Baietz erantzungo du ETAk
Aberri Egunaren atarian etorriko ote da menia? Batek daki, baina badirudi Bruselako Adierazpenak jadanik betetzen duela orain arteko berrikuntza kupoa. Luze joko du honek guztiak eta “hobeto dosifikatzea” pentsatuko dute batzuek. 2009ko udako oporren bueltan iragarri zuen legez kanpoko ezker abertzaleak barne hausnarketa eta eztabaida prozesuari ekingo ziola. Gero etorri ziren Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta beste buruzagi batzuen atxiloketak. Eta Donostiako manifestazio garrantzitsu hura. Ondoren Altsasuko Adierazpena. Eta aurten, duela gutxi eman zitzaion amaiera ofiziala ENAMen baitako eztabaidari, Zutik Euskal Herria agiriarekin. Emaitza: ezker abertzale historikoak bide politiko eta demokratikoak bakarrik erabiliko dituela bere helburuak lortzeko. Hau da, borroka armatua desaktibatu behar dela. Nagusitasun handiz hori erabaki zuen gehiengoak, eta gutxiengoak onartu beharko zuen. Onartu beharko du, baldin eta ezker abertzale historikoaren baitan kokatua jarraitu gura badu. Ez dago atzera bueltarik.
Urrats bakoitza ez ikusiarenarekin erantzun zaio Batasunari, publikoki bederen. ETAk hausnarketarekin eta erabakiekin bat egiten zuela iragarri zuen agiriz, baina ez omen zegoen berrikuntzarik. Edozeinek ikus zezakeen baietz, nahikoa zen irakurtzea, baina mesfidantzak eta bakoitzaren interes politikoak ez ikusiarena egitea ekarri du. “Bai baina ez” nagusitu da oro har.
Ezker abertzalearen ekimenak nazioarte mailan hartu duen indarraren erakusle da Bruselako Adierazpena. Eta oraingoan zerbait gehiago esatera behartu badu ere, erantzun ofiziala “ezetz” izan da. Ez dakiguna da eskaparate ofizialaren atzean zer dagoen, baina nazioarteko halako aktoreen partehartzeak zerbait sendoa adierazten du. Jende hori ez da nola hala mugitzen.
ETAren erantzuna denbora kontua da, bai ala bai, ez dago beste aukerarik. Interesatzen denean egingo du. Eta orduan ere ez da nahikoa izango jakina, gaurtik ari da iragartzen. Pragmatismoa eta gradualismoaren maisuak aldaketa erradikalaren apologiarik sendoena egiten ari dira gai honetan, ETAri gauetik egunera desager dadila eskatuz. Baina ezker abertzale historikoak kateatutako gertaera andana sendo eta koherentea argi ikusten du hala nahi duenak. Mesfidantzarako ohiko zirrikituak gero eta txikiagoak dira, baina egon badira oraindik, normala den moduan.
Ilusiotik, apologiatik, mesfidantzatik, kritikotasunetik, zuhurtziatik… baina prozesu hau bultzatzea da logikoena, hamarkadetako helburua bi urratsetara dago eta. Sozialista eta jeltzaleek Loiolan behin eta berriz azpimarratu zuten moduan, lehenengo bakea eta gero gerokoak. Ez da sasoi txarra Monzonen berba ospetsuak eguneratzeko: Maltzagaraino elkarrekin, gero gerokoak.
4 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Tweets that mention Baietz erantzungo du ETAk -- Topsy.com - [...] This post was mentioned on Twitter by iturri, Jurdan Arretxe. Jurdan Arretxe said: RT @iturri: RT @zigaurre Baietz erantzungo…
- zuzeu.com — Esperotako agiria - [...] su-etenaren agiria izango zela ere pentsatu zuen batek baino gehiagok. ETAk Bruselatik iritsitako eskakizunari baiezkoa ematea, prozesu demokratiko bat…
- zuzeu.com — Nahasmenaren erdian - [...] Letonak, bere analisian ordea, ETAren erantzunaz ez du zalantzarik: “ETAren erantzuna denbora kontua da, bai ala bai, ez dago…
Baietz erantzungo du ETAk. Bai, baina, noiz? Ehun urte barru? ehun ta hamar urte barru? Guk ez dugu ikusiko.
Behar denean izango da erantzuna guk ikusi ala ez …..beste gauza da…
“etaren erantzuna denbora kontua da”: eta beste askoren galdera da ea noiz arraio den denbora, ezen urteak eta urteak daramatzagu horren zain.
hainbat eta hainbat jende benetan mesfidati dabil guzti honetaz, askotan entzun dugulako lelo bera eta azkenean urteak igaro eta berdintsu gabiltzalako.
ez da izango hemen ere atsotitz zaharrak dioena gertatzen dela ezta?: “gero dionak, bego dio”.
Txamilotx, Pernan, ulertzekoa da mesfidantzarena, aurreko su-eten eta bake prozesuetan gertatutakoa ikusita oinarri sendoa du. Baina unean uneko datu, gogo eta testuinguruarekin aztertu behar dira kontuok eta niri ateratzen zait baietz, oraingoan baietz. ETAk iaz bete zituen 50 urte, eta behin borroka armatua bukatu behar dela erabakita ere, fenomeno hori hilabete batzuetan konpontzea ezinezkoa da, denbora behar da. Aitortzen dut beste batzuetan ere “oraingoan bai” pentsatu eta idatzi dudala. Bakoikortasun eta gogo kontua ere bada, baina ez dut uste egindako irakurketan dena boluntarista denik. Ea oraingoan behin-betiko baiezkoa den.