Egun on, Errepublika!
Listo, dena da prest independentzia aldarrikapenerako, baina gertatu arte, oraindik ere ezin sinetsi. Ez zen alperrik pasa urriaren 10a, eta are gutxiago urriaren 26a. Ez dakit independentismoaren bihotzak eutsiko liokeen hirugarrengo bati. Orain arte eutsi diona, ordea, Carles Puigdemont presidentea izan da, azken segundura arte gainera. Independentismoaren baitan ez da denen gustura aritu, baina bere irudia guztiz arriskatuz, erakutsi du lehendik ere argi zegoena: Espainiak 155. artikuluan duela burua eta ez negoziazioan. Puigdemont prest egon izan da hauteskundeen aurreratzea 155.arekin trukatzeko, eta hori bera traizio handia zatekeen independentismoaren zati handi batentzat. Bestelako balorazioez, gain, horra bere borondatearen froga.
Gutxitan iritzi publikoak bizi ahal izango zuen horren gertutik negoziazio batzuen haria, jakin gabe zehazki zertan ziren hauek, baina argi izanda horien emaitzek hiru bide izango zituztela: Puigdemontek deitutako hauteskunde aurreratuak, 155. artikulua indarrean jartzea ala ez, eta independentzia aldarrikapena bai ala ez. Eta parlamentuaren azken erabakiaren zain, Kataluniako mugimendu independentista epe labur eta ertainean atzera ezineko egoeran sartuko da.
Zein indarrarekin?
Bai, urriaren 1eko erreferenduma irabazi zuen independentismoak, kemen handiz eta legitimitate osoz, munduko herri txikiei sekulako ikasgaia emanez. Baina galderak airean dirau etengabe: izango dira gai Espainia moduko potentzia bati aurre egiteko? Eutsiko al diote? Erreferendumetik urrundu ahala, gainera, haien arteko arrakalak handitzeko arriskuak areagotzen dira, asteotan ikusi dugun legez. Orain ere, haien batasuna ukitua atera da bere eskuineko aldean, funtsean PdCATeko sektore batek ez duelako bat egiten independentzia aldarrikapenarekin. Zenbat da hori? Batek daki, baina indar dena behar denean, zirrikitu txikia ere arriskutsua da.
Kale mobilizazioan indartsu dira oraindik, baina zenbat denboraz eutsiko diote errepresioa areagotzen denean? Inork ez daki, baina independentistek eurek neurtu ahalko dute hori egokien. Azken finean apustu bat da, guztiz ausarta, guztiz zilegia eta guztiz arrazionala; beldurrean oinarrituta, norbere sinesmenetan aurrera ez egitea bezain zilegia eta arrazionala gutxienez. Baina borroka luzea eta latza izango da: espetxea, isun handiak, lana galtzea akaso, funtzionarioak soldatarik gabe geratzeko aukera, kalean gau eta egun… eta hildakoak?
Gizartea zatitu daitekeela ez dut kalapiten zerrendan sartu, unionismoaren eta hauen aliatuen argudio maiteenetakoa da berau: “Independentismoa Katalunia apurtzen ari da”. Laburtuz, Kataluniako gizartearen gutxiengoak estatus quoa mantentzeak ez du gizarterik zatitzen, gehiengoak independentzia lortzeko saioak bai. Ikuspegi demokratikotik nekez bila daiteke argudio makurragorik, baina abertzale eta demokrata asko erortzen da bere sareetan, hainbatetan erosotasunez edo bestela ezjakintasunez.
Madrildik 155.enaren zalditeria jadanik Bartzelonarantz doan honetan, Puigdemontek bi mezu garrantzitsu utzi ditu osteguneko hitzaldian. Bata elkarrizketari begira: “Gu azken uneraino saiatu gara”. Osteguneko hariaren jarraipenarekin, iritzi publikoa horren lekuko zuzena izan da. Bestea bitartekariei luzatu ote die? “Erantzukizunez aritzea guri bakarrik eskatzen zaigu; besteei arduragabekeriarik handiena baimentzen zaie”.
Erreferendum adostua
Bitartean, eta 155.aren ondorioen zain, gatazkak aurrera darrai maila guztietan, bereziki bi alorretan: Europar Batasuneko agintariek Madrilekiko duten konplizitatea eta enpresen ihesa. Ez dago ezustekorik hor, bazekiten hala izango zela; baina denontzat da ezagun, halaber, egoera Kataluniarentzat okertzen bada, Espainiarentzat ere okertuko dela. Independentismoak aurrera egiten badu, joandakoaren gehiengoa ere itzuliko da apurka. Zazpi milioi pertsonako merkatu aberatsa beti izango da mokadu goxoa kapital globalizatuarentzat.
Itzuliko dira, bai, independentismoak aurrera egiten badu, Kataluniako herritarrek, Espainiak eta Europar Batasunak onartuta egingo duelako aurrera, eta hori modu bakarrez lor baitaiteke: erreferendum negoziatu baten bidez. Gaur gaurkoz, hori lortzera bideratua dago independentismoaren indar guztia.
Batez ere elkartasunaren unea da
Eta euskal herritarrok zer? Kataluniako independentismoa sinpatiaz ikusten duenak nekez jardun beharko luke beldurraren estrategia elikatzera, esparru jeltzaleetatik egiten ari den bezala. Haien bilateraltasuna bezain zilegi da Kataluniaren aldebakartasuna. Zilegi ez den bakarra Estatuaren bortizkeria da, jantzi 155. artikuluz edo beste edozelan. 155. artikulua indarrean jarriko den modua erabat da demokraziaren, herrien eta giza eskubideen aurkakoa. Euskal herritar soberanistek badugu zer eginik: batetik, epe ertainera une honetan arras ahula den gure prozesu soberanista elikatu eta, bestetik, katalanei elkartasunik zintzo eta beroena erakutsi. Hango lagun kazetari batek dioen gisan: osasuna eta Errepublika!
Egun on, Soto del Real!