Xabier Letona
Ardatz eta ertz, Euskal Herria bestela ikusten da Iruñeko Gazteluko Plazatik. Begirada politikoa da hau batez ere, baina tarteka bestelako zirrikituak ere irekitzen dira.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Karlos(e)k Imarkoain handia eta kubo marroi txikia bidalketan
- “Abuztukada”, “martxokada” eta… “ekainkada”? | Gazteluko Plazatik(e)k Chivite, Ferraz eta EH Bilduren esku bidalketan
- Xabier Letona(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
- Xabier Letona(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
- Patxi Aizpurua(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko iraila
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko otsaila
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko apirila
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2009(e)ko martxoa
- 2009(e)ko otsaila
- 2009(e)ko urtarrila
- 2008(e)ko abendua
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko urria
- 2008(e)ko iraila
- 2008(e)ko ekaina
- 2008(e)ko maiatza
- 2008(e)ko apirila
- 2008(e)ko martxoa
- 2008(e)ko otsaila
- 2008(e)ko urtarrila
- 2007(e)ko ekaina
- 2007(e)ko maiatza
- 2007(e)ko urtarrila
Eusko Jaurlaritzak bi euskaltegi irekiko ditu Lodosan eta Tuteran
Atalak: Euskara, Hizkuntzak, Nafarroako politika
Beñat Arrabit (EPP), Ana Ollo (Nafarroako Gobernua) eta Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako kideak. (Arg.: Irekia).
Nafarroako Gobernuarekin adostutako neurria da eta “euskara euskal lurralde guztietan sustatzeko” instituzioek hartutako erabakiaren baitan kokatu du Jaurlaritzak. “Euskaraldiaren izpirituarekin bat datorren erabakia da”, azpimarratu dute bi gobernuetatik.
Berria jakin bezain laster UPNko edota PSNko parlamentariek Eusko Jaurlaritzaren “euskal inperialismoa” salatu dute, eta neurria auzitegietara eramango dutela iragarri. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari José Luis Arastik prentsa oharrean adierazi duenez, “Estatuko abokatuarekin aztertzen ari gara nola egin aurre erabaki honi”.
Tira, hau ez da benetako albistea, orain fake news esaten zaionetakoa da, hedabideetan beti izan diren albiste faltsu horietakoa. Bai, Jaurlaritzak berak zuzenean irekitzea halako bi zentro Nafarroan ezohikoa zen, edozein euskalduni arraroa egingo litzaioke. Ez ordea, UPN eta enparauen erreakzioa, halakoak etengabe entzuten dira nafar unionisten ahotik, azkenotan ETBren kontura adibidez.
Cervantes Institutua diplomazia kulturalean
Beste titulu hau ordea, egiazkoa da, aste honetan Espainiako hedabide gehienetan jaso da: “Cervantes Institutuak bi zentro berri irekiko ditu Los Angelesen eta Washingtonen”. Helburua da aurre egitea AEBetako lehendakari Donald Trumpek bere agintaldiaren hasieratik gaztelaniari egin dion erasoaldiari.
Institutuko zuzendari Luis García Monteroren esanetan, “Cervantes Institutuak diplomazia kulturalarekin defendatu nahi ditu AEBetan baztertuak diren gaztelania hiztunak. Bere ama hizkuntza hitz egiten duten edozein pertsonaren duintasuna defenditu behar da”.
Trumpen Erresuman bakarrik ez, Dakarren eta Gibraltarren ere irekiko ditu zentro berriak, “gaztelaniaren erabilera munduan barrena sustatzeko”, zentroak bere webgunean dioen legez. Halako 87 zentro ditu munduan zehar. AEBetan 50 bat milioi gaztelania hiztun dira, Espainian baino gehiago; munduko pertsonen %8k hitz egiten du espainolez, baina hala ere Cervantes Institutuan kezkatzen dira gaztelaniaren etorkizunaz. Espainiarrei ez zaie harrigarria egiten institutu honek 124 milioi euro jasotzea, ez dute horregatik protestatzen; baina nafar unionistei bai Euskarabideak 2016an 2,9 milioi euro jasotzea eta zer esanik ez 2018ko 6,9 milioiak. Beti da asko.
Euskal inperialismoa
Ezaguna da Donald Trumpek gaztelaniaren aurka daraman kanpaina, baina hala ere, Trump zakarrak ez dio legezko oztoporik jarriko Cervantes Institutuari bi egoitza hauek ireki ditzan. Ezta pasatu ere burutik, ez berari, ez institutuari.
Euskaldunoi ordea, guztiz ezagun egiten zaizkigu nafar unionistek edo espainiar instituzioek euskararen aurka jarritakoak. ETBrekin hainbatetan Nafarroan, baina baita EAEn ere. Adibidez, 2013an Gipuzkoako Diputazioak –gobernuan EH Bildu– erabaki zuen Seaskako Xalvador ikastolari 600.000 euroko diru-laguntza ematea eta Carlos Urkijo PPko Espainiako Gobernuaren ordezkari ospetsuak helegitea jarri zion: “Bilduren Diputazioak Frantziako eskumenak inbaditu ditu, herrialde honek ez dituelako diru-laguntzarik ikastolentzat, euskara ez delako hizkuntza ofiziala han”.
PSEri ere ez zitzaion batere gustatu Diputazioaren erabakia eta Rafaela Romerok gogor kritikatu zuen: “Bilduk eskuzabala izan nahi badu Iparraldearekin, izan dadila bere diruarekin ez gipuzkoar guztionarekin”. 2012an, aldiz, Nafarroako UPNren Gobernuaren haserrea piztu zuen Martin Garitanok, Diputazioak erabaki zuelako Lodosako Ikastolaren egoera estua 24.000 eurorekin laguntzea: “Ez daitezela Nafarroan sartu, utz diezaiotela Nafarroa anaia txikitzat hartzeari”. Hemerotekak blai dira gisako adierazpenez.
Astindu beldurrak
Halakoxea da mundua, inor ez da asaldatuko Espainiak gaztelaniaren ahuldadea defenditzen duelako mundu osoan, baina ez dezatela berdintsu jokatu euskal erakundeek, hori euskal inperialismoa da.
Txarrena da hainbatetan euskaldunok ere harritzen garela gure erakundeek salbuespenez eta gutxi batzuetan euskara sustatzen badute beren eremu instituzionaletik kanpo. Txarrena da guk geuk sinesten dugula “poliki ibili behar dugula, inor ez beldurtzeko”, edo boterera iristean “oraindik ez dugula indarrik”, Nafarroan aldaketaren gobernuari gertatu zitzaion bezala.
Normaltzat hartzen dugu UPNk eta PSNk ofizialtasuna nahi ez izatea Nafarroan, ohituta gaude; baina 2015ean ez geunden ohituta Ezker Batuak eta Batzarrek –edo Podemoseko sektore batek– UPNk bezala jokatzera, edo euskara Nafarroa osoan ofizial izateari trabak jartzen ikustera. 2018an ere arras gogorra egiten da hori ikusten jarraitzea.
Gure ahuldade politiko eta buru kolonizatuaren lekuko baino ezin da izan aldaketaren indarrek oraindik Euskararen Legea ofizialtasun osora aldatu ez izana. Ikustea nola dabiltzan munduan gaztelaniaren defentsan –berdin frantses, aleman…– eta nola hemen ezin den ofizialtasuna ekarri euskal hiztunen lurraldera, barrenak dantzan jartzeko modukoa da.
Euskaraldiak balioko digu hiztunoi gure gutxitasun-konplexua astintzeko. Ea balio duen baita ere gure erakunde eta alderdien gutxitasun konplexua astintzeko.