Chivite, Ferraz eta EH Bilduren esku
Datorren asteazken, ostegun eta ostiralean bilduko da Maria Chivite, Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerrako ordezkariekin. EH Bildu baztertu du, iragarria zuen bezala. Nafarroako Gobernua lortzeko aukerak arakatuko dituzte eta, itxura guztien arabera, erabakia hemengo PSN eta beste hiru indarren menpe balego, ez dirudi zailtasun handirik izango lituzketenik akordioa lortzeko. Joan den legealdian ere aukera horren aldeko defentsa behin baino gehiagotan egin dute PSNk eta Geroa Baik. Baina beste behin ere, PSNren erabakia hemen baino Madrilen izango da.
Gainera erabakia ez dago Madrilen bakarrik, hemen giltza EH Bilduk dauka, bere abstentzioa ezinbestekoa baita Chivite lehendakari izendatzeko. Gobernuari begira inolako aukerarik ez duena Uxue Barkosen alderdia sostengatu duen laukotea da, bereziki boto kontaketaren azken emaitzarekin: lehen 20-19 zen laukotea eta Navarra Sumaren (NS) indar harremana, laukotearen alde; eta orain 20-19 NSren alde.
Adi denbora luzatzearekin
Arrazoi du Uxue Barkosek esaten duenean lehenbailehen itxi beharko luketela akordioa PSNrekin, egoera luzatuz gero dena korapilatuko delako. Madrilgo hedabide eskuindarrak dagoeneko hasi dira presio egiten Ferrazen gainean, eta bola hori biziki handituko da denborak aurrera egin ahala. Horrez gain, Madrilgo Gobernuaren eraketa dago, eta ikusgai dago Pedro Sanchezek Podemos eta estatuko periferiarekin osatzen duen bere gehiengoa, edo Ciudadanosekin. Azken aukera hau bada, Javier Esparza izango da lehendakari Nafarroan, Ferrazek ez baitu baimenduko Chivite lehendakari operazioa.
EH Bildu giltzarri
Eta EH Bilduk zer? Behin laukotearen porrota onartuta, lehendakaria nor izango den hautatzea eta oposizioan egingo duen lanaren perfila zehaztea geratzen dira. Ferraz eta Sarasate Pasealekuko mespretxuen gainetik, Nafarroako herritarrei –lehenik– eta bere proiektu politikoari –bigarrenik– zer interesatzen zaien aztertu beharko luke. Arrazoi handiz, Joseba Asironek esan zuen PSNren boto emaileek ez dietela eman botoa Iruñeko Udalean NSk goberna dezan. Baina esaldiak berdintsu balio du EH Bildurentzat ere: EH Bilduko boto emaileek ez diote honi botoa eman Javier Esparza lehendakari izan dadin.
NSk eta PSNk elkarrekin jardun dute %70-80an Nafarroako Legebiltzarreko zein Iruñeko Udalaren oposizioan. Chivite zein Maite Esporrín, biak hala biak dira alternatiba eskasak haiei gobernurako atea zabaltzeko –ez alde egiteko–, baina bizitzan hainbatetan hautatu behar izaten da kalte txikienaren alde, eta hau da horietako bat.
NSren zailtasunak oposizioan
Chiviteren lehendakaritza bideratzeak ekarriko luke NS oposiziora bidaltzea, baldin eta NSk berak ez badu egiten lehendakari Chivite. Baina azken aukera hau ia guztiz ezinezkoa da kontuan hartuta eskuinak duen nagusitasun handia eta PSNk harekiko izango lukeen menpekotasuna. Navarra Suma oposiziora bidaltzeak, bestalde, arrakalak eragin ditzake bloke ahul horretan. Oposizioak baino askoz samurrago batzen ditu botereak desberdintasunak, nafar erregimenaren hamarkadetako iraupenak argi erakutsi zuen moduan.
EH Bildu: oposizioa baliatu
EH Bildu oposizioan geratuta, bestalde, ezkerreko oposizio bakarra litzateke, eta horrek ahalbidetuko lioke –nahiko balu bederen– benetako oposizioa egitea, legealdi honetan aldaketaren gobernua sostengatu beharrak utzi ez diona.
Eta horrela, apurka, utziko diogu hitz egiteari aldaketa moduko kontzeptu zehazgabeei buruz, oso onuragarria izan den arren, argi baita herritarrek ez dutela aldaketa hori ulertu. Eta horrela, apurka, agian, berriz hasiko gara serioago eta sakonago hitz egiten eta pedagogia egiten AHTri buruz, ongizate gizartearen gainbeheraz, zergen progresibitateaz, zerga iruzurraz, zor publikoaz, aberastasunaren banaketaz, lan kolektiboa indartzeaz, klima aldaketaz, kapitalismoaz, hondakinez, turismoaz… eta herritarren ongizatean eguneroko ogia diren beste hamaika gai garrantzitsuri buruz.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks