Hasiera »
Xabier Letonaren bloga - Gazteluko plazatik
Xabier Letona
Ardatz eta ertz, Euskal Herria bestela ikusten da Iruñeko Gazteluko Plazatik. Begirada politikoa da hau batez ere, baina tarteka bestelako zirrikituak ere irekitzen dira.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Karlos(e)k Imarkoain handia eta kubo marroi txikia bidalketan
- “Abuztukada”, “martxokada” eta… “ekainkada”? | Gazteluko Plazatik(e)k Chivite, Ferraz eta EH Bilduren esku bidalketan
- Xabier Letona(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
- Xabier Letona(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
- Patxi Aizpurua(e)k Nafarroan berriz gotorlekura bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko iraila
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko otsaila
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko apirila
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2009(e)ko martxoa
- 2009(e)ko otsaila
- 2009(e)ko urtarrila
- 2008(e)ko abendua
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko urria
- 2008(e)ko iraila
- 2008(e)ko ekaina
- 2008(e)ko maiatza
- 2008(e)ko apirila
- 2008(e)ko martxoa
- 2008(e)ko otsaila
- 2008(e)ko urtarrila
- 2007(e)ko ekaina
- 2007(e)ko maiatza
- 2007(e)ko urtarrila
A ze saltsa Kataluniako soberanismoan!
2010-02-05 // Nazioartea, Politika // Iruzkinik ez
ERCko zatiketa baten ondorioz sortu zen iragan udazkenean Reagrupament, Joan Carretero Generalitateko Gobernazio sailburu ohiak gidatutako alderdia. Lau hilabetetan 3.000 militantetik gora bildu ditu. Esquerrak hiruko gobernuan zuen zeregina ondo ez ikusteaz gain, Reagrupamenten ustez, ERC oso epe luzera begira ari zen burujabetzarekin. Aurten egingo diren hauteskunde autonomikoei begira, Carreterok agindu zuen datorren legealdian Kataluniako Legebiltzarrean independentzia aldarrikatzea eskatuko zuela. Eta horretan ziren kontuak joan den asteburuan alderdiko zuzendaritza zatitu den arte. (gehiago…)
Blanca Urgell: berandu, makal eta ilun
2010-02-03 // Euskara, Hedabideak, Kulturgintza, Politika // 4 iruzkin
Ahozko auzia bukatutako egun berean plazaratu zuen agiria Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek. Zuzenbide estatuko instituzioen arteko delako begirune horri begira behar zen garaian agian, Guardia Zibilak eta epaile instruktoreak zapalduko herritarren giza eskubideekiko ardura eta kezka erakustearen aldetik berandu, makal eta ilun. Badirudi zerbait adierazi gura zuela Kultura Sailak eta aspalditik espero zen, baina kale egin du. “Justiziak behin-betiko amai dezala auzia” desio du Urgellek, baina absoluzioari edo errugabetasunari inongo aipamenik egin gabe. Edozein epaiketan espero behar dena da hori, behin betiko amaitzea. Patxi Lopez lehendakaria eta Rodolfo Ares Ibarretxe auzian epaileen aurrean eseri zirenean zenbat bider entzun diegu PSE-EEko buruzagiei justiziari lana egiten utzi behar zitzaiola, baina ziur zirela bi buruzagiak errugabe zirela? (gehiago…)
Amorrua multzo handitan pilatua
2010-02-01 // Euskara, Politika // Iruzkinik ez
(ARGIAko 2217. zenbakian argitaratua)
EZ ULERTZEA “ni papa”, ardoa eta uraren dialektika, “apal” berezi horiek, itzulpen txar edo itzulpenik gabeko epaiketak, terrorismoaren apologia frogatzeko Jon Idigorasen aipamenak… Auzitegi Nazionaleko pasarteekin barre egin dugu askok azken asteetan, baina barrearen atzean amorrua multzo handitan pilatzen da. Auzitegi Nazionalean beti gertatu dira oso egoera larriak, baina ohitu gara. Oraingo lardaskeria hauek azaleratu behar dira auzitegi horren izaerari buruzkoak barreiatzeko. Eta berme judizial horiekin, herritar askok kartzela zigor handiak bizkarreratzen dituzte. (gehiago…)
Borroka
2010-01-25 // Politika // Iruzkinik ez
(ARGIAren 2216. zenbakian argitaratua)
Egunkaria auzia azken txanpan sartu da eta oraindik ez da inondik inora ikusi akusazioaren funtsik, hau da, Egunkaria ETAren aginduetara egon zela eta akusatuak etakideak direla. Ez zen agertu instrukzio osoan eta orain epaiketan ere ez; salaketen arrastorik ez eta akusazioen lekukoen ahultasuna barra-barra. Guardia zibil itzultzailearena latza izan zen: euskaraz zerbait ulertu bai, akusatuei egindako entzuketen itzulpenak epaileari egin ere bai, eta gero elkarrizketa bat izateko gai ez litzatekeela aitortu zuen.
Epaiketa-esperpento honetan emaitza akusatu guztientzako absoluzioa besterik ezin da izan, baina hori epaimahaiak erabaki behar du. Eta ezin da ahaztu beste epaiketa-esperpento batzuetan, antzeko epaimahaiek erabaki izan dutena: horietako adibide ikusgarriena 18/98 auzia izan zen, eta hartako auzipetu gehientsuenak espetxean dira.
Egunkaria-ko auzipetuek euskal gizartearen gehiengo oso zabalaren aldetik jasotako elkartasunak areagotu egiten du fiskalik gabeko epaiketa honen fikzio itxura. Bada ordua zazpi urteko iruzurrari emaiera emateko eta, absoluzioarekin batera, kalteordainen bideari ekiteko.
Eusko Alkartasunako buruzagiek jakinarazi dute aukeretako bat dela hauteskundeetara Batasunarekin batera joatea. Eta Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak berehala egin du bere interpretazioa eta galdera: utzi egin behar dizkio EAk bere siglak ezker abertzaleari? Zeharka dagoen mehatxua argia da, EAri EAE-ANVri bezala gerta dakiokeela alegia.
Eta bai, zalantza barik hala izan daiteke, baina denak adierazten du EAk halako urratsik ematen badu, Batasunak beste batzuk jorratuko dituela. Eta baita ETAk berak ere seguruenik. Denak adierazten du pilota oraingoan Espainiako Gobernuaren teilatuan geratuko dela. Denak adierazten du euskal esparru politikoa mugitzera doala eta jadanik hasi garela horren lehen aztarnak ikusten. Egoera berriak ekar dezakeenaren beldur, ezpatak tente dira alderdi abertzaleen etxeetan. NaBai izan daiteke horren erakusle argiena, eta ika-miketatik ondorioztatzen dena da oraindik ez dagoela ezer argi. Akatsa da egoera berrien aurrean etengabe barrura begiratzea, baina ohikoa da alderdi eta erakundeetan. Herritarrengana eta gizartera begiratu eta haien asmoak egokien interpretatzen dituenak aterako du etekin gehien egoera berri horretatik. Baina horretarako begiratu egin behar da eta ahal bada hitz egin, bai jendearekin bai gizarte eragileekin.
Aurreikusi bezala, gero eta gehiago ari zaio begiratzen ETAren azken komunikatuari. “Borroka” hitzaz egiten duen erabilerak iruzkin ugari (Imanol Murua, Iñaki Aldekoa…) ekarri ditu; indefinizioz erabiltzen ei du borroka hitza. Tasio Erkiziari, antza, garrantzitsua iruditu zitzaion “borrokaz” berak zer ulertzen zuen adieraztea eta luze jarduen zuen horri buruz urtarrilaren 20an Gara-n idatzitako artikuluan. “Borroka da bide bakarra” oihukatzen da manifestazio askotan, gazteen aldetik bereziki. Askok ulertzen du borroka armatuari egiten zaiola erreferentzia horrekin eta Erkiziak zehaztu beharra ikusi bide zuen: borroka bai, baina borroka molde ugari aipatzen zituen eta instituzionalari lerro ugari eskainiz gainera. Urteetan HBko kargu publikoek egindako lana eta estiloa goraipatzen zuen. Eta bazirudien garai hura ezagutu ez zutenei zerbait azaldu nahi ziela.
Bada berrikuntzarik ETAren agirian
2010-01-18 // Nazioartea, Politika // Iruzkinik ez
(ARGIAko 2215. zbkian argitaratua)
ZUHUR eta ezkor hartu da ETAren azken komunikatua, ez ei du borroka armatuaren amaiera iragartzen, ETAren aldetik interesatzen den komunikatu bakarra “armak noiz eta non utziko dituen iragartzen duena da” eta gisakoak errepikatu dira beste behin ere. Eta bai, ETArekin zuhur ibiltzea da logiko eta zentzuzkoena; ez da samurra bere komunikatuak interpretatzea eta, egiazki, euskal gizarteak borroka armatua behin-betiko utziko duela entzun nahi du. Bai, pentsatzekoa da ETAk ez zuela esperoko agiri hau etxafuegoekin hartuko zenik.
Baina komunikatuan berrikuntzarik ez ikustea, hori bai dela interesatua. Ikuspegi ahalik eta objektiboenetik begiratuta, berrikuntzak begi-bistakoak dira, bai hizkuntzan, doinuan eta batez ere edukian: argi eta garbi adierazten du bat egiten duela Altsasuko Adierazpenarekin, honek esan gura duen guztiarekin.
Gero hori guztia beteko duen ala ez, bada, batek daki, Anoetako prozesuarekin ere ados zegoela argi utzi zuen bere garaian –oraingo agirian ere errepikatu du– eta denok ezagutzen dugu ondoren gertatutakoa. Erabat harrigarria egiten da Loiolan erdietsitako akordioak atzera botatzea eta orain berriz gisa honetako prozesu bat abiaraztea. Izango dira oraindik publikoki ezagutzen ez diren klabeak, eta ez ninduke harrituko horietako batzuk ENAMen batasun eta zatiketa kontuekin zerikusirik balute.
Hau da, eta azken agirira itzulita, ETAk sinesgarritasun arazo handiak dituela bai, eta eltzea sutan frogatzen dela ere bai, baina komunikatu honetan berrikuntzarik ez dela ikustea… hori itsuarena egitea da, edo bestela, lehenxeago esan bezala, oso interesatua eta usain txarrekoa euskal gizartearen gaur egungo bake nahiekiko.
Urrats oso garrantzitsua da Altsasukoa, batez ere baldintzarik jartzen ez duelako eta Mitchell printzipioak onartzen dituelako. Hauek, laburtuz, honakoa diote.
– Gatazka politikoak bide baketsu eta politikoetatik konpondu behar dira.
– Talde paramilitarrak desarmatu.
– Desarme batzorde batek desarmea egiaztatu ahal izatea.
– Indarra erabiltzeari uko egitea, eta norbaitek erabiltzen badu horren aurka agertzea.
– Alderdien arteko negoziaketaz lorturikoa bultzatzea eta bakarrik bide demokratiko eta baketsuak erabiltzea adostasunean ez dauden puntuak aldatzeko.
– Heriotzak eta zigorrak geldiaraztea.
Azken hilabeteetako nahasmena ikusita, ETAri eskatzen zitzaion bere jarrera agertzea. Erakunde honek esan du orain ados dagoela goiko lerroetan esaten den guztiarekin, eta alderdi politiko gehienek diote hor ez dagoela berrikuntzarik?
Noiz gertatu da, bada, horrelakorik ETAren historian? Egia da aurretik ere su-etenak eskaini dituela, baina ez Mitchell printzipioen planteamendupean.
Batasunako buruzagiek “prozesu demokratiko” hau agertu zutenean ere berrikuntzarik ez zegoela aipatu zen oso modu zabalean. Gerora, apurka, hasieran emandakoa baino garrantzi gehiago aitortzen joan dira eragile politikoak. Honekin berdintsu gertatuko dela aurreikus liteke.
Baina, eta orduan Portugaleko mugako leherkarien mugimenduak? Aitortu behar da ez dela oso bateragarria Mitchell printzipioekin bat egin eta halako mugimenduetan aritzea. Bitxia da, halaber, printzipio horiek onartu eta borroka armatuaren amaiera ez iragartzea. Baina pentsatzekoa da baita ere, oraingoa bide armatua alboratzeko benetako azken saioa bada, logikoa dela ETAk armekiko adioa kudeatzea eta urratsak “prozesu demokratiko” horren komenientzia politikoaren arabera bideratzea.
HAITI-KO HONDAMENDIAK, eta, batez ere irudiek, dantzan jarri dituzte Mendebaldeko herritarren kontzientziak. Eta karitatea eta justiziaren arteko eztabaida berriz geratu da agerian, aspaldian ez bezalako indarrez. Milaka hildakoak itoginaren gisan ematen badira, urteetan zehar, berdin da. Lurrikara eta irudiak behar dira asaldatzeko eta kontzientziak astintzeko. Gure “lehen mundu” honen hipokrisiak gaindiezina dirudi. Une honetan, dena den, eta haitiarren larrutan jarrita bederen, hausnarketa gutxi eta egin asko, hori da laguntzak eta elkartasunak eskatzen dutena.
Euskalerria Irratiaren lizentziena di-da ulertzeko
2010-01-11 // Hedabideak, Nazioartea // Iruzkinik ez
Gaur goizean aritu naiz ARGIArako nire asteroko kronika idazten eta, besteak beste, Euskalerria Irratiaren aferez jardun dut. Nola 30.000 euroko zigorra jarri dion Espainiako Industria Ministerioak lizentziarik gabe aritzeagatik, irrati instalazioak debekurik gabe jartzeagatik eta interferentziak sortzeagatik. Irratiko arduradunek lizentziarik gabe aritzearena bakarrik onartzen dute, baina argi da isuna Nafarroako Gobernura desbideratu beharko litzatekeela, bistan da zergatik. Besteak beste, irrati horretan ibilitako Kike Diez de Ultzurrun kazetariak 2006an ARGIAn idatzitako artikulu batean oinarritu naiz. Euskalerria irratiko lizentzien afera bapo eta labur azaltzen du eta iturburua ere bai, hona artikulua:
Euskalerria Irratia
Kike Diez de Ultzurrun
Urak bidea egin du Euskalerria Irratiak bere lehendabiziko irratsaioa aireratu zuenetik, 18 urte joan baitira 1988ko azaroaren 7 hartatik hona. Lizentziarik gabe ekin zion lanari eta lizentziarik gabe dirau, baina legezko aitorpen hori hurbilago dateke epaileek eman berri duten epaiaren ondotik. Egia erran, inork Iruñeko irratiari buruzko historia idatziko balu, Nafarroako politikagintzan azken 20 urtean gertatu direnak eta ez direnak moldatu beharko lituzke paperean, bai eta gure herrialdeko agintaritzak izan duen ezaugarri nagusia azaleratu ere, hots, ustelkeria. Izan ere, irratia lanean hasi zen, Gabriel Urralburuk azpiko dirua esku-beteka kolkoratu zuen urteetan. Bada, Urralbururen eta eskuindarren buruzagi Aizpunen arteko tratuak zokoratu zuen Euskalerria Irratia 1990eko irrati-lizentzien banaketatik. Ustelkeria nabarmena izan zen hura. Auskalo noren esku dauden orain urte hartan lizentziak eskuratu zituzten bi irrati-proiektuak. Nik dakita nolako bide bihurriak ibili dituzten urte horietan guztietan. Hori bai, bide guztiak sasiko, legezko iduri. Konparazio batera, baimen horietako bat Radio Blanca izenekoari eman zioten. Inoiz izanik gabeko izenik izan bada, horra Radio Blanca. Ez zuen sekulan irratsaiorik aireratu eta, garai hartako prentsaren arabera, lizentzia berehalako batean saldu zuten 70 bat milioi pezetan. Gauza bera egin zuten Espainiako Estatuko hogeiren bat probintziatan. Atera kontuak Felipe Gonzalezen alderdiak azpitik feriatu omen zuen dirutzaren zenbatekoaz.
1998an, Miguel Sanzen agindupean ari zen Angel Sanz Bareak -lehengusuak dira- baimena ukatu zion Iruñeko euskal irratiari. Aldiz, Opus Deiren Unibertsitateak eta NET-21 izenekoak eskuratu zuten lizentzia bana. Teknikarien mahaiak emandako puntuazioaren arabera, Euskalerria Irratia zegoen lehenbiziko tokian, baina orduantxe, Sanz Bareak eskua sartu, bere kolkotik asmatutako irizpideak erabili, hasierako sailkapena itzulipurdikatu eta Euskalerria Irratia hirugarren tokian utzi zuen, hau da, lizentziarik gabe. Epaileek orain erran dute Sanz Barearen jokabide hura legez kontrakoa izan zela. Izan ere, epaileek berek eskaturik, hiru txosten egin dituzte hiru adituk -proiektuen alde ekonomikoaz, teknikoaz eta kazetaritzakoaz- , eta hirurak izan dira euskarazko irratiaren aldekoak. Ondorioz, 98ko banaketa baliogabetu dute. Epaile jaunek, ordea, ez dute haratago jo. Hau da, ez dira aferaren muineraino iritsi: zergatik jokatu zuen Sanz Bareak horrela? Zergatik hankaz goratu zuen teknikarien mahaiak emandako sailkapena? Bada, Euskalerria Irratia lizentziarik gabe uzteko. Baina epaileek ez ikusiarena egin omen dute. Epaileentzat, Sanz Bareak ez zuen gibel-asmoz jokatu. Okertu egin zen bai, baina ez asmo txarrez, borondate onez baizik. Ondorioz, ezin deus egin bide penalez Sanz Barearen aurka, ezta Gobernuaren aurka ere.
Azken finean, afera horren haritik, Euskalerria Irratiak Nafarroako egungo estatusaren hiru oinarri topatu ditu bidean: UPN, Opus Dei erakundea eta Diario de Navarra, hots, NET-21 irratiaren jabea, gaur egun. Egia erran, egunkari horrek manupean ditu, aldez edo moldez, Nafarroan ari diren gaztelaniazko komunikabide gehienak. Nafarroako informazio osoa galbahetu nahi du eta informazioa kontrolatzeko goseak ez du mugarik. Hori dela eta, laster hitzarmena eginen du sozialisten inguruko PRISA komunikazio enpresarekin, zertarako eta PRISAk Iruñean duen Canal 4-Localia toki telebistako albistegi erregionalez jabetzeko.
Horra berriz ere eskuindarren eta sozialisten arteko hitzarmena, non eta Nafarroan, Nafarroan baizik ez. Hori guztia jakinda, ezin igarri zer ekarriko dion etorkizunak Euskalerria Irratiari, baina frogak mahai gainean, eguneroko lan oparoak bultzaturik, entzuleriak hats emanik, Iruñeko irratiak ekarpen handia eginen dio Nafarroako etorkizunari, herrialde honetako botereari darion ustel urrina begien bistan jartzeagatik.
“Euskara”-ren lekuan “abertzale” irakurtzen du UPNk
2010-01-11 // Hedabideak // Iruzkinik ez
(ARGIAren 2014. zbakian argitaratua)
Euskalerria irratiak egoera larriari egin beharko dio aurre ostera ere. 30.000 euroko isuna jarri dio Espainiako Industria Ministerioak lizentziarik gabe emititzeagatik, irrati-instalazioak baimenik gabe jartzeagatik eta interferentziak sortzeagatik. 30.000 euro asko da estu dabilenarentzat, baina larriena irratiaren aurka bere sorreratik dagoen jarrera da. Eta orain gainera, isunaz gain mehatxu berri bat, lizentziarik ez duten irratiak legez itxi nahi ditu Espainiako Gobernuak. (gehiago…)
Urte berrirako ametsa
2010-01-04 // Politika // Iruzkinik ez
(ARGIAren 2213. zbakian argitaratua)
ENAMeko ezker abertzaleak eztabaida prozesu interesgarria amaituko du hilaren hondarrean. Funtsean borroka armatuaren amaiera dago ezbaian, eta bada arrazoirik etorkizunari esperantzaz begiratzeko. Historikoki ENAM osoak modu bateratuan eman ditu bere urrats estrategikoak eta oraingoan ere molde horretan hartu dira erabaki nagusiak. Zatiketa saihestea izan da eta da ezker abertzalearen barruan dagoen kezka eta ardura nagusietakoa, egin beharreko bide berria “denek elkarrekin” egitea. Eta oraingoz bederen denak adierazten du lortzen ari dela. Hori bai, pentsa liteke, halaber, kostako zaiola eta beharko duela laguntzarik.
Hau prozesua da, “prozesu demokratikoa” eztabaidarako txostenak izendatzen duenez, eta edozelako prozesutan atzera eta aurrera egin liteke. Kasu honetan ENAMek bere osagaiak jarri ditu mahai gainean: bide politiko soilen erabilera eta prozesu soberanista batetik, eta eman beharreko urratsetan aldebakartasuna eta Mitchell printzipioak. Hau da nik ulertzen dudana: ez da baldintza zehatzik jartzen borroka armatua alboratzeko, eta bide horretan ezker abertzaleak bere erabakiak hartuko ditu Estatuaren erreakzio positiboei itxaron barik. Hala ere, hau prozesu bat da, eta prozesu guztiek atzera eta aurrera egin dezakete. Eta hor bai, atzera-aurrera horretan bai eragin dezakete euskal politikako gainerako eragileek.
Espainiako Gobernuaren eragin asmoa, esate batera, agerikoa da. Hori bai, bere modura: mugimendurik esanguratsuenak prozesu hau gidatzen ari ziren buruzagien atxiloketa (Otegi, Diez…) eta Segiren aurkako operazioa izan dira. Eta etorriko direnak. Helburua? 50 urteko borroka armatuaren bukaera ez dadila izan ENAMen hausnarketa eta erabakiaren ondorio, eta birmoldaketa hori ez dadila kapital politiko gisa baliatu indar soberanisten metaketan. Bestela esanda, ea lortzen duen zatiketa eta gutxiengo batek borroka armatuarekin jarraitzea. Irudika al daiteke edozelako bilgune burujabe zalerik edo bake prozesurik gutxieneko batek atentatuekin jarraitzen duen bitartean? Ez. Hori da, beraz, Estatuak bilatzen duena.
Burujabetza bilgune berri horren osagai izan daitezkeen indar sozio-politikoek ere eragin dezakete irakinaldian, zalantza barik, ekimena indartzen den neurrian, abertzaleen aldarrikapen historikoari bide emateaz gain, armen bidea behin-betiko atzean uzten laguntzen delako.
Eta Batasunaren jokaerak berak ere eragingo du, jakina. Alde horretatik, bada argi-itzalik. Argien artean da azken hilabeteetan gauzatzen ari den prozesua; itzalen artean egon liteke indar metaketa horretan abanguardiaren gerizpe zabala hedatu gura izatea. 50 urteko historian abanguardiaren ikusmoldea erabakigarria izan da ezker abertzalean eta garai berrietan tentaldi horretan erortzea izan liteke Batasunak egin dezakeen akatsik handiena. Hor dago koska, nola orekatu ibilbide luzean metatutako kapital politikoaren indarra eta lidergo egokirako behar den eskuzabaltasuna.
Ez, ez da txantxetakoa Batasuna egiten ari dena eta prozesu hori arrakastaz amai dadin ahalegin hori eskuzabaltasunez eta erantzukizunez lagundu behar da; bai euskal gizartearen bake nahiak hala eskatzen duelako, bai biolentzia politikoaren garaia behin-betiko atzean uzteko aukera berri baten aurrean gaudelako.
ENAMek baditu sinesgarritasun arazoak, Lizarra-Garazi eta Loiolako prozesuez egindako kudeaketatik datorkio urratsez urrats gainditu beharko duen langa hori. Gizarteak ulertzeko moduko ikuspegi autokritikoak biziki lagun diezaioke horretan. Baina eragile sozio-politiko nagusiak ezin dira horretan ezkutatu prozesu honetan ezikusiarena egiteko. Bestela, bota dezala lehen harria sinesgarritasun arazorik ez duenak. Ez da kontua, alabaina, sinesgarritasunari buruzko ikerketa konparatiborik egitea, kontua gatazka bortitza behin betiko gainditzea da. 1-10 eskalan ez dakit non gauden, baina bai aukera txikiena baliatu eta bultzatu behar dela. Jarrera inozoa izan liteke, baina inozoena eta koldarrena berdin segitzea da.
Gatazka honetan eroso dagoenak bakarrik egin lezake ezikusiarena. Nekea eta desinformazioaren ondorioz, halaber, euskal gizartean bada itsututako herritar multzo zabala. Batasunak berak jokatu behar du informazioaren karta hori. Legez kanpo izanda ez da samurra, bistan da, baina baditu bideak.
Akusazioen lehen urratsak ahul
2009-12-26 // Euskara, Hedabideak, Politika // Iruzkin bat
(ARGIAren 2112. zbkian argitaratua)
Madrilen bakarrik ziren Egunkaria auziko auzipetuei elkartasuna ematera joandako euskaldun ugariak. Eta asko ziren, baina Madrilen txiki eta bakarrik. Ez dut katalan, madrildar eta bestelakoen urrezko elkartasuna gutxietsi gura, baina hala ere, Madrilen bakarrik. Bestelakoa da Euskal Herrian, elkartasuna eta sostengua itzelak dira bertan, eta berotasun hori Auzitegi Nazionaleko aulkira eramatea asko da auzipetuentzat. Ohikoan, hango atari eta korridoreetan elkartasun irribarre bakarra ere bihotzera sartzen da. Eta eguna joan, eguna etorri hori da ohikoa Auzitegi Nazionalean. (gehiago…)
Egunkaria auzia eta Guardia Zibilaren itzal luzea
2009-12-14 // Politika // Iruzkinik ez
(ARGIAren 2211. zkian argitaratua)
EGUNKARIA AUZIAREN azken ordua iritsi da, honek jarrai zezakeen modurik okerrenean, ahozko auziarekin. Ikaragarria da fiskalak berak auziaren artxibatzea eskatzen duenean auziak aurrera egitea. Ikaragarria auzipetuetako bakoitza nor den eta zertan aritu den jakitea eta orain Auzitegi Nazionaleko aulkietan ikustea, ETAko kide edo laguntzaile izatearen akusaziopean. Espainiaren defizit demokratikoaren irudi indartsuena bere auzitegiek eskainitako hau. (gehiago…)