Xenofobia mugazain

Nazioarteko Errefuxiatuen munduko eguna izan berri da. Munduan barrena herri mugimenduek migratuekiko babes handiagoa eskatu dute, baina egunotako albisteak kontrako norabidean etorri dira: Italiak eta Maltak lehorreratzea ukatu diote 230 iheslari daramatzan barkuari, Mexikoko mugan haurrak gurasoengandik bereizten dituzten neurriak AEBetan, Espainiako Estatuan 769 pertsona zeramatzaten 25 txalupa erreskatatu zituzten egun bakar batean larunbatean, errefuxiatua laguntzen duenari espetxe zigorra Hungarian, eta Donostiako bus geltokian Mali eta Gineako 46 lagun agertu dira non zeuden ere ez zekitela. Gogorrena, ordea, Europar Batasunetik datorkigu: migratuentzako zentro itxiak –deliturik egin ez dutenentzako espetxeei deitzeko era modernoa– eraikitzea aztertzen ari dira. Eskubide urraketa sistematikoengatik Espainiako Estatuan hainbeste kritika sortu dituzten CIES guneak, orain Europako mugetatik kanpo ere ezarri nahi dituzte. Azala zuri edo poltsikoa betea ez duen izenik gabekoari atea itxi nahi diote, atzeko atetik, ezari-ezarian, xenofobia etxe barruan goxo hartzeko. Irudian, Bern O’donghue artistak Iruñeko udaletxe aurrean paperezko txalupa andana paratu ditu, 2017an Mediterraneoan hildako 3.139 pertsonak gogoan.

Argazkia: Ekinklik kolektiboa
Testua: Axier Lopez

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.