Casa Pound: modan dagoen ultraeskuina
Ultraeskuin historiko ortodoxoarekin harremanik ez duen erakunde bat garatu da Italiako geografian zehar azken urteetan. Italiara etorri aurretik banuen “Casa Pound”en berri, baina hona iritsita ohartu naiz talde honen indarraz eta arriskuaz. Italia iparraldeko hiri ugaritako pareta eta unibertsitateak beraien aldeko eta aurkako pintadaz josita daudela ikusi ostean…

2008tik aurrera “Casa Pound Italia” izenpeko kanpaina jarri zuten martxan Erromako esperientziari proiekzio nazionala emanez.
Zer da Casa Pound?
Mugimendu hau bere hastapenetatik saiatu da ultraeskuineko beste taldeetatik (Forza Nuova…) aldentzen. Arlo ideologikoan antzekotasunak ditu ultraeskuin tradizionalarekin (homofobia, arrazismoa,…) baina bere jardun politikoan praktika erabat berritzailea jarri du martxan mugimendu faxistak. “Okupazioa eta autogestioa” bezalako aldarriak bere egin ditu mugimenduak. Italiarrentzat proiektu sozial eta urbanistikoa jarri dute oinarrian. Hainbat etxe huts okupatu eta konpontzen dituzte beraien jarduerak egin eta Italiako familia txiroei bizitokia eskaintzeko.
Lan sozial eta gertutasunezko izaera hori izan al da beraien arrakastaren funtsa? Izan liteke, baina zer dago egiazki “Casa Pound”en atzean? Mugimenduaren hedapena ulertzeko historiari begiradatxo bat emango diogu.
Ideia eta erakundearen sorrera:
Mugimendua Italiako 90. hamarkada nahasian hasiko da egituratzen. Eskuineko hainbat zirkulutako gazteria Erromako Cutty Sark pub historikoan elkartzen hasi zen momentu berean. Baina erakundearen sorrera ezin da ulertu “Zetazeroalfa” Rock Patriota delakoaren barruan kokatzen den musika taldea aipatu gabe. Musika taldeak bere letra eta mezu ultraeskuindarrekin “Cutty Sark”eko gazteria homogeneizatu zuenean hasi zen ibiltzen “Casa Pound”. Skrewdriverrek 80. Hamarkadan Ingalaterrako eszenan suposatu zuen haustura oroitarazten dit.
2002ko uztailean egingo du taldeak bere lehen ekintza, Erromako Via Taberina 801-eko etxe huts bat okupatu ostean. “Okupazioa eta autogestioa Italiako ezkerraren tresnak zirenaren ideia suntsitu genuen” zioen Zetazeroalfako kantari eta “Casa Pound”eko lider den Gianluca Iannnok.
Baina proiektu urbanistiko autogestionatua zenari, berehala eman zioten kutsu edo izaera politikoa, betiere faxismoaren oinarrietan finkatutako mezu argiarekin. Denborarekin mugimenduak “etxe sozial” gehiago irekitzea lortu zuen, tartean ziren Casa d´Italia Parioli edo Casa d´Italia Etorrino. Urtebete beranduago irekiko zituzten Area 19 eta Il Circolo Futuristad´Casal Corleone. Faxismo berri honen hedapenak asko okertu zuen giroa Italiako hiriburuan. Hainbat hitzaldi eta mobilizazio arrazista eta homofoboren ostean mugimendu antifaxistak aurre egin zion olatu ultrari, gaur arte.
“Casa Pound”ek egiazko mugimendu soziala kolpatzen jarraitzen du eta ezkerreko militanteen aurkako erasoak sistematikoak dira, batez ere ikasle mugimenduan. Mugimendu antifaxistak beraien aurka egindako ekintzarik esanguratsuena Cutty Sark aretoaren aurkako erasoa izan zen, militante anonimo batzuk lehergailu bat jarri ostean. Ekintzak ordea, ez zuen ultraeskuinaren oldarraldiarekin amaitzea lortu.
2006an emango dute hurrengo pauso garrantzitsua, Fiama Tricolore alderdi neofaxistarekin hauteskundetara aurkeztea erabaki ostean. Fiama Tricolore, Movimento Sociale Italiano alderdiaren eszisio bat da. Alderdi honek bere euro eszeptizismo sozialaren azpian Italiako mezu faxistarik gogorrena aldarrikatu izan du maiz. Esperientzia elektoralak gutxi iraun zuen, Fiama Tricolorek Ianno kanporatu ostean.
Orduz geroztik bakarkako jardueran dihardu mugimenduak. 2008tik aurrera “Casa Pound Italia” izenpeko kanpaina jarri zuten martxan Erromako esperientziari proiekzio nazionala emanez.
Zertan da gaur egun mugimendua:
Bere garapenaren ondorioz askapen mugimendu eta mugimendu sozial askoren etsai nagusienetako bat bilakatu da. Amaraun faxista handia egituratu dute, horren adibide beraienak diren 5 liburutegi, 20 pub, 8 kirol elkarte, “Radio Bandiera nera” izeneko irratia eta internet bidezko Tortuga TV telebista. Geroz eta leku gehiagotara iristen ari dira. Azken egunotan “Casa Pound”ekin lotura duen “Blocco Studentesco” izenekoak, hainbat eraso egin ditu Italiako unibertsitate desberdinetako ikasle mugimenduko hainbat kideren kontra. Argi dago “Casa Pound”en bidez Italiako ultraeskuinak kalean egotea lortu duela. Geroz eta zailtasun gehiago badituzte ere, arazo larria suposatzen dute Italiako kultur aniztasun, sexu askatasun eta bizikidetzarentzat.
Mugimenduaz gehiago jakin nahi izanez gero, ikusi bi bideo hauek.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks