Ehunka ikurriñak desfilatu dute ekainaren 7an Bilbon, Gure Esku-k deituta, “Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki” lelopean. Bezperan, zesta puntako euskal selekzioek Nazioen Ligako finala jokatu zuten Gernikan, ofizialki lehenbizikoz, gizonezkoek Frantziaren eta emakumezkoek Espainiaren aurka. Sinbolismo handiko partidak biak, sari banaketak argi erakutsi zuenez: biharamunean Bilbon ikusiko ziren “Euskal Herriak erabaki” zioen ikurriña mordoa publiko artean, txalo zaparrada pilotarientzat, eta txistuak espainiar ereserkiarentzat. Lau pilotariak euskaldunak, Berriatuakoak euskal selekziokoak, eta Markinakoak espainiar selekziokoak. Zortzi bat kilometro izango dira euren sorterrien artean. Mundu bat. “Pilota gailendu zaio politikari”, edota, nola ez, “politika eta kirola ez dira nahasi behar” aldarri klasikoak entzun izan ditugu egunotan. Selekzio nazional batekin ala bestearekin jokatzeak, erabakia ulertuta ere, karga politikorik ez balu bezala. Ekainaren 8an Martin Zubimendi eta Mikel Oyarzabal Espainiako selekzioko futbolariek gol bana sartu dute Portugalen aurka. Golak ospatzea erabaki du euskaldun askok.
Argazkia: Aritz Loiola – Foku
Testua: Jon Torner