Testuinguruaren indarra: bi agiri elkarri begira
Ez da Agiria izan, baina agiri ona da. Agiria bere testuinguruan, hori da bere indargunea orain. ETAk beste su-eten baten berri eman du terminologia bitxi baten bidez, eta ezker abertzaleak kokatu egin du: Zutik Euskal Herria-k finkatutako testuinguruan dago, Bruselako Adierazpena betetze bidean doa, eta prozesu hau atzeraezina da.
ETAk joan den igandean jakinarazi zuen duela hilabete batzuk “eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia” hartu zuela eta aurrerantzean ere horrela jarraituko duela. Su-etena batzuentzat eta besteentzat ez. Kontua da atentaturik ez duela egingo eta horrek ahalbidetzen duela ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria agiriaren inguruan eraiki duen estrategia osoarekin jarraitu ahal izatea. Funtsean, azken hilabeteetan so-egile ugarik aipatu duten ETAren isilpeko su-etenarena egiazkoa zela ikusi da orain.
Zergatik orain”eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia” moduko terminologia zehazgabea? Zergatik ez su-etena argi eta garbi? Zergatik ez da ezaugarritzen erabakiaren izaera? Seguruenik, prozesu berri hau ondo edo txarto atera, erantzunak denborarekin jakingo dira. Orain, su-eten berri honen nondik norakoak ondo eta gertutik jarraitzen dituzten batzuek bakarrik antzemango dituzte agiri honen terminologiaren zergatiak. Edonola ere, hau urrats bat dela argi da eta honek datozen hilabeteetan erreskadan izango diren beste batzuk iragartzen ditu, besteak beste, Bruselako Adierazpenari askoz argiago erantzungo diotena.
Testuinguruaren garrantzia
Une zehatz honetan garrantzitsuena da atentaturik ez dela izango eta horrek esan nahi duela ezker abertzaleak daraman estrategia berriak ateak zabalik dituela eta urratsak gauzatzen ari direla. Inozoenak ere bazekien ETAk ez zuela esango “ados, bukatu da, gaurdanik armak utziko ditugu eta listo”. Espero zitekeen zehaztasun gehiago, hori ere egia da, baina ez da hala izan. Oraingoan, aurrekoetan ez bezala, testuingurua da askoz zehatzagoa, garrantzitsuagoa eta erabakigarriagoa. Hor du bere benetako balioa erakunde armatuaren agiriak.
Gainetik bada ere, konpara dezagun testuingurua azken bi su-eten saioetan zegoenarekin. Lizarra-Garazikoan, ñabardura barik esanda, ETAren su-etenak alderdi abertzaleen adostasun printzipio bati erantzuten zion, alderdiek eraman beharreko prozesu zehatz bati baldintzatua zegoen eta, beti ere, eman beharreko prozesu politikoaren zuzeneko eragile eta zaindari izango zen ETA. Negoziazio prozesua estuki zegoen lotua nazio eraikuntza prozesu zehatz bati. Beste interpretazio ugariren artean, ETAren ustez, EAJ ez zegoen pentsatu bezain konprometitua prozesu harekin eta Lizarra-Garaziko saioak porrot egin zuen.
2006ko martxoaren 26an eman zuen “su-eten iraunkorraren” berri ETAk, orain moduan, bideoz aurkeztutako prentsaurrekoan. Motza eta argia izan zen, sukalde lan handia iradokitzen zuena. Testuinguru nagusia hiru erpinena zen: ezker abertzalea, PSOE eta EAJren arteko negoziazioa. Anoetako Proposamenari esker, aurrerapauso garrantzitsua eman zen eta mahai politikoa eta teknikoa bereizi ziren. Loiolan akordio politikoa atzamar puntetan izan ondoren, saioak porrot egin zuen.
Eta oraingoan zein da testuingurua eta eredua? Testuinguruari dagokionez, ETAren agiriak aditzera ematen ez badu ere, inoizko hoberena: eztabaida prozesu luzearen ondoren, ezker abertzaleko oinarriek aurrerantzean beren borroka “soilik bide politiko eta demokratikoen bidez” gauzatuko dela erabaki zuten. Hau da, erabaki historikoan, funtsean, borroka armatua alboratzea erabakitzen da, aldi berean prozesu burujabezale berri bati haize emanez. Lur soro horretan lurreratu da ETAren oraingo agiria, eta horrek egiten du garrantzitsu.
Negoziazio ereduari dagokionez, egoera nahasiagoa da. Su-eten honen indargune nagusia da ezker abertzaleak bere estrategia berrian kokatu duela; ahulgunea da negoziaziorako mintzakideak prozesu berrira erakarri behar dituela, bai negoziazio politiko baten oinarriak finkatzeko eta, batez ere, gatazka bortitzaren ondorioak finikitatzeko, hau epe motz samarrean gauzatzen hasi beharrekoa gainera.
Eta iruditzen zait, orain garrantzitsuena apurka gatazkaren ondorioena ondo bideratzen hastea dela eta Estatua -orain batez ere PSOE- eta EAJ horretan buru-belarri konprometitzea, behin argi izanda honek ez duela atzera bueltarik. Gatazkaren irtenbide duinarena da hau: konpondu gatazkaren ondorioak eta has dadila aro politiko berri bat euskal gizartean. Euskal gizarteak norabide horretan egin beharko lieke presio eragile politikoei.
Baina bistan da hori gauzatu dadin, esparru politikoa ere mugitu behar dela. Egungo eskeman, gakoa ez da Madrilekin orain autodeterminazioa edo gisakorik negoziatzea. Ez da hori prozesuaren arrakastaren giltzarria. Muina mugimendu edo prozesu soberanista indartsua abiaraztea da, epe ertainean euskal esparru politikoa irauli dezakeena eta, batez ere, orain ezker abertzaleko sektore uzkur eta mesfidatienak prozesu honetara biltzea bideratuko duena. Hor kokatzen da ezker abertzalea eta EAren arteko akordio estrategikoa, edota Aralar eta Alternatibarekin diren elkarrizketak.
Ezer ez da berdin
Bi agiri eta bi mahai izan ziren joan den igandean. ETAren agiria ezin zen modu isolatuan irakurri, berau interpretatzeko ezinbestekoa zen ezker abertzaleko lau pertsonek Donostian arratsaldeko 4retan emandako prentsaurrekoa jarraitzea. ETAk aipatzen ez zituenak zehaztu ziren bertan, eta gainera erakunde armatuaren agiria testuinguru politikoan kokatuz. Batetik, prentsaurrekoaren lehen segundoetatik azpimarratu zen ETAren erabakia aldebakarrekoa zela, mugagabea eta baldintzarik gabekoa. Bestetik, gertaera kokatzen zen: “Zutik Euskal Herria” agiriak jarritako prozesu demokratikoaren baitan dago, ezker abertzaleak bere erabakiak berresten ditu eta tresna gisa Bruselako Adierazpenaren balioa gogorarazten du. Ezker abertzalearen lidergoa non dagoen argi adierazi nahi izan zen, eta irudi aldetik bederen lortu zen.
Alde horretatik pentsa liteke ezker abertzalearen baitan ere badirela tentsioak. ETAren agiriaren ezaugarrietan oinarrituta, esango nuke ez dela erakunde armatuak gusturen idatzitako komunikatua. Hortik zehazgabetasun, ahulezi eta abarrekoak. Horrexegatik da hain garrantzitsua testuingurua, Zutik Euskal Herria agiriaren ondoren dagoeneko ezer ez delako berdin izango, izan prozesu hau arrakastatsu edo ez. Arrakastatsua bada, euskal politika beste parametro batzuetan kokatuko da eta egoera politiko osoa berregituratuko da. Porrot egiten badu, ezker abertzaleak beste zatiketa baten arrisku handia izango du. Eta arrakastatsua bada agian ere bai. Hori da saihestu beharko litzatekeena, eta hori da agian batzuei komeni ez zaiena eta polizi estrategiarekin bultzatzen ari direna.
Ezker abertzaleak bi mamu handi ditu bere ibilaldi honetan. Lehena, barne kohesioa, ziklo politiko berria irekitzeko euskal gizartearentzat ere funtsekoa dena. Bigarrena, ea lortuko duen 50 urteko kapital politikoa ondo txertatzea egoera berrian, hori funtsezkoa baita aliantza berriekin batera prozesu soberanista indarrez abiarazteko.
Hurrengo urratsak
Partidu berri hau hainbat eremutan ari da jokatzen, eta apurka sendotzeko hurrengo urratsak gauzatu behar dira alor horietako bakoitzean. ETAri dagokionez, bistan da Bruselako Adierazpenari modu osoago batean erantzun behar diola. Berrikuntza nagusiena etorriko da ETAk bere su-etena egiaztatzeko pausoak onartzen dituenean. Hori historikoa litzateke eta, une honetan, prozesu honen osasunaren adierazlerik garrantzitsuena. Baina badu logika pentsatzeak aurretik ETAk bere “eraso ekintzarik gabeko” egoera hau su-eten sendo bihurtuko duela. Izatekotan datozen hilabeteetan izango da hori, azkar samar.
Azkar samar, datorren urteko udal eta foru hauteskundeak gainean direlako eta ezker abertzaleak horietan egoteko ahalegin osoa egingo duelako. ETAk Bruselako Adierazpenari baiezko osoa emateaz gain, ezker abertzaleak ETArengandik bereizteko zenbait formuletan sakondu beharko du, datorren maiatzerako ETA ez baita desagertua izango. Hauteskundeei begira, badirudi formula berriren bat gauzatuko dela, EAEn ez bada Nafarroan. Ez dakit zein moldetan, baina logikoena da pentsatzea egoera berri hau hauteskundeetan ere indarrez islatuko dela.
2006ko su-eteneko prestakuntza lanekin “oraingoan bai” irudikatu zen euskal gizartean eta ondorengo porrota latza izan zen. Oraingoan mesfidantza handia dago, sumatzen da eta normala da, baina egoera ahalik eta hotzen aztertuta, inoiz baino arrazoi gehiago dago “oraingoan bai” esateko. PSOE eta EAJ berriz ere prozesuan murgiltzea funtsezkoa da gatazkaren polizi irtenbidea baino, euskal gizarteak behar duen irtenbide duina gailendu dadin. Brian Currin, EA, Jesus Egiguren eta beste eragile askoren lana zein garrantzitsua den argiago irudikatzen da orain. Bada arrazoirik pentsatzeko isilean pauso garrantzitsuagoak ematen ari direla. Negoziatu beharrekoei dagokienez behintzat, askok pentsatzen dute saio hau besteak baino azkarragoa eta isilagoa izango dela. Ezker abertzaleak laguntza behar du prozesu hau osorik buka dezan, eta horrek ez du esan nahi bere estrategia osoarekin bat egin behar denik, baina bai ezin zaiola makilarik jarri gurpiletan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks