Gizartea

Mundu ikuskeraren eraldaketa

Thomas Mukoya - Reuters

Egun batetik bestera jazotzen diren gertakariek ezinbestean baldintzatzen dituzte hamarkada eta mende luzeetan zehar gizartean errotutako ohiturak. Ondorioz, bat-batean, buruan barneratutako irudi arruntenak arrotz bilakatzen dira, aurretik ezagututako guztia kolokan jarriz.

Denbora luzez errituen iraupena ziurtatzeko, sinismenean aurkitzen da gakoetako bat. Belaunaldiz belaunaldi usadioek partekatutako ezagutza eta bizipenez elikatzen da sinismen zintzoa. Kenian, Kajiado konderriko Maparasha kolonietan Matapatoko Masai gazteak “Olng´esherr´” desfilean parte hartzeko pilatzen dira. Izan ere, desfile horretan parte hartzeak gazte bizitzatik helduarora igarotzeko hiru errituetako bat suposatzen du bertako biztanleentzat.

Chaideer Mahyuddin – AFP

Ekialdera jo eta Indonesiako Banda Aceh hiriari erreparatuz gero, ikasturte amaiera guztietan errepikatzen den irudi klasikoa ageri da argazkian: ikasleen graduazioa. Kasu honetan, farmaziako ikasleen promozio honetan, graduazioko kapelez gainera, mundu osoko gizartean azken hilabeteetan protagonismoa irabazi duen ezinbesteko elementua hori ikus daiteke, hau da, euskaraz maskara edo musuko gisa ezagutzen duguna. Hain zuzen ere, oraindik mundu mailan eragina duen osasun krisialdiak gizartean ia aldaketarik gabe urtez urte errepikatzen diren irudiak eraldatzeko gaitasuna duela erakutsi du.

Charly Triballeau – AFP

Irudiek, iraganeko momentuak gogora ekartzeko ahalmenaz gainera, askotan oharkabean begien aurrean igarotzen diren momentuko errealitateak islatzeko gaitasuna dute. Orain dela hilabete batzuk distantziak gordetzen ez zituzten jendetzak erakusten edo besarkada, musu edo laztan arrunt bat bezalako keinuak harrapatzen zituzten irudiek ez zuten gugan aparteko harridurarik eragiten. Pandemiak ia konturatu gabe mundu ikuskera aldatu digu eta, egun batetik bestera, Tokioko Senjoi tenplua bisitatzen ari den pertsona multzo honen argazkia antsietatea edo segurtasunik eza bezalako sentimenduak helaraztera pasa da.

Pawan Sharma – AP

Era berean, irudi ezohiko eta ia bakanak sortu dira pandemiaren ondorioz. Agrako Taj Mahal tenplua sei hilabetez itxita egon da Covid-19ak eragindako mundu mailako pandemia dela eta. Ondorioz, itxialdiak goizean goiz tenpluan erratza pasatzen duen gizon honen irudia bezalako ohiz kanpoko irudiak sortu dira. Normalean turisten pilaketak eta iskanbila nagusi diren tokietan, lasaitasuna eta bakea nagusitu dira historian behintzat hilabete gutxi batzuetan zehar.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.