Xabier Letona
Ardatz eta ertz, Euskal Herria bestela ikusten da Iruñeko Gazteluko Plazatik. Begirada politikoa da hau batez ere, baina tarteka bestelako zirrikituak ere irekitzen dira.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Karlos(e)k Imarkoain handia eta kubo marroi txikia bidalketan
- “Abuztukada”, “martxokada” eta… “ekainkada”? | Gazteluko Plazatik(e)k Chivite, Ferraz eta EH Bilduren esku bidalketan
- Xabier Letona(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
- Xabier Letona(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
- Patxi Aizpurua(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko iraila
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko otsaila
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko apirila
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2009(e)ko martxoa
- 2009(e)ko otsaila
- 2009(e)ko urtarrila
- 2008(e)ko abendua
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko urria
- 2008(e)ko iraila
- 2008(e)ko ekaina
- 2008(e)ko maiatza
- 2008(e)ko apirila
- 2008(e)ko martxoa
- 2008(e)ko otsaila
- 2008(e)ko urtarrila
- 2007(e)ko ekaina
- 2007(e)ko maiatza
- 2007(e)ko urtarrila
Maravillas gaztetxea, hanka sartze handi baten berbideratzea
Atalak: Gizartea, Nafarroako politika
Gaztetxea guztiz itxi eta bost ordura sartu ziren berriz gazteak eraikinera, ehunka herritarren txaloen aurrean. (Arg.: Xabier Letona)
Abuztuaren 17ko goizaldean hustu zuten Foru Poliziak eta Espainiako Poliziak Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxea. Gazteen eta Foru Gobernuaren arteko elkarrizketa saioek porrot egin zuten lehenago, besteak beste, gazteek baldintza gisa jarri zutelako gobernuak kanporatze agindua bertan behera uztea. Hori ezinezkoa zen gobernuaren aburuz eta poliziek borra dantzari ekin zioten. 17ko arratsaldeko lehen orduetarako Nabarreria plazatik alde egin zuen Foru Poliziak, gaztetxea hutsik eta atea zigilatuta. Bost ordu baino lehen, arratsaldeko 18:45etan, berriz okupatu zuten gazteek, ehunka herritarren begiradaren eta babesaren aurrean.
Abuztuaren 18ko eguerdian gaztetxearen hustutze agindua bertan behera utzi zuen Foru Gobernuak segurtasun arrazoiak argudiatuta, besteak beste “adingabe asko” zirelako gaztetxean eta haren inguruan. Eta politikan sarri gertatzen den moduan, bi egun lehenago erabat ezinezkoa zena posible zen orain, ezker eskuin kritika zaparrada latza eraginez. Nola ulertu erabaki berria? Hainbat arrazoi izango dira jarrera berriaren muinean, baina guztiaren atzean gertaera bat dago: gazteek gaztetxea berriz okupatu izana. Haiek jakin gabe ere, radial hark ate bat zabaldu eta epika, eraginkortasuna eta emozio ugari lotu zituen aldi berean.
Mari Jose Beaumont kontseilaria oporretan zela eta, Maria Solana Gobernuko bozemaile eta Hezkuntza Saileko kontseilaria arduratu da gaiaz eta ohikoan bere burua primeran azaltzen badu ere, oraingoan, haren azalpenenak nekez ulertu ditu jakin minez zen herritarrak. Auzia nola kudeatu den ikusita, Uxue Barkosen gobernuak legealdi osoan egindako hanka sartzerik handienetakoa egin du seguruenik, eta emandako azalpenak, arrazoi desberdinengatik bada ere, jende asko haserre bizian jartzeko modukoak dira: gazteak, proiektu bat zapuzteaz gain, hustuketaren kolpeak haiek eraman dituztelako; poliziak teilatu gainera eraman dituelako, adibidez; herritarrak dantzan jarri dituelako gaiarekin; aldaketa zaleak, aldaketaren indarrak higatu dituelako… Gobernu batek ezin ditu herritarrak tenteltzat hartu, egun baten arre esan eta hurrengoan so, azalpen logiko eta sinesgarriagorik eman gabe. Antza, hobe edozer, “hanka sartu dugu” erratea baino lehen.
Auzoa eta gaztetxea
Gaitzerdi, hala ere, bere azken erabakiarekin gobernuak bide egokira jo baitu berriz ere, elkarrizketari bide emanez eta gaia beste era batera konpontzeko aukera berrirekiz. Eta berandu bada ere, txalotzekoa da, ez baikaude ohituta halako arazoen aurrean gobernuek halako erabakiak hartzera. Orain, jarri eta hitz egin beharko dute adostasunera iritsi arte, Maravillas gaztetxekoak eta Nafarroako Gobernua lehen lerroan, eta hauen alboan Iruñeko Udala eta Alde Zaharreko beste eragile batzuk ere bai, beharren arabera.
Gobernuak gutxietsi egin ditu gazteak eta hauei sostengua eman dieten herritarrak. Eta herritarrek babesa eman diete gazteei, lehen lehenik gazteek hilabeteetako lanarekin apurka jakin izan dutelako auzotarrak irabazten, eta ondoren, errepresioak katalizatzaile lana egin duelako. Poliziarenganako harri dantzarik ez izatea ere giltzarri izan da gazteek iritzi publikoaren zati handi bat berenganatzeko.
Ez da gazteen egoera hori izan hasieratik, eta hainbat arrazoi tartean, ez dira gutxi izan –eta dira oraindik– gainditu behar izan dituzten mesfidantzak. Nahiko lukete gazteek, baina esajerazio handia da Maravillas gaztetxea Alde Zaharreko gune katalizatzaile nagusi gisa definitzea, hainbat nagusiren aho edo lumatik atera den gisan. Idealizazioak ez die mesederik egiten, behar duten bakarra da autogestiorako espazioa bat eta lasai uztea. Gaztetxekoak, beste edozein herri proiektu gisa, ez daude kritiketatik salbu eta, esaterako, azken bi urteetan emandako hainbat urratsek eragin izan du herritarren kritikarik eta sortu izan dute ika-mikarik.
Memoriaren manipulazioa?
Ertz ugari ditu Maravillas Gaztetxearen auziak, besteak beste bere izenarena, baina Maravillas Lambertoren memoria gaur egunera ekarri eta omentzeari egindako kritikak kea bezain arinak eta interesatuak dira. Iruñeko Udalak izenda dezake plaza bat haren izenarekin, Nafarroko Gobernuak omendu dezake ekitaldi batean, halako musika taldek egin dezake abestia, idazleak bere igandeko egunkariko zutabera ekarri… eta hala nahi duen herritar taldeak ez? Nork eta non banatzen ditu memoria historikoa azaleratzeko baimenak?
Zorionez, azken urte luzeetan memoria jorratzen duten taldeek lan txukuna egin dute eta orain fruituak jasotzen ari gara hainbat alorretan, baita Maravillas gaztetxean ere. Seguruenik makinatxo bat gaztek gehiago ikasiko zuen Larragako pasarte latzarekin DBHko historia ikasgai ordu askorekin baino. Kasu honetan, gainera, memoriaren alor honetan gazteek ereindakoak badu kotoiaren froga: hustuketaren egunean Maravillasen ahizpa Josefina Lambertok foruzainen aurrean agertu zuen haserrea eta gazteei eskaini zizkien maitasun keinuak denok ikusi genituen.
Gizartea eta hauteskundeak
Irakurketa gehientsuenen arabera, Makiavelok 2019ko maiatzeko hauteskundeei begira mugitzen ditu gaiaren hari muturrak, mahaiaren gainean era guztietako irakurketa politikoak jarriz. Eta bai, ezin uka hauteskundeen logikan jarri behar dela begi bat datozen bederatzi hilabeteetako gertaeren klabeetan arakatzerakoan. Baina hori bezain egia da ezin direla gizarteko gertaera guztiak klabe elektoralean bakarrik ulertu; gizartea alderdi eta instituzioen logikan bakarrik ulertzea da hori eta, zorionez, gizartea hori baino askoz indartsuago eta aberatsagoa da. Beraz, Berlinen, Madrilen, Erroman, edota Bretainiako ZADen eremu okupatuak diren logika berean dira gune okupatuak Iruñean edo gainerako euskal hiriburuetan. Eta Iruñekoan, gainera, 2018ko abuztu honetan, hauteskundeen logika indartsua ere hor da.
Dozenaka eta akaso ehunka gazte abiatu dira gatazka sozialera lehen aldiz Maravillas gaztetxearen eskutik. Orain lehen baino erantzukizun handiagoa dute, hori dakar konfiantza irabazteak. Ongi etorri 2019ko ekainean ere hor izango den gizarte errealitate gatazkatsura.