Egin irribarre bai, baduzu erronkarik eta
Arnaldo Otegi 1997an hasi zen ezagun egiten iritzi publikoaren aurrean, Baltasar Garzonek HBko Mahai Nazionalaren espetxeratzea agindu ondoren. Aspaldi ari zen ezker abertzalearen barruan –ETAtik hasita gainera–, baina kanpora begira kuku egin gabe.
Itzela izan zen jauzia eta ezker abertzaleak lider aparta zuela deskubritu zuen. Bere esparru politikotik harago ere mirespena eta errespetua bereganatu zituen euskal gizartean. Ideiak argi zituen, indarra erakusten zuen, jantzia, komunikatzaile bikaina, didaktikoa, interesgarria… Egungo gizartean lider handi bati eskatzen zaion guztia zuen. Gehi espetxea, mugimendu iraultzaile batean giltzarri barne gidaritzari begira.
Hori guztia eta bikoitza izanda ere, berak bakarrik ezingo zukeen ETAren borroka armatua geldiarazi. Ez dago filmeek eta hedabideek marrazten duten halako liderrik; errealitate sozial, ekonomiko eta politikoa hori baino askoz aberatsagoa da zorionez. Armen isiltzeko ziorik esanguratsuena ETAren jarduera bera izan zen, bere ahultzea eta berarekin ezker abertzale osoaren gainbehera. Erakunde armatuak arrakasta militar apur bat gehiago erakutsi izan balu, gaitza da irudikatzea norabide aldaketa hori zatiketa barik amaituko zenik. Hala ere, esan liteke Otegi giltzarri izan zela ezker abertzalearen estrategia aldaketaren bideratzean.
Hain giltzarri, non Estatuak espetxeratu egin zituen bera eta Bateraguneko besteak, ezker abertzalearen mugimendu berriak baldintzatzeko. Hain giltzarri non, une gaitza eta berezia bizi duen ezker abertzalearen baitan, pertsona bati gutxitan eman zaion halako lider izaera. Hain giltzarri, non preso baten kaleratzeari ezker abertzaleak inoiz eman dion tratamendu mediatiko sendoenaren aurrean gauden. “Zorionak ala doluminak?” esaten zaio sarri aurrera begira erronka gaitzak bizkarreratzen dituenari. Bizkar-zorroa borondatez altxatzen bada beti dira zorionak, baina ez da makala Otegik oraingoan duen erantzukizuna. Tentuz ibili beharko du, lagun eta miresleak beste baitira haren hanka sartzea eta porrotaren zain begira daudenak.
Presoak
Tripako mina eman arren, ona da Baltasar Garzoni entzutea Otegi hobeto dela kalean barruan baino; borreroak halakorik esan beharrak asko adierazten du. Justizia eta txiklearen arteko parekotasunaren adierazle bat gehiago ere bada, eta injustizia itzelaren oinarria azaleratzen du. Beste hainbesterekin egin den injustizia bera: Bateraguneko besteak, 18/98koak, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako espetxeratuak, urteak espetxean eman dituzten Segiko gazteak, Egunkariakoak, Batasunakoak, gero absolbituak edo zigortuak izan diren herrikoetakoak, edo akordioz libre diren Segurakoak… guztiak dira espainiar justizia ezaren agerle. Dena da ETAren biktima. Espainiako Estatuaren biktima. Uneren batean aitortu beharko zaie biktima izaera hori.
Badu kutsu zaharra honek guztiak, ezin uka: “Oraindik horrekin ari zarete?”. Presoen arazoa esaldi horren ahanzturan itotzea nahiko lukete askok, baina ez da posible, besteak beste euskal gizarteko dozenaka milaka pertsonak ezin duelako errealitate hori ahaztu. Ezin ahaztu, ezin gainditu. Hor da drama. Eta seguru dena, zirrikituaren bila jarraituko du euskal gizartean oraindik indartsua den gizarte esparru horrek.
Nola asmatu?
Hor da galdera eta hor lehia, ezker abertzalearen baitan ere, amnistiaren inguruko eztabaidak agerian utzi duen legez. Euskal gizartearen gehiengoa konbentzitu eta aktibatu behar bada presoen errealitatera aldaketak ekartzeko, hori gaur egun bakarrik haien eskubideen inguruan egituratu liteke. Beste gauza bat da ezker abertzaleak presoen errealitateari bestelako diskurtso politikorik eta sostengurik eman behar dion, amnistiaren diskurtsotik eskatzen den bezala. Eta beste bat, hori nola egin, bata zein bestea bateragarriak izan daitezen eta elkarri enbarazurik egin ez diezaioten.
Euskal gizartearen beste bultzada bat, Espainiako Gobernuaren beste jarrera bat eta, nahi diren marra gorriekin, baina presoen beraien mugimendu gehiago ere beharko dira espetxeetako gurpilak beste martxa bat har dezan.
Arnaldo Otegi kaleratu baino bi egun lehenago eta 19 urte preso egin ondoren atera zen aske Joseba Urrosolo Sistiaga, preso historikoa eta Langraitz Bideko erreferentzia nagusietakoa. Ezin da egoeren mimetismorik egin, baina ezta abstrakziorik ere.
” Erakunde armatuak arrakasta militar apur bat gehiago erakutsi izan balu, gaitza da irudikatzea norabide aldaketa hori zatiketa barik amaituko zenik. ”
Paragrafo hau irakurririk iduri luke deitoratzen dela erakundeak ez aski arrakasta militar ukaitea. Iduri du ere ahulezia hori soilik teknikoa zela.
Ez da aski garbi agertzen, nahiz “Armen isiltzeko ziorik esanguratsuena ETAren jarduera bera izan zen” goraxeago aipatu, erakundeak atentatu indiskriminatu eta politikoak (Hipercor, Yoyes, Ordoñez…) egiten hasi zen momentutik herriaren babesa galtzen eta galtzen ari zela, eta azken urteetan arras tipitua zela.
Noizbat idazle edo kazetaririk ausartuko dea, horrelako atentaduak egitea agintzen zutenak euskal iraultzaren etsairik handienak izan zirela erraiterat. Horra gai bat, zaila bai zinez, baina baitezpadakoa eta dilindan dena.
Kaixo,
Ez dakit zer irudi lezakeen, edo irakurleak zer pentsa dezakeen, baina argi da ez duela halakorik esaten. Ez dakit hala zatekeen edo ez (balizko zatiketarena), nire ustea besterik ez da, eta jakina, paragrafoak ez du deitoratzen ETAk indar armatu handiagoa ez izana. Denboraren poderioz –zuk geroxeago diozun bezala– ETAk galdu zuen ahalmen operatiboa eta, batez ere, galdu zuen sostengu politikoa. ETAk askoz lehenago utzi behar zuen bere jarduera armatua (edo Loiolan, edo Lizarra-Garazikoan, edo…)eta Euskal Herriko egoera eta baldintza sozio-politikoetara egokitu. Batez ere -alde bietako– sufrimendu asko saihestuko zen eta ezker abertzaleak hobeto erantzun ahal izango zien bere helburu historikoei.
Pentsatzen dudana argituko nizulakoan, eskerrik asko zure iruzkinagatik.
Arras ados zurekin! Zuk erranak ezagutzen nituen eta ez dut nehola ere pentsatu zure ikusmoldea aldatu duzunik. Halere ene azken lerrotan egin galdea hor da…
Bihotzez