Haizeak atzo Euskaldunan utzitakoa
Duela hamabost egun Euskaldunon Egunkariaren epaia ezagutu zenean, poza borborka barreiatu zen Euskal Herri osoan, eta Martin Ugalde Kultur parkean bereziki. Zalantza guztiekin espero bazen ere, azkenean iritsi beharrekoa heldu zen Madrildik. Bilboko Euskaldunako atzoko poza pausatuagoa zen, harlauza itzela gainetik kendu izan duenaren poz sakona, bigarren harlauzari bultza egiteko indarra hartzen duenaren alaia. Bigarrenaren mehatxua, Juan Mari Torrealdaik gogoratu zuen moduan, hor dago eta. Baina tira, “Gozatu orain hau eta gero gerokoak” arnas zitekeen Euskaldunaren baitan. Eta norabide ugariko esker ona.
Goiz bikaina Bilbon eta ederra ekitaldia bera ere. Artista eta hizlariek bortxaz isilarazitako zazpi urteko ibilbide latza maitasunez inguratu zuten. Bideoz jarraitu genuen ibilbide ezaguna, eta 2003ko apirilean Fermin Muguruzak musika saria jasoaz bat Madrilen egindako salaketa ausarta bergogoratu, artista espainiarren txistu eta protesta ozena ere garbi entzun zen moduan. Hego haizeak ez du damurik ekarri. Bilboko haizeak, ordea, kanta artean bultzatu zuen Jon Maia dantzaria, oholtza gainean hostoa bailitzan mugituz. Txalorik indartsuenak auzipetuentzat eta Euskaldunon Egunkariarentzat, zutik, baina ez zen oso atzean geratu Kataluniatik, Madrildik, Valladolidetik… hurbildutako solidarioek jaso zuten esku-sarta.
Alai eta gozatzen jendea. Beren musikarekin harritu ninduen Arrasateko Gose musika taldeak eta Ines Osinaga abeslariak amesgaiztoa ekarri zuen triki doinuen ondoren: “Hemen torturatzen da!”. Gotzon Barandiaranek goxo utzi zuen poema oholtzan, baina poesia bukaeran iritsi zen, sostengu taldea eta auzipetuak oholtzan, Mikel Sorozabal auzipetuaren alabatxoa oholtzara korrika igo eta aitaren besoetara jo zuenean. Hala bukatu zen eta hurbildu baino alaitsuago barreiatu ginen etorritako bideetan. 15:00etako albistegia jarri autoan, Euskadi Irratian behintzat albisterik ez. Beharbada ez zuen mereziko. Joseba Tapiaren Real Politik jarri nuen. Honek bai merezi du, hura martxa Iruñera bidean.
(Eguneraketa, 2010-4-26)
Gaur goizean, astelehena, Euskadi Irratiko 8etako informatiboan atzoko ekitaldiaren informazioa txukun emanda entzun dut. Eta AVTk eta Dignidad y Justiciak ez dutela helegiterik jarriko. Jarrai beza hala egunak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks