkarrizketatu horrek inoiz ezingo du dena konpondu, gatazkaren ondorio asko konponezinak direlako, baina balio dezake iraganeko minaren ukendu gisa eta egungo sufrimendua bideratzeko, besteak beste.
Presoak. Ba bai, askoz lehenago hartu behar zituzten neurri asko orain hartu beharko dituzte, baina haien erabakiak dira eta nekez esan al zaie kanpotik noiz, zer eta nola. Haiek erabaki behar dute, bai lehen eta bai orain, indibidualki edo kolektiboan. Estatuaren borondate apur batekin hori guztia askoz errazagoa zatekeen. Edozein kasutan, gaur egun inoiz baino argiago ikusten da Estatuak bahitu gisa erabiltzen dituela, bere helburu politikoetarako tresna gisa, haiek eta haien senideen aurka intentsitate txikiko bortxakeria etengabe erabiliz. Horren aurrean, euskal instituzioek beren herritarren eskubideak nola defendatzen dituzten ikustea penagarria da, eta ez oso eredugarria.
Ezker abertzalearen autokritika. In Dialogue dokumentala ikusten duenak argi ikusiko du nola hitz egiten duten 18 urte eta gero Ipar Irlandako gatazkaren alde desberdinetako aktoreek, pentsatzen dutena nahiko argi esanez. Duela 10 eta 15 urte ere hala hitz egiten zuten. Azken bost urteetako Espainian ez da horretarako baldintzarik, ezker abertzaleak ezin du egin bere iraganaren azterketa zintzo bat –hark nahi duena–, hori egiten duenak espetxean amaitzeko arriskurik gabe. Azken finean, eskatzen zaie esatea gaizki egin dutela biolentzia erabiltzen, ez dela justua izan eta 50 urtetan zehar oker ibili direla. Eta hori ez da gertatuko, besteak beste, ezker abertzaleko sektore zabalek ez dutelako hori hala sentitzen.
Ez dago errepikatuko ez den bermerik, gure historiak oso argi erakusten du hori. Badago gertatutakoa ez errepikatzeko ahalegin handia egitea, baina horrek bake prozesu serio bat eskatzen du, asko hitz egitea, akordioetara iristea eta hauek urrea moduan zaintzea. Zoritxarrez urruti gaude egoera horretatik. Orain arte egin denarekin, lehenago edo geroago disidentzia mailak sortzea errazagoa izango da. Akaso batzuek hori nahiko lukete. Irlandan moduan.
Eskerrik asko erantzunagatik eta ondo jarraitu.
Kaixo, Xabier: Luze hartu dit erantzuna emateak: Araban opor-aste luzea izan dugu eta!
Ezin bat etorri esaten duzun hainbat gauzarekin, baina poztekoa da elkarrizketa honekin jarraitu ahal izatea.
Esaten duzu “biolentziak jarraitzen” duela Ipar Irlandan. Horrela da: jarraitzen du eta jarraituko du; ikusi egin beharko, zelako indarrarekin. Gaur-gaurkoz, jendea hiltzen jarraitzen dute Ipar Irlandan, akordio politiko zabala adostu zuten arren. Bide batez: gurean akordio politiko zabal bat adostuko balitz, eta iruditzen zait ondo legokeela, akordio horrek ez luke zerikusirik izango ez Etaren jardunarekin, ezta haren lagatzearekin ere. Ja ez. Nire ustean, ostera, akordio politikoa bilatzen hasteko lagungarria izango litzateke Etak, aldebakarreko erabakiz, armak ematea eta desegitea erabakiko balu. Horretan ere bost urte berandu dator Enam, ez baitira barrukoak izan presoak kaleratzea edo gureratzea akordioarekin lotu dutenak: kanpotik eman, bultzatu eta mantendu den mezua izan da hori.
Bestetik, hauxe ere badiozu: “Gaur egun, mugimendu errepublikarrak talde disidente horien praktika armatua arbuiatzen badu ez da arrazoi moralengatik, politikoengatik baino”. Mugimendu errepublikarrak? Disidenteak zer dira, bada, monarkikoak? Errepublikarren arteko zati txiki batek ez du arrazoi politikorik ikusten, borroka armatua uztea justifikatuko dionik. Gutxiengoa dira eta ez dute arrazoia, baina datu bion artean ez dago kausalitaterik.
Ildo horretan, zure hurrengo baieztapena ez da zuzena: “Bai, Ipar Irlanda Erresuma Batuko parte da, baina bertako herritarren gehiengoak Ostiral Santuko Akordioen bidez hala onartu duelako”, diozu, eta ez da horrela. Hauxe dio Ostiral Santuko akordioak, hitzez hitz: “the present wish of a majority of the people of Northern Ireland, freely
exercised and legitimate, is to maintain the Union and, accordingly, that Northern
Ireland’s status as part of the United Kingdom reflects and relies upon that wish; and
that it would be wrong to make any change in the status of Northern Ireland save with
the consent of a majority of its people”. Alegia, akordioan jasotzen zen Ipar Irlandako herritarrek aldez aurertik esana zutela haien nahia zein zen, freely and legitiimate. Ez akordioaren bitartez, baizik eta akordioaren aurretik egoniko bozketen bitartez. Izan ere, Britainia Handian, estatusari buruz Eskozian baino ez da bozkatu, gobernu bien arteko akordio baten ondorioz.
Hurrengo paragrafoan iruditzen zait kontraesana dagoela. Etak jarraitzekotan ahul, Estatuak neurria hartuta, intentsitate gutxirekin eta irteerarik gabeko zulo batean sartuta jarraituko bazuen, argi dago ez zuela utzi bere munduak hala eskatuta, baizik eta borroka armatuak kale egin duelako: konpondu gura zituen arazoak konpondu ez, eta arazo nahiz sufrimendu berriak eragin ditu.
Gehiegi ez luzatzeko, azken ideiara egingo dut jauzi: errepikatuko ez delako bermea. Bake-prozesu serio batekin lotzen duzu hori. Ipar Irlandakoa ez da serioa izan? Hango akordioa ez da oinarri sendoa? Jendea hiltzea abagune politikoaren arabera bada egokia, beti egongo da egokitzat jotzen duenik.
Bide batez, errepikatuko ez delako bermea funtsezkoa da, hori baita euskal gizarteak Etaren ondoren honetan irabazi behar duena. EHBilduk biktimentzat baino ez du aurreikusten ez errepikatzeko berme hori https://ehbildu.eus/dokumentuak/eb-bakea-eu.pdf baina horrek ez du zentzu handirik, batetik pentsatzekoa delako biktima batek ez duela berriz ere atentatu bat jasango, eta bestetik gizarte osoari eman behar zaiolako biktima izango ez delako bermea. Estatuak eta Enamek, bakoitzak berea. Baina borroka armatua aparkatu baino ez bada egin, arrazoi estrategikoengatik zokoratu, orduan bidaia joan-etorrikoa izan litekeela iragartzen ari zaizkigu. Ez du historiarekin zerikusirik, hartzen diren erabakiekin baizik: Eskozia eta Ipar Irlanda, Katalunia eta Euskal Herria (edo Euskadi, zehatzago izate aldera?)… harturiko eabakiak dira aldea.