Nafarroan berriz gotorlekura
Aldaketaren indarrek patxada, odol hotza eta zintzotasuna beharko dute gertatutakoaren analisi egoki bat egiteko. Esaten denean Nafarroako gizartea aldatzen ari dela egia da, 2015ekoa ez zen espejismo hutsa izan. Baina bistan da, aldaketa horiek ez dira beti dantzatzen nahi izaten dugun erritmoan.
Oraingo emaitzek Nafarroaren azken 30 urteetako ohiko argazkira hurbiltzen gaituzte, baina argazki zahar horretan ere badira arrakalak: Navarra Sumari ia dena bikain aterata ere, akaso ez du gobernurik osatuko. Orain ikusiko da zer antza duten 2007ko PSNk eta egungoak, Fernando Purasek eta Maria Chivitek, igande gaueko lehen inpresioak betetzen badira, PSNk gidatu baitezake foru gobernua Geroa Bai, Podemos eta Ezkerraren sostenguarekin.
Udaletan ere urak lehengora itzuliko dira leku askotan, besteak beste Iruñean. Eskuinak eraginkortasunez batu ditu botoak eta ezker alternatiboak eraginkortasun bertsuarekin xahutu ditu. Instituzioetara aurkeztekotan hobe modu eraginkorrean egitea, bestela hobe indar horiek bestelako kausei ematea. Asiron efektua ere eman da, baina Geroa Bairen kaltetan. Iruñeak nabarituko du eta asko gainera, bereziki hizkuntza, generoa, sexua, lana edo bestelako esparru batean zapalketa motaren bat jasaten duen herritarrak.
Askapen prozesuak zapalkuntzatik sortzen dira, egia da. Baina gezurra da gizarte alternatiba “gero eta okerrago, gero eta hobeto” goiburu atzerakoi horren gainean eraiki daitekeenik. Haserrea akuilu bikaina bada ere, ilusio eta bizipozik gabe nekez eralda daiteke ezer.
Instituzioak gizarte aldaketaren muinean jartzen dituenak esperantzarako tarte gutxirekin helduko dio hauteskunde biharamun latz honi. Aldaketa gizartearen dozenaka alor txiki, ertain eta handi horietatik elikatzen dela uste duenak kalean, ekonomian edota aktibismo sozialean gotortu beharko du, hurrengo aldaketa unea etorriko bada –baita instituzionala ere– ezinbestean humus horretan haziko delako.
Chivitek goberna dezake Geroa Bai, Podemos eta Ezkerraren sostenguarekin, baina ez du nahiko botorik Bildurenak ez baditu biltzen. Aurretik esan du ez duela Bildurekin hitz egingo. Eta nola lortuko du Lehendakari izatea Bilduren abstentzioarekin ez bada? Ez ote da hori Espartzari Lehendakaritza emateko modu merkea?
Kaixo Patxi, lehenik eta behin mila esker zure erantzunagatik.
Hainbat aukera daude Nafarroako Gobernua osatzeko. Hitz egiten ari garen aukera honetan Navarra Sumak 19 eserleku ditu Nafarroako Legebiltzarrean, eta PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak 23. Nafarroako lehendakaria hautatzeko lehen bozketan legebiltzarreko gehiengo osoa lortu behar da, 26 boto. Navarra Sumak ez ditu eta beste blokeak ere ez. Beraz, bigarren bozketara pasatuko ginateke eta hor nahikoa da gehiengo sinplea; beraz, 23 boto horiek nahikoa dira, EH Bilduk edozer erabakita ere, bloke horretako norbait lehendakari izendatzeko, kasu honetan Maria Chivite.
Kaixo berriro Patxi. Bistan da ni gaizki nabilela, eta hala gogorarazi dit lagun batek gaur Donostian Elixabete Garmendiak euskal kazetaritzaz emandako hitzaldi ederrean. Kontrako botoak aldekoak baino gehiago badira, gehiengo sinplea izatea ez da nahikoa. Eta kasu honetan, bistan da EH Bilduk Maria Chiviteren aurka bozkatuko balu, kasua iritsiko balitz, hau ez litzatekeela lehendakari aterakoUPN eta EH Bilduren kontrako botoak 27 liratekeelako. Aspaldiko araua da hori, baina gauza batzuk buruan sartzen zaizkigunean… batzuetan ez dira samurrak ateratzeko.