Bartzelona, gerra gurean
Samina, elkartasuna, dolua eta protestaren unea da Estatu Islamikoaren erasoaren ondoren barreiatzen diren lehen sentimenduak, logikoa denez. Gutariko edonor izan zitekeen atzo Bartzelonako Rambletan edo Cambrilsen, bertako euskaldunen lekukotza zuzenek erakutsi diguten moduan. Kataluniako beste leku asko moduan, gure bisita turistikoen leku preziatuak dira erasoa jasan dutenak.
Eta izan zitekeen baita ere Iruñeko Sanferminetan, ibilgailuen aurkako oztopoak bederen jarri ziren jaiguneko hainbat sarreratan. Egia esan, izan daiteke edozein gune ospetsu eta jendetsutan. Baina, jakina, “otso bakartiez” hitz egiten bada ere, gisa honetako atentatu gehienek atzean bere logistika dute. Gerra erasoak dira egiten dituztenentzat, eta gerra guztiek beren antolaketa dute, berau handiagoa edo txikiagoa izan.
Terrorismoa entzuten da agintarien ahotan behin eta berriro, eta ez da zalantzarik Estatu Islamikoak Europan egiten dituen eraso hauek terrorismo hutsa direla, ahalik eta hildako gehien eragiteko pentsatuak. Terrorismoa guretzat, gerra Estatu Islamikoarentzat.
Eta hor da klabea: gerra. Berba horrek berdintzen ditu Bartzelona, Paris, Niza, Brusela eta erasoak jasan dituzten Europako gainerako herriak. “Ez dugu beldurrik” esan da Catalunyako Plazan gaur eguerdian, baina baditugu arrazoiak beldur izateko; eta beldur izan ala ez, hobe ulertzen badugu eraso horiek –faxista eta salagarrienak izanda ere– erabat lotuta daudela Mendebaldeak islamaren hamaika lurretan daramatzan gerrekin.
Bai, dolua eta protesta erakutsi behar dira halako erasoen aurrean, baina ez gaitezen agintarien “terrorismoaren” berba eta diskurtso hutsalean geratu. Ez gaitezen “gure bizimodua eta baloreak defendituko ditugu” lako esaldi nahasi eta interesatuen atzean gorde, nahi hala ez, bizimodu horrek gerra eramaten duelako Siria, Irak, Afganistan, Palestina, Libia eta Asia eta Afrikako beste herrialde askotara.
Bada ordua Europan eta AEBetan gerraren aurkako benetako mugimendu bakezale indartsua sortzeko. Bada ordua Mendebaldeko herritarrok behingoz ozen esan diezaiegun gure agintari eta gobernuei: “Atera zuen eskuak gerra horietatik”. Modu horretan bakarrik lortuko dugu guk ere gureak ateratzea, guk nahi ala ez, gure zera osoa ondo baino hobeto sartu baitigute gerra haien muinetan. XIX. eta XX. mendeetan legez, kolonialismo modernoaren ezaugarri nagusietakoa izaten jarraitzen du gerrak, eta hau gaur esatea oso politikoki zuzena ez bada ere, ez gara Mendebaldekook gerra horren zatirik odoltsuena eramaten dugunak.
Argiago ezin adierazi.