Kataluniako labirintoan galduta
Bideak. Hainbat norabide dira, eta denetarikoak ari da hartzen Kataluniako independentismoa: ERCko buru Marta Rovirak ere erbestekoa hartu berri du, lehenxeago CUPeko Ana Gabrielek bezala edo iragan urrian Generalitateko Gobernu erdik egin zuen moduan. Beste bide batek Auzitegi Nazionalera edota espetxera eramaten du, gaur berriz ikusi den gisan. Katalunian geratzen direnek ez dakite Errepublikaren bideari nola heldu eta autonomismoaren bidean dira kateatuta. Apurka, dena birpentsatu beharko dute.
Fronteak. Dena birpentsatu behar den independentisten labirintoan hiru fronte nagusi dira: errepresioa, autonomia eta independentzia. Euren helburuetan oso urruti iritsi dira independentistak, baina ez dute irabazi eta egoera birbideratzea dagokie, egoera gaitzean gainera. Hiru frontetan aritu beharko dira eta bakoitzean nola erabaki behar dute.
CUP. Galdu edo irabazi serio jokatzen dute, eta hori asko da politika duintasunez jantzi nahi denean. Ulertuko da hobeto edo ez osteguneko botoa –Jordi Turull ez sostengatzea–, besteak beste errepresioa tartean dagoelako eta Turull presidentea Turull diputatua espetxeratzea baino askoz zailagoa zatekeelako, baina hori, independentisten artean dagoen nahasmenduan, joko politikoa Estatuaren errepresioaren menpe uztea da. Eta hori sekulako akatsa da, orduan Estatuak hori nahieran erabiliko duelako, eta hor bera delako indartsuen. Gauza bat da Estatuaren errepresioa “ekintza, errepresioa, ekintza” norbere dinamika politikoa gizentzeko erabiltzea, eta bestea, estrategia politikoa horretan finkatzea.
JxSí-ERC. Ezer gutxitan dute adostasunik, eta haien 66 diputatuekin konpontzen ez dutena CUPeko lauekin bideratu nahi izatea ez da zilegi, are gutxiago errua hauen gainean jartzea. Hasteko, adostu behar dute Madrilgo errepresioari nola erantzun, eta hori nola txertatu prozesu independentistan. Roger Torrentek eta Parlamentuko Mahaiak erabaki dezakete Carles Puigdemonten eta Toni Cominek Bruselatik bozkatu ahal izatea, telematikoki edo haien bozka delegatuz. Baina Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin du hori eta Torrentek ez du langa hori gainditu nahi, seguruenik espetxea zain lukeelako. Puigdemontek eta Cominek utzi dezakete diputatu akta eta listo, hori ere hor dago, baina oraingoz ez dute nahi. CUPek argi esan du bere jarrera zein den: Puigdemont lehendakari egiteko prest dago, baina ez Turull. Eta gaur gaurkoz, Puigdemonten lehendakaritza lekutan geratu da.
Espainiako Estatua. PP Kataluniako frontearen lehen lerroan ari da, nola ez, baina 78ko Erregimenaren estatu nagusia da hor: 155a PPk, PSOEk eta C’Sek onartu zuten. Areago, lehen lerro horretan alderdien aurretik dago Espainiako aparatu juridikoa. Udazkenean Iruñean eman zuen hitzaldi batean Enric Julianak zioen Madrilen oso garbi dagoela aparatu judiziala ari dela bultzaka gobernua, ez bakarrik Katalunian neurri gogorrak har daitezen, baita ere XXI. mendeko Espainiaren irakurketa zentralizatzaile berria bideratu dadin. Eta Estatuak Pablo Llarena epaile-generala izendatu du Kataluniako fronteko komandante nagusi.
Iraultza. Posible ote zen urriaren 1eko erreferenduma iraultzaren hazi bihurtzea? Errepublikaren aldeko indar metaketa hura gizarte independentistaren borroka orokor bihurtzea? Badira hala esaten dutenak, baina oro har, gutxi hitz egiten da hortaz. Ez dakigu, beraz, baina gaitza dirudi, areago ikusita hurrengo abenduan unionismoak boto emaileen %40tik gora lortu zuela eta Espainiako Estatuak sendo sostengatuko zuela independentismoaren aurkako edozein fronte unionista, baita kalean indarra erabilita ere.
Matxinada delitua. Estatuak bere jokaldia berresten du oraingoz: “tori matxinada delitua”. Eta espetxe gehiago. 25-30 urte izan daitezke espetxean, eta baditu bahitu mordoxka horretarako. Itxura guztien arabera, zigorra edozein modutan izango da gogorra: independentistak berean sendo tematzen badira oso gogorra, bestela akaso ez hain gogorra eta urte batzuk pasatzean, espetxetik ateratzen hasiko dira bahituak. Estatuaren indarrak ez du gupidarik ezagutzen, hala komeni bazaio. Edozein modutan, Enric Julianak atzo gogorarazten zuen gisan, lehenik Auzitegi Gorenak –eta zigorrik bada Auzitegi Konsituzionalak– azken honen ebazpen baten (199/87 sententzia) gainean erabaki beharko dute helegiteak datozenean: “definizioz, matxinada egiten da talde batek gerra armen edo leherkarien erabilera ilegitimoa egiten duenean, ordena konstituzionala suntsitzeko asmoarekin”. ETA borrokatzeko egindako testu batek berdin balio du Kataluniako independentista bakezaleek bultzatutako irribarren iraultzari aurre egiteko?
Demokrazia. Hala jokatzen duenari, dei dakioke estatu demokratikoa? Batzuetan hala ari da: badira hauteskunde libreak, botere banaketa, autonomia, adierazpen askatasuna… Beste askotan guztiz kontrara: legeak nahieran egin eta interpretatzen ditu, “ad oc” legeak sortu, zigor basatiak etsaiari, askatasunak nahieran murriztu… Estatu autoritario baten ezaugarri guztiak bereganatzen ditu Estatuak. Eta horren aurrean, eztabaida zaharra ate joka dator hamaikagarrenez: kontua da ea Espainian posible ote den Estatuko herrien askatasunik bideratzea –hauek gehiengo demokratiko oso handiak izanda ere– Espainiako egoera aldatu eta han herrialde guztiz demokratiko bat lortu gabe.
Zigor-kodearen 472. artikuluak zera dio:
Asaldatzearen delitupeko errudunak dira jendaurrean indarkeria erabiliz altxatzen direnak, helburu hauetatik edozein lortzeko:
1.) Konstituzioa indargabetu, horren indarraldia eten edo, oso-osoan nahiz zati batean, aldaraztea.
2.) Errege, Erregeorde edo Erregeordetzaren kideak euren karguetatik kentzea; horiei, oso-osoan edo zati batean, onurabide eta ahalmenak kentzea, edota horiek behartzea, euren borondatearen aurkako egintza gauzatzera.
3.) Kargu publikoak hautatzeko hauteskunde askeak eragoztea.
4.) Gorte Nagusiak, Diputatuen Kongresua, Senatua edota edozein autonomia erkidegoren legebiltzarra desegitea; horiei biltzen, eztabaidatzen edo ebazpenak ematen eragoztea; ebazpenen bat ematera derrigortzea edo aginpide zein eskumenen bat kentzea.
5.) Nazio-lurraldearen zati baten independentzia aldarrikatzea.
6.) Nazioaren Gobernuaren edo autonomia erkidego baten Gobernu Kontseiluaren ordez beste bat jartzea; Gobernuaren nahiz autonomia erkidego baten Gobernu Kontseiluaren edo horietako edozein kideren ahalmenak bere kabuz erabili, egikaritu edo kentzea, ahalmenen egikaritza askea eragoztea zein murriztea, edo haien borondatearen aurkako egitateak gauzatzera behartzea.
7.) Edonolako indar armatu Gobernuaren obedientziatik itzuraraztea.
Kontua da Kataluniaren independentzia prozesuan ez dela indarkeriarik egon, Espainiako Estatuarena eta eskuin muturreko unionista espainiarrena ez bada; Llarena epailearen asmakizun hutsa dela auziperatze autoan azaldutakoa. Jendetza biltzea -azaroaren 20an eta urriaren 1ean moduan, adibidez– eta horrekin zerbait eragoztea ezin da indarkerian izan, era baketsuan egiten bada. Lotsagebekeria eta boterekeriaren gorena da urriaren 1ean herritarrek Espainiako poliziari eraso egin zietela argudiatzea. Estatu indarkeria ankerrena da hori.
Kaixo Xabier,
Nik ez dut twitter erabiltzen, eskertzekoa da zure erantzuna.
‘Indarkeria’ hitzaren interpretazioa zabala izan daiteke, ez da harritzekorik epaile batek aise egokitzea horrekin.
Irailaren 20ko gertakarien inguruan, zaila da indarkeriarik ez ikustea. Pentsa beste testuinguru batean eskuin muturrekoek Gure Esku Dago-ren kamionetak horrela utzi balituzte… Indarkeriarik batere ez, benetan ? Ez dizut erraten aski denik, ezta epaile horren interpretazioa justifikatzen duenik… Baizik eta zaila dela indarkeriarik batere ez sumatzea. Ezer ez zen prest independentziarako, Carod-Rovirak erran zuen bezala, ur gabeko pizina batera jauzi egin dute.
Eskerrik akso zure iruzkinagatik. Gauza asko esan daitezke, baina ez dut uste merezi duenik gehiegi jarraitzea, indarkeria ikusten baduzu, ba kito. Bi auto haiek txikitzeak nola justifikatuko du, bada, katalanen prozesu independentista biolentzian oinarritzen dela? Gure Esku Dagoren balizko ekitaldi horretan, ultraeskuindarrek bi auto erreko balituzkete, ez litzateke ezer gertatuko, izatekotan auziperatuko lituzkete eta txarrenean kalteordainak ordaindu beharko lituzkete. Badakit dena dela erabat interpretagarria eta hori egiten duela Espainiako justiziak nahi denarekin eta nahi duen gisan. Baina justizia edo zuzenbide kontu bat baino, botere kontu bat da, eta horretan oinarritzen dira Espainiako botereak beren erabakiak nahieran hartzeko.
Nik neuk ez dut indarkeriarik ikusten baitezpada, erran gabe doa epailearen txostena eztabaidagarria dela baina zigor-kodeak ematen duen interpretazio zabalean oinarritzen da. Ikustekoa da epaiketa hasteko orduan nola frogatuko duen, defentsak argudio sendoak ditu jadanik. Milesker zuri eta ondo izan,