Xabier Letona
Ardatz eta ertz, Euskal Herria bestela ikusten da Iruñeko Gazteluko Plazatik. Begirada politikoa da hau batez ere, baina tarteka bestelako zirrikituak ere irekitzen dira.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Karlos(e)k Imarkoain handia eta kubo marroi txikia bidalketan
- “Abuztukada”, “martxokada” eta… “ekainkada”? | Gazteluko Plazatik(e)k Chivite, Ferraz eta EH Bilduren esku bidalketan
- Xabier Letona(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
- Xabier Letona(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
- Patxi Aizpurua(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko iraila
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko otsaila
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko apirila
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2009(e)ko martxoa
- 2009(e)ko otsaila
- 2009(e)ko urtarrila
- 2008(e)ko abendua
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko urria
- 2008(e)ko iraila
- 2008(e)ko ekaina
- 2008(e)ko maiatza
- 2008(e)ko apirila
- 2008(e)ko martxoa
- 2008(e)ko otsaila
- 2008(e)ko urtarrila
- 2007(e)ko ekaina
- 2007(e)ko maiatza
- 2007(e)ko urtarrila
Espainiako estoldak, “El Mundo”-ko zuzendari baten begietan
Atalak: Politika Espainia, Sailkatugabeak
Pedro Sanchezen iragan larunbateko inbestidura saioa ikusi ondoren bukatu nuen El Mundo-ko zuzendari ohi David Jiménezek (Bartzelona, 1971) idatzitako El Director liburu entzutetsua. Aste honetan jakin da Espainiako Estatuan 2019ko hamar liburu salduenen artean dagoela. Fremantle ekoiztetxeak ere telebista seriea egingo du liburuarekin.
Pedro Sánchezek eta Pablo Iglesiasen koalizio gobernuak Espainia beltz hori izango du aurrez aurre.
Atzerrian 20 urte korrespontsal lanetan aritu ondoren, 2015-16an urtebete egin zuen egunkariko zuzendari gisa, kanporatu zuten arte. Liburu-dendako apalean eskuetan hartu eta aitortu behar dut alferkeria sentitu nuela: Espainiako medio handietako kazetaritza megalomano hori, Espainia bera, El Mundo… baina nagiak astindu eta heldu nion. Eta gustura irakurri dudala aitortu behar dut. Erakargarri idatzia, norberaren kazetaritza ikusmoldearen antipodetan, baina Espainiako botereen eta komunikazioaren trapu zikin amaigabe eta sakonen haizagailu, eta horrek sinesgarritasuna ematen dio. Espainiar demokrazia autoritario eta ustelduaren gaitzen aurka bere lantza zuzentzen duen On Quixote jantziaren ukitua hartu diot. Ez dizkit Espainiako estoldak deskubritu, hauek hor adierazten dena baino askoz sakonagoak dira, ezta estatu autoritario baten jardunak, baina Espainiako egunkari handi bateko zuzendari ohiak hamaika izen eta korapilo horrela aitortzea ere ez da txantxetakoa. Gaur egun, besteak beste, New York Times-eko kolaboratzailea da.
Marrazten duen Espainia beltz hori da Pedro Sanchezen gobernuak koloreztatu beharko duen kuadroa. Liburuaren irakurketan aurrera egin ahala ezagunak egiten zaizkigun pertsonaia, erakunde eta egoera ugari izango ditu aurrez aurre koalizio gobernu berriak. Espainia beltz horren hainbat alor liburuan nola islatzen diren aletzen dira ondorengo lerroetan.
Ministroez
Heldu berria zen egunkariko zuzendaritzara eta Espainiako Gobernuko ministroak deika zituen berarekin biltzeko: “El Mundo-ko zuzendaria ezagutzeko lasterketa surrealista zirudien hark”. Apurka hasi zen haiekin biltzen eta horietako batean Mariano Rajoyren gobernuko barne ministro Jorge Fernández Diazekin bazkaldu zuen. Honek eskatu zion gainean zuten hauteskunde kanpainan ez estutzeko PP eta gobernua: “La Razón-ek eta ABC–k ez gaituzte arduratzen baina zuek hauteskundeak erabaki ditzakezue, zalantzatiak El Mundo–n daude eta”. “Ez –erantzun zion Jiménezek–, hauteskundeak oraindik telebistak erabakitzen ditu”, “hori egia da –bukatu zuen ministroak–, zuek eta Antena 3-k. Gobernuari inporta zaizkion medioak horiek dira. Nire galdea zera da: gurekin zaudete? Herrialdeak etsai arriskutsuak ditu aurrez aurre. Ez dira neutralitaterako garaiak”.
Jorge Fernández Díaz. (Arg.: Wikipedia)
Baina ez ziren ministroak bakarrik hurbiltzen zitzaizkionak: “Herrialdeko elite ekonomikoaren dei gogaikarriak jasaten ere hasi nintzen”. Horien artean zen Endesako lehendakaria, Borja Prado: “Jakinarazi zidaten nire biziraupenerako giltzarri zela, italiarren gizona baitzen Espainian (…) Pertsonaia baten argazki bat geziarekin gora edo behera agertzen zuen Vox Populi sekzioan bera sartzeko deitzen zidan. Niretzat harrigarria zen dirutza irabazi eta milaka pertsonako multinazionala zuzentzen zuenak garrantzia ematea egunkariaren atal txiki hari, baina tira, ez zen nire lana pertsonen ego sakonean arakatzea eta egunkariko bi zentimetrok ere ez ninduten ezertara lotzen”.
IBEXekoak ere bai
2007ko krisi ekonomikoak hedabideetara ekarritako egoera estua enpresa handiekin egindako “Akordioa medio” baretu ahal izan zela salatzen du Jiménezek. Jakina, akordioak ez ziren doakoak. “Zegokiena baino diru gehiagoren truke, egunkariek jator agertzen ziren haiekin, enpresa handietako lehendakarien aurpegiak zuritzen zituzten eta albiste txarrak jasotzeaz ahazten ziren”. Eta kontatzen du Bangladesheko ehungintzako enpresa bat hondoratu eta mila bat langile hil zireneko hartan berari egokitu zitzaiola haren berri ematea. Jakin zuela El Corte Inglések han ekoizten zituela jantziak eta bere kronikan hala azaldu zuela. Pedro J. Ramírez zen orduan zuzendaria eta ez zioten argitaratu artikulua. Haserrearen ondorioz, hurrengo egunean ez zen abiatu Bangladeshera, egunkariak eskatu bezala. “Erredakzioetan oso barneratua zuten Telefónica, Santander Bankua edo El Corte Inglésen gisakoak ukiezinak zirela”.
Deika zituen IBEXekoak eta… “kontua ez zen haiekin kontakturik ez izatea, baina bai harreman horiek gure lana ez oztopatzea. Pasatu behar ez zen marra nahiko lausoa zen, baina argi zegoen beren zuzendarien alaben ezkontzetara joatea, haien yateetan eguzkia hartzea eta haien luxuzko bidaiak onartzea marra hori gurutzatzea zela. Zuzendaritzara iritsi eta denbora gutxira CaixaBankeko gonbidapena jaso nuen Sting-en kontzertu pribatu batera joateko, beste pertsona bat eta biontzat zen, dena ordaindua, sei izarreko hotelean, bidai txartelak lehen klasean eta auto-gidariak hartuko gintuen etxeko atarian”.
Ate birakariez
“IBEXeko lehendakarietatik boteretsuena Cesar Alierta zen (Telefónica). Bere egoitzetako korridoreetan barrena abiatu eta bulegoetako ateetan ziren berak kontratatutakoen izenak: PPko eta PSOEko ministro ohiak (Trinidad Jiménez edo Eduardo Zaplana), buruzagi politikoen familiartekoak (Ivan Rosa Vallejo, Sáenz de Santamaria lehendakariordearen senarra, erregetzaren gertukoak, esaterako Fernando Almansa Errege Etxeko buru ohia. Erregearen koinatua Iñaki Urdangarin ere Aliertak bidali zuen Washingtonera soldata eder batekin hau justiziarekin arazoak izaten hasi zenean. VIP izaerako enplegatuen zerrenda luzea izateak ez zuen balio bakarrik boterearekiko kontaktuak ongi olioztatuak izateko, etorkizuneko hautagaiei, ondo portatuz gero haiek ere sei zenbakiko soldatako bulegoa izan zezaketen seinalea bidaltzen zien”.
Telebistak opari
Hedabide handien biziraupenerako enpresa handien dirua eta gobernuaren publizitatea giltzarri dela modu askotan azaltzen du Jiménezek, baita zuzendaritzak erosteko ere, baina krisiaren aurreko garai oparoetan tarteko agintera eta kazetariengana ere iristen zen oparirik. “Gabonetan denetarik iristen zen erredakzioetara eta sekzio buruetako bulegoetara… Lanbideko gertaera ezagunenen artean zegoen Ramón Lobo erreportariak kontatzen zuena: egun batean, banku batek telebista bana oparitu zien beren urteko kontuak azaltzera joandako kazetari guztiei. Azkenean bat zegoen soberan eta kazetari bat bi telebistarekin joan zen etxera. Jatetxe onenetako bazkariak doan, nahi beste denborarako utzitako autoak eta gainerako herritarrentzat irudika ezinak ziren interesetan emandako maileguak egunerokoak ziren (…) Teorian lanbidea halako tentaldiez babesteko ziren dozena erdi prentsa elkartetara ere iristen zen diru zaparrada”.
PPren ustelkeriaz
Gerora espetxeratua izango zen Luis Bárcenas PPko diruzain ohiarekin hainbatetan egon zela kontatzen du Jiménezek eta hark luze eta zabal hitz egin zuela, eta komeni zela harekin bakarka bazkaltzea, emaztea ere egonez gero honek haren edanari eta mihiari eusten zielako. “Lizentzien, emakiden eta lehiaketa publikoen truke, herrialdeko enpresariek PPko politikarien borondateak eta mesedeak erosi zituzten hamarkadatan zehar. Lortutako dirua erabiltzen zen alderdiko buruzagiei aparteko soldatak emateko, kanpainak finantzatu edo kazetariak erosteko. Diruzain ohiak kontatu zidan 96ko hauteskundeen atarian nola eman zioten 30 milioi pezeta maleta batean sasoi hartako irrati gizonik ospetsuenari”.
Luis Bárcenas.
Koroa
Errege etxearekin izandako igurtzien berri ere ematen du hainbat kapitulutan. Oro har, Felipe VI.a erregea ondo uzten du eta egurra du honen aitarentat eta errege familiako beste hainbat kiderentzat. “Juan Carlos I.a 23F-ko errentetatik bizi zen morroi karismatikoa zen, bere familiak prentsa arrosaren orri ugari betetzen zituen eta gorteko prentsa zirudienak patriarkaren parrandak, fideltasun ezak eta ustelkeriak ezkutatzen zituen. Errege familiari informazio immunitatea eman zitzaion eta ondorioz, haren kideek nahi zutena egin zezaketela pentsatu zuten; errege familiara iritsitako Urdangarinek, adibidez, aberasteko aukera leiho gisa ikusi zuen giro hori (…) Monarkia ukitua zen jada eta bere biziraupenerako antolatu zen Juan Carlos I.ak bere seme Felipe VI.enean abdikatzea”.
Eta estoldetan… Villarejo
Garbi adierazten du Espainiako prentsaren filtrazio gehienak poliziaren iturrietatik datozela, poliziaren barnean haien artean borroka latzean diren bi talde daudela eta, haien interesen arabera, informazio bat edo bestea jasotzen dutela. “Poliziaren barneko hanpa horretako iragazle handietako bat José Manuel Villarejo zen (…) 80ko hamarkadako polizia filma batetik ateratakoa zirudien. Diktaduraren amaieran hasi zen polizian, informazio trafikoarekin politikariak, kazetariak eta enpresariak irabaziz. Agente librearen gisan aritzen zen, bere buruaren aurrean bakarrik erantzunez, baina unean uneko –eta edozein alderdiko– barne ministroen konplizitatearekin”.
Villarejorekin bildu ondoren, harekin harremana zuen egunkariko kazetari batek azalduko zizkion zuzendariak kontrolatzen ez zituen hamaika kontu. “Ikusi al duzu bere jakan nabarmentzen zen grabagailua? Beti grabatzen du dena”, azaldu zion. Jiménezen ondorioa latza da bere lanbideko kide askorentzat: “Hau da, ustezko ikerketa kazetarien belaunaldi oso batek aurrera egin zuen jakinda material okerra erosten zuela, egia oztopo bat besterik ez zen mesede jolasean”.
José Manuel Villarejo. (Wikipedia)
Kazetaritza morrontzan
Kazetaritzaz eta honen egoeraz ere luze aritzen da, horietako hainbat oso zentzuzkoak eta norberak ere sinatzeko modukoak: “Zure egunkarian irakurtzen duzun guztiarekin ados bazaude, hori ez da egunkari bat, panfleto bat baizik” edo “esan nion ministroari gure lana hori zela hain zuzen, boterea haserraraztea”. Eta suntsitzailea da espainiar komunikazio talde handiez ematen duen ikuspegia: “PRISA, Unidad Editorial eta Vocentok arazo ekonomiko larriak zituzten eta inoiz baino gehiago gobernuak nahieran banatzen zuen publizitate instituzionalaren, telebista digital eta irratien lizentzia banaketaren eta enpresa handiekin egindako itunen menpe ziren”.
David Jiménez
Hamaika azaltzen ditu garden eta gordin Jiménezek, eta batek pentsatzen du 20 urte kazetaritzan zeraman On Quixote honek ea ez ote zuen liburuan aipatutakoen berri 2015ean, hau da, atzo goizean, El Mundo-ko zuzendaritza onartu zuenean. Edo non demontre kokatzen zuen bere egunkaria; tira, hori ere azaltzen du, baina txanponaren bi aldeak agertuz, kazetaritza epikoarena eta boterearen zerbitzariarena. Edozein modutan, eta egileaz gehiago jakin gabe eta bere interesetan arakatu gabe, aitortu behar zaio liburuan aipatzen dituen guztiak azaleratzeko izan duen ausardia. Eta ausardia hori bera nahiko luke batek, norberarentzat eta bere herrialdeko kazetarientzat.