Krisia areagotuko da, bi ikuspegi norabide berean
Irakurri eta entzun dut, ohi moduan, baietz, ikusten ari direla krisiaren amaieraren argi izpiak. Azken asteetan sendo entzuten da eta Lehman Brodhersen hondoratzearen urteurren honetan are gehiago. AEBtan lehenago izango dela Europan baino, zeresanik ez Espainiako Adreiluaren Erresuman baino. Enpleguaren arazoa, dena den, dexente luzatuko ei da Espainian. Enplegu politika malguagoa behar delako gertatzen dela hori, dio eskuinak, enpresaria harrapatua ei da, ezin langileak kaleratu eta, gero bota ezingo baditu, berriak ere ezin hartu.
Hau da, produkzio txikia dagoenean, langileak botatzeko araudi egokia behar dela. Produkzio handiarekin arazoak baretu egiten dira eta ekonomiak haizea hartzen du. Eta zerk baldintzatzen du produkzioa? Kontsumoak. Horra, beraz, egungo sistemaren ardatza, kontsumoa. Ekuazioa argia da, kontsumitu behar da, bestela ez dago produkziorik eta, beraz, lanik ere ez. Eta hemen egin dut topo Hans Harms filosofoak 2005ean idatzitako artikulu batekin: “Jadanik ez da lan egiten ekoizteko, ekoizten da lan egiteko”. Lana bera da helburua eta ez ondasunak ekoiztea.
Harms aspaldi ari da esaten aipatu gisakoak eta abuztu bukaeran idatzitako beste artikulu batean (“Bukatu da festa”), berak argi azpimarratzen du ez dagoela atzera bueltarik. Bere ustez, azken 30 urteetako gurpil zoroa da, eta horrek dakarkio krisia sistemari: gero eta esku lan gutxiagorekin, gero eta gehiago ekoizteko gai da. Sistemak gehiegizko produkzioa du, kontsumitu ezin duena. Eta nola bideratu du arazoa azken urteetan: finantza ingeniaritzarekin, eta honek porrot egitean, sistemak krak egin du. Baina sakoneko arazoa ez ei da finantza munduarena, gehiegizko produkzioarena baizik, konponbiderik ez duena.
Harmsen arabera, Nicolas Sarkozy da etorkizunari begira krisia serio hartu duen agintari bakarretakoa. Hala dio mandatari frantziarrak: “Behin-behineko egoeran gaudela pentsatu eta gero lehengo egoerara itzuliko garela uste duena, bere buruaz beste egiten ari da”.
Michel Husson ekonomilari ospetsuaren artikuluaren titulua are adierazgarriagoa da –“Krisia hasten ari da”– eta idazkiaren bukaera oso esanguratsua. Bere aburuz, krisiaren aurreko egoerara itzuli nahi da, eta logikoa da, baina ezinezkoa: “Logikoa beste alternatibarik ez dagoelako: 1980ko bira neoliberal erraldoiaren bizkar atera zen azken atzeraldi handitik (1974-1975). Baina kapitalismoak, funtsean, jarduteko bi molde besterik ez ditu: ‘Keynes erara’, 30eko ‘Urte loriatsuetan’ bezala, edo ‘liberal erara’. Lehen formulara itzultzeko presio sozial nahikorik ez dagoenez, molde neoliberalean are eta urrutiago joatea besterik ez dago. Baina absurdoa da, bide hau kale itsura doa, finantz krisiak bere bideragarritasunerako baldintzak suntsitu dituelako. Horixe da abiatzen ari den garaiaren kontraesan nagusia”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks