ETAren aitortza garrantzitsuak
Zer, noiz eta nola. Beste askoren artean horiek behintzat jorratu daitezke ETAren azken agirian eta azterketaren ondorioak onak direla esan liteke, bere hausnarketa bat datorrela su-etena indarrean jarri zuenetik emandako distentsio urratsekin. Eta bide horretan jarraitzeko asmoa agertzen du.Zer? Nagusiki bere poza agertzen du Bilduk lortutako emaitza onekin eta aurrera begirako bidea hori dela adierazten du. Egoera berriaren adierazle nagusitzat hartzen du Bildu. Emaitza horien lorpenean garrantzi berezia ematen dio ezker abertzaleak egindako barne eztabaidari eta egoera berria eztabaida horren ondorio dela dio. Ez da txikia ETAren aitortza, batez ere Bateraguneko auzian entzundakoak entzun eta gero. ETAren esanetan, gatazka ezker abertzalea eta estatuen arteko gatazka bilakatu nahi izan dute estatuek, baina ezker abertzaleak ataka horretatik ateratzen jakin izan duela zehazten du.
Nabarmentzekoak dira, halaber, Gernikako Ituna eta Sorturi egiten dizkion aipamenak. Lehenbizikoz egiten dio hain aipamen argia Gernikakoari eta “konponbide demokratikorako ezinbesteko erreferentzia” dela nabarmentzen du. Asko da kontuan hartzen bada akordio horretan su-etena eskatzen zaiola ETAri, baina bere desagerpenerako neurri gisa.
Sorturi dagokionez, legez kanpo jarraitzen duela salatzen du, baina hori ohikoa da. Berria da ETAk Sortu hartzen duela ezker abertzaleko hauteskunde aukeratzat eta ETAk bere burua ezker abertzalearen baitan kokatzen duela. Eta denok ditugu gogoan Sortuk Bilboko Euskalduna Jauregian egindako agerraldiak gizartean sortu zuen lurrikara, are handiagoa izan zena ezker abertzalearen oinarri sozial zabalean, besteak beste ETAri egiten zizkion aipamen gogorrengatik.
Noiz? Espainiako egunkari batek zioen bezala Miguel Angel Blancoren hilketaren urtemugan iritsi da agiria, baina badu logikarik pentsatzea horrekin baino, izatekotan, agiria noiz kaleratzen den horrek zerikusi gehiago duela Bateragune auziaren amaierarekin. Eta denok entzun genituen han Arnaldo Otegik ezker abertzalearen barne eztabaidaz edota eztabaida horretan ETAk izandako jarreraz aipatutakoak. Batzuetan badirudi erabat aldatzen direla erakunde armatuaren agiriak idazten dituzten eskuak.
Nola? Ez dakit Bateragune auziari begira edo ez, baina ETAk dio aldaketa hau guztia lorpen kolektiboa dela eta ez gutxi batzuen lorpena. Oraingo adierazpenak azken agirietako doinuari jarraitzen dio, bere ohiko borroka doinutik urrun eta “bakea eta askatasun agertoki baterako” aukeran indar berezia jarriz.
Agiri berria eta lerro hutsalak ETAren disoluzioa biharko espero duenarentzat, beste urrats esanguratsu bat hau prozesu gisa ulertzen duten euskal herritarrentzat. Azken finean, ETAk su-etenean jarraitzeak eta ezker abertzalearen barne eztabaidaren ondorioak onartzeak ETAren amaiera ekarriko dutelako ezinbestean. Azken finean, Bilduren arrakastaren aitortza, ETAren desagerpenerako urrats bat gehiago delako.
eta indar okupatzaileak noiz alde behar dute hemendik pakea izateko hori falta da eta presoak askatu eeta ihesekoak bueltatu
eta ez ahaztu oraindik espainiako instutizioak eztutela frankismoaren biktimak onartzen biktima gisa, eta genozidioa egin zutenak libre dagozela eta honela ezin dala dmokrazira pasa biktimak horiei aitortza eta errespetua eta kalte ordainak ematen ezpazaie
Hipokresia gehiegi dario herriari, komunikabideei.
Gora herria!