Gizartea

Hizkeratik pandemiara

Antonio Masiello (Getty Image)

Urte batetik bestera asko dira gure eguneroko hiztegira batzen ditugun hitz, esaera edo kontzeptu berriak, bien bitartean, beste zenbait esamolde ahaztutakoen bazterrera kondenatuak diren bitartean. Hautu hori modu natural eta ia oharkabean gertatzen dela esan daiteke, bizitzako lehentasun eta kezkak aldatzen diren heinean. Pandemia, Koronabirusa, FFP2, antigorputz, antigeno, PCR, positibo, intzidentzia tasa, konfinamendua, itxialdi perimetrala, etxeratze agindua, … orain dela urtebete gizartean orokorrean esanahi ezezaguna edo guztiz ezberdina zuten hitzak ziren. Urte baten ostean, bizitza goitik behera aldatu zaigun honetan, hitz horien konbinazio ezberdinak inoiz ezagutu nahiko ez genukeen errealitate eta amesgaiztoko protagonista bihurtu dira.

Hiztegia aldaketa hori, oro har, gizakion bizi-ohituretan izandako erabateko aldaketaren erakusle zuzena da. Besarkada, musuak, zein edonolako laztanak pandemiarekin egun batetik bestera gizakion bizitzetatik ezabatuak izan dira. Horrela, hurbiltasun, maitasun edo babes keinuak izan beharrean, jarrera arriskutsu eta ezegokiak izatera pasa dira, babes eta elkartasun gehien behar den uneetan segurtasuna lehenesteko. Dena den, Erromako Villa Sacra Famiglia egoitzan ateratako argazki honek erakusten duenez, hurbiltasun sentsazioa berreskuratzeko formula berriak asmatu ditu jada gizakiak. Plastikoen hoztasun eta pantailen zurruntasunaren gainetik, ama eta alaba baten arteko besarkadak berotasuna transmititu dezakeelako.

Lluís Gené (AFP)

Zorigaitza jada alboko herrialdeetatik ate-joka ari zenean ere, inork gutxi aurreikus zezakeen birus batek egun gutxi batzuen buruan  munduko ordena noraino eraldatu zezakeen. Izan ere, pertsonen zirkulazio askea debeku izatera pasa zen eta pandemiaren zabalpena ekiditea ahalbidetzen zuten  gel hidroalkoholikoa, eskularru edo musukoak munduko populazioaren zati txiki batek soilik eskura zitzakeen ondasun preziatuan bihurtu ziren. Gaur egun oraindik kalera irtetea, aire freskoa arnastea eta pertsona maitatuez inguratua egotea gutxi batzuen esku dagoen pribilegioa izaten jarraitzen du eskoratzat. Argazkian Marta Pascualek Bartzelonetako hondartzako pasealekuan senide, bizilagun eta osasun arloko langileez inguratuta dago, Koronabirusari aurre egiten laguntzen ari dion “Hospital del Mar” osasun-zentroaren aurrean minutu batzuetako iraupena izango duen “askatasunaz” gozatzen du .

Afolabi Sotunde (Reuters)

Une batez, munduko bolaren iparraldeko hemisferiotik hegoaldera salto eginez, irudi zeharo ezberdinak ikus daitezke pandemia testuinguruan egonda ere. Hain zuzen ere, irudi horiek mundua bitan banatzen duten injustizia, desoreka eta eskubideen urraketa agerian uzten dituzte. Nigerian atxilotutako 279 neskatoen askapen unean hartutako irudiari erreparatzea nahikoa da, norbanakoak gaitzetik babesteko ezinbestekoak diren maskarak soilik gutxi batzuen eskura daudela ikusteko. Hortaz, pandemiak mundu mailako desoreka berdindu ordez, desberdintasunak are gehiago areagotu ditu. 

Dimitri Lovetsky (AP)

Bien bitartean, pandemiaren une latzenetan zein datuen hobetzeak behingoz lasaiago arnasteko aukera ematen dutenean ere, pandemiaren zabalpena ekidin eta hildako edo kaltetuen zifrak ahal bezain beste murrizteko lanean diharduten profesionalen lanak ez du etenik. Errusiako Sortavalako ospitale batean ateratako argazkia hau une honetan munduko edozein bazterrean ateratako izan daiteke, desoreka ekonomiko edo osasun materialen  gabeziak gehien kolpatutako munduko herrialdeak kenduta.  Azken urtean zehar asko hitz egin da osasun sistemaren erorketa saihesteko lan egiten duten profesionalen inguruan, neke fisiko eta psikologikoa gaindituz aurrera jarraitzen baitute. Dena den, ez da ahaztekoa pandemiaren ondorioak gutxitu eta inoiz egoeraren erabateko kontrola posible izan dadin, bestelako profesional zein gizaki ororen elkarlana ezinbestekoa dela Covid-19 hitza bazterrean erabili gabe gelditzen den iraganeko hitz horietako batean bihurtu dadin.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.