Arkaitz Bellon, heriotza baten ilunak
Arrazoi askorengatik hil daiteke pertsona bat eta batek daki zerk eragin duen Arkaitz Bellonen heriotza. Familiaren konfiantzazko medikuak aurrean, bihar egingo diote bigarren autopsia, baina heriotzaren eragile edozein izanda ere, heriotza hau puntu ilunez josia dago. Ez dakit pozoirik dagoen, baina puntu beltz ugari bai.
Sakabanaketa. Punturik ilunena da, beste iluntasun askoren eragile. Elorriotik 1.000 kilometrora egotea (Puerto I, Cadiz) ETAren aurkako borrokan presoekin egiten den erabilera politikotik bakarrik uler daiteke. Eta zigorra eta mendekuaren logikatik. Espainiako Konstituzioa birgizarteratzeaz mintzo da. Astean behin bisitatuta, urtean 104.000 kilometro dira. Bakarrik auto gastutan atera kontuak.
Askatasuna. Bellon libre litzateke beste preso mota bat balitz, normalean Espainiako presoak bere zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak egiten dituztenean baldintzapeko askatasunean ateratzen baitira. Begira ez ote den beltza datorren maiatzean libre geratu beharra eta hiru hilabete lehenago hiltzea.
Auto istripuak. 2008an bere familiak auto istripu larria izan zuen Herrera de la Mancha bidean. Azken hiru hamarkadatan hamabi senide eta adiskide hil dira presoak bisitatzera zihoazela. 268 istripu kontatu izan dira eta ehunetik gora zauritu.
Jipoiak. Bellonek salatua zuenez, bera lautan jipoitu zuten espetxe funtzionarioek, azkena iazko martxoan Sevilla II espetxean. Ehunka jipoi salatu izan dira euskal presoen aldetik.
Isolamendua. Presoa makur erazteko saioen ondorioz gertatzen dira. Presoak duintasunari eutsi nahi, istilua sortu eta ondorioa isolamendu luzeak izaten dira. Arkaitz Bellon halako isolamendu luze batetik ateratakoa zen.
Ondo ei zegoen. Hori esan dute joan den larunbateko bisitan izan zirenak, maiatzean ateratzen zela-eta, askatasunaz gozatzeko gogoaz mintzo. Goizean eta bazkal orduan berarekin bazkaldu zuten presoek ere ongi ikusi zuten. Siesta ondoren aurkitu zuten hilik.
Egon zitekeen gaizki. Asko dira egoera txarrean dauden euskal presoak, urte luzetako egoeraren gogorrak sarri ez du barkatzen. Eta egoera gogor horiek behar bezala artatzeko aukera ezak atzera ezinezko egoerak ere sortzen ditu, batzuetan modu arinean, besteetan gaixotasun fisiko eta psikiko kronikoekin, eta beste hainbatetan heriotzarekin.
Puntu ilun gehiago behar dira?
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks