Krisia ate joka… diru-laguntzak behera
ARGIA-KO kazetari gehienok abuztuan egiten dugu opor, gure irakurleak ezagun duen moduan abuztuan ez baita aldizkaririk kaleratzen. ARGIA.com-ekoak geratzen dira lanean. “Deskonektatu eta indarrez itzuli”, luzatzen diogu elkarri. Hala behar du eta horretan saiatuko gara, baina uztailean egin dugun akziodunen batzarrak ez du aho-zapore onik utzi. Krisia ate joka da.
Gure diru sarreretan hiru zutabe nagusi ditugu: aldizkariaren salmenta, publizitatea eta diru-laguntza publikoak. Publizitate sailean %25eko beherapena aurreikusi genuen urte hasietan eta, hala ere, borroka latzean ari gara helburuetara iristeko. Baina gogotik lan eginez gero, eremu pribatuak oraindik ere erantzuten du; sektore publikoan ez dago borrokatzerik, ez ei da dirurik -guretzat behintzat- eta listo.
Aldizkariaren salmenta aurreikusitakoaren arabera doa, ez dago etxafuegorik botatzerik, baina ezta hondamendirik ere. Krisia krisi, hor eusten ari gara, berriz ere gure irakurlearen fideltasun itzela argi frogatuz. Zenbait gauza ondo egiten ari garen seinale ere bai seguruenik, eta hori poztekoa da.
Oraingoz behintzat hirugarren hanka da kale egin duena, diru-laguntzena. Eremu honetan gurean bederen bi iturri dira nagusi: Eusko Jaurlaritzarena da handiena eta ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Aurten Jaurlaritzak eutsi egin dio hedabideen artean banatu beharreko diru kopuruari eta hori bera, basamortu giro honetan, ez da gutxi. Baina komunikabideok oraindik ez dakigu bakoitzari dagokiguna, banaketa ez baita publiko egin oraindik. Zain gaude, beraz.
Tsunamia Gipuzkoako Foru Aldunditik (GFA) iritsi zaigu aurten: 2009an 71.000 euro jaso genituen eta aurten 26.000, hau da, %63 gutxiago, 45.000 euro gutxiago. Pentsa daitekeenez, gu moduko 21 langileko enpresarentzat kolpe itzela da hori. Krisi doinuekin akaso beherapenak izan zitezkeela pentsa zitekeen. Jakin zenean Diputazioko departamentu guztietatik 2010eko aurrekontuetan Kultura eta euskara sailak izan zuela mozketarik handiena (%23), gu ere tankerako beherakadarako prestatu ginen. Baina ez, %23 ez, %63 murriztu zaigu. Murrizketa orokorrak denok kaltetu gaitu, baina batzuk bereziki, eta horiek prentsa orokorrekoak gara. Berbarako, Gaztezulok %81eko beherakada izan du eta Jakinek %69koa.
Zergatik? Nola ulertu hori? Non zigorraren arrazoia? Eta galdetzera joan ginen Diputaziora. “Ez dago dirurik, sentitzen dugu” (Eta guk, besteak beste, AHT buruan, erraustegia, Realari emandako 1,2 milioi extra horiek…). Ez genuela ulertzen, beste hedabide asko ere ari zela %25eko murrizketaren bueltan, baina orokorretara jauzia sekulakoa zela. Eta orduan azaldu ziguten banaketa irizpideak aldatu zituztela: diru gutxi zutela eta poltsaren banaketa hala egitea erabaki zutela: %60 herri aldizkarientzat, %25 eskualdekoentzat eta %15 orokorrentzat. Eta hori guztia diru-laguntza deialdian ezer jakinarazi barik edota aldez aurretik inongo jakinarazpenik egin barik, ez idatziz ez ahoz.
Erantzuna izan zen Jaurlaritzak arduratu behar zuela aldizkari orokorrez. Eta guk “ea haiekin hitz eginda zegoen horren gainean”. Ezetz, datorren urterako koordinatu beharko zutela. Eta gu zur eta lur emandako erantzunekin. Ez litzateke leiala gure agintariekin izandako bilera pribatuetan esandako guztiak publiko egitea, baina aipatutakoa bederen bai, hor dagoelako banaketaren gakoetakoa eta hori, gutxien-gutxienez, aldez aurretik publiko egitea edo jakinaraztea litzatekeelako garbiena.
Aurten ARGIAk Ricardo Arregi Saria jasotzerakoan esandako berbok balio dute oporretara joan aurreko artikulu hau bukatzeko: “Askotan konplexua sortzeraino entzun behar izan dugu kultura eta hizkuntza subentzionatuarena, artifizialki bizitzearena eta gisakoak. Eta orain zer eta gobernuek bankuak salbatzen dituzte. Eta milioika euro bideratzen dira autoen lantegietara, altzarien salmentara, eliteko kirola bultzatzera, azpiegitura erraldoietara… Eta gu ginen diru-laguntza publikoetatik bizi ginenak”. Bai, zalantzarik ez, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia oraindik ere indarrean dagoenean, gobernanza eta 2.0-ren garaian, guk ere sukaldeko garbigailuak beste izan nahi dugu. Zeuretzat ere opor on irakurle.
(ARGIAko 2241. zenbakia)
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Tweets that mention Krisia ate joka… diru-laguntzak behera -- Topsy.com - [...] This post was mentioned on Twitter by Paul Rios, Xabier Letona. Xabier Letona said: Gipuzkoako Foru Aldundiak euskal prentsari…
Kaixo, Xabier
Lehenengo eta behin, adierazi nahi dizut kritikak eta bestelako iritziak, onartu ez ezik kontuan ere hartzen ditugula, nola ez. Hori izan da gure lan egiteko modua hiru urte hauetan, edo behintzat, horretan ahalegindu gara zinez. Alegia, gizarte eragileekin egon, haiekin hitz egin, iritziak elkarri trukatu eta, ahal zela, adostasun batetara iristen. Gure diru laguntzetan diru murrizketak izango zirela, 2009ko irailean aurreratu genuen KM Kulturunean egindako gure Plan Estrategikoaren aurkezpenean. Bertan Kultura eta Euskara Departamentuko foru diputatua Mª Jesus Aranburuk eskatu zizuen, euskararen erabilera soziala sustatzeko lanean ari zineten elkarte, enpresa eta erakundeei, aurrez-aurre genuen egoera korapilatsu horretara egokitzeko ahalegin bat egin zenezaten, herri erakundeon aurrekontuak murriztu beharra izango baitzen epe laburrean. Era berean, programa guztiekin aurrera egiteko Aldundiaren konpromisoa azaldu genuen; hori bai, helburuak egokitu eta lehentasunak ipiniz. Lehentasun horiek argi eta garbi azaldu genituen urtarrilaren 18an GAOn argitaratu ziren gure diru laguntzen deialdian. Ez da egia, beraz, diozun bezala, diru-banaketen irizpideak ez genituela deialdian jakinarazi. Deialdiaren oinarrietan argitaratuta daude eta horrek ez du bigarren irakurketa posiblerik. Idatziz jasota daude eta kitto. Atentzioa eman dit horrelako baieztapena egiteak, gure artean izandako bileran azalpen guztiak eman baikenizkizuen, deialdiaren oinarriak mahai gainean genituela. Hala eta guztiz ere, ez nuke gehiegi luzatu nahi; azken batean iruzkin labur bat besterik ez nuen egin nahi zuzenketa moduan, eta, honez gero, iritzi artikulu baten tankera hartzen ari da ohar hau. Hasi naizen bezalaxe bukatuko dut, kritika guztiak onartuz eta lankidetzarako eskua luzatuz. Orain arte bezala. Ikusi arte eta besarkada bat.
Estibaliz Alkorta (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria)
Kaixo Estibaliz,
Eskerrik asko egindako zehaztapenagatik, eta eskerrik asko artikulu honi blogean erantzuteagatik (ARGIAn ere agertu baita). Agintariek ere halako foroetan zuzenean parte-hartzea eskertzekoa da.
Goazen harira. Bai, arrazoi duzu, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren (GAO) 2010eko urtarrilaren 18koan argi agertzen da diru banaketa nolakoa izango den. (%60 herri aldizkariak, %25 eskualde edo herri egunkariak eta %15 aldizkari orokorrak. Kopuruei dagozkien horiek, diozun moduan, “idatziz jasota daude eta kitto”. Horretarako dira aldizkari ofizialak.
Ni zuzeneko harremanei buruz ari nintzen nire artikuluan eta esan nahi nuen, ARGIAk zuekin egindako ohiko bileratan -urtarrilaren 18aren ondoren izandakoak-, ez genuela halakorik jaso eta bai, ordea, kontuan izateko 2010erako Kultura eta Euskara Sailak %20ko murrizketa zuela eta hori diru-laguntzetan ere islatuko zela.
Diruaren banaketa nola egiten den oso garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa banaketaren (60,20,15) zergatiak azaltzea, bereziki kasu honetan moduan hain desorekatua bada. Eta hori da aipatzen duzun GAO horretan azaltzen ez dena. Ekainean izandako bileran argudiatu zeniguten banaketa horren zergatia. Ez zaigu logikoa iruditzen eta ezin dugu ulertu, baina orain ez dagokit niri zuen arrazoiak publikoki azaltzea. Hori, nahi baduzue, erabakia hartu duzuenok egin behar duzue.
Asko hitz egin daiteke diru-laguntzen gaiari buruz, baina ez naiz orain horretan sartuko. Gipuzkoako Diputazioak azken legealdi honetan gizarte eragile eta herritarren partaidetzaz behin eta berriz dioen moduan, onena erakunde eta gizarte eragileen arteko foroetan hitz egitea da, bai baitugu zertaz hitz egin. Eta hala egingo dugula espero dut. Baina bada oinarri-oinarrizko gai bat: gauza batzuetarako bada dirua eta beste batzuetarako ez. Euskara eta Kultura Sailak aurten %23ko diru murrizketa izan du. Ez gaude ados ondoren erabaki duzuenarekin, baina, zuk ondo dakizun moduan, oraingo arazo hauen abiapuntua hori da.
Bukatzeko, gaiarekin zerikusi duten bi aipamen labur egingo ditut. 2007an EAJk euskal kulturaz eta kultur politikari buruz onartutako txosten mamitsu eta interesgarritik ateratakoak. Ez da hainbeste denbora pasa, ezta? Baina tartean krisiak harrapatu gaitu.
“Gure gizartearen sormenean eta eraginkortasunean uste osoa dugu. Gainera, ekonomiaren eta euskal kultura berriaren oinarriak sendotzeko, errepide eta azpiegituretan urtero erabiltzen den dirutzaren zatitxo bat nahikoa izango litzatekeela iruditzen zaigu”.
“Pentsaeraz eta jokaeraz aldatzea eskatzen du horrek, ezagutzari, kulturari eta komunikabideei lehentasuna emateko. Horretarako, berriz, ezinbestekoa da aurrekontuen apustua, ez baita unean uneko premien araberakoa izan ohi”.
Ondo jarraitu, besarkada bat zeuri ere eta nahi duzunera arte