Egunotan sarean Katmandu bilatuz gero, gure inguruko hedabideetan agertuko zaizuen albiste bakarra da ondokoa: “Balentria Everesten: alpinistek gailurrera iristeko bide bat ireki dute berriro”. Argazkikoaz arrastorik ez: Nepalgo Gobernuak Katmanduko ibarran milaka pertsonari etxea suntsitu die. Asentamendu horiek lurrik gabeko familien, migratzaile klimatikoen eta langile-klaseko komunitate askoren etxea izan dira belaunaldiz belaunaldi. Indarrez lekualdatu dituzte eta batzuk aldi baterako harrera-zentroetara eraman, etorkizun hurbilerako plan zehatzik gabe. Hango aktibistek ohartarazi dute harrera-zentro horiek gainpopulatuta daudela eta ez dutela segurtasunik bermatzen, indarkeria, abusuak eta sexu-esplotazioa jasateko arriskua biderkatzen dutela bereziki emakume, nerabe, haur eta LGBTQIA+ pertsonentzat. Nepalgo elkarte batzuen kontaketaren arabera, lurrik gabeko familien kopurua 1,5 milioi ingurukoa da herrialdean. Baina, tira, goazen mamira, aste honetatik aurrera haien mendi garaienera igo eta selfie bat ateratzeko bidea libre dugu.
Argazkia: Narendra Shrestha / Efe
Testua: Axier Lopez


